iritzia
Aktibi...zer?
Mikele Landa
Fred Clark eta Dwight Ozard soziologoek Ilinoisko Cornestone Festibalean erabili zuten lehen aldiz. Gazteriaren pasibotasunari eta mundua eraldatzeko tresnei buruz berbetan ari zirela. Alferra esan nahi duen ingelesezko slacker esamoldea eta aktibismoa batu zituzten hitz berria osatzeko. Esfortzu, indar eta ahalegin gutxi eskatzen duen ekintzailetasunari egiten dio erreferentzia slacktibismoak, beraz. Atxikimendu pertsonal mota horrek gizartea eraldatzeko ahalmen praktiko urria izan ohi du. Ekintzailearengan gauzatuz eragin handiena, honek ia esfortzurik egin gabe kausa baten alde zerbait egin duen sentipena eskuratzen duelako. Gakoak norbanakoaren kontzientzia lasaitzean datza.
Supermerkatuan erosketak egitean bi produkturen artean zalantzan egon eta begizta larrosa edukiontzian duena aukeratzen amaitzen duena da slacktibista esate baterako; kontsumitu nahi duen produktua erosteaz gain, bide batez, kausa baten alde egitearen sentsazioa bereganatzen duelako. Esnea edo gailetak bezala kontzientzia garbia ere erosi daitekeelako supermerkatuan.