astekaria 2018/04/20
arrowItzuli

bizigiro

OIHANE ZUNZUNEGI

«Momentuari erreparatu behar diogula jaso nahi nuen»

Urtzi Urkizu

«Momentuari erreparatu behar diogula jaso nahi nuen»

Bost hilabete dira Australian bizi dela, eta jatetxe batean zerbitzari lanetan ari da Oihane Zunzunegi (Galdakao, Bizkaia, 1995).

Australian egonda sari bat eta 1.500 euro jasotzea ez dago batere gaizki, ezta?

Ez! Batere! Sinistu barik nago oraindik. Dirua ikus-entzunezko proiektu berezi bat egitera zuzenduko dut. Hilabeteak dira Nepalen dokumental bat grabatzeko asmoz gabiltzala; azkenean, diruaren kontuagatik beti gabiltza oztopoak aurkitzen, material, banaketa eta bidaia kontuengatik. Dokumentalaren istorioak Samsara Nepal fundazioarekin eta Ear Care Nepal erakundearekin izango du zerikusia. Fundazio horiek istorio berezi bat dute atzetik: bi emakume borrokalariren istorioa, alegia.

Ez da erraza bideo irabazlean, barnetik hitz egiten duzula ematen du. Zure sentimenduak dira bertan jasotzen direnak?

Barnetik hitz egiten ari naiz, guztiz. Hasieran, naturaren eta zibilizazioaren arteko konparazio bat egitea pentsatu nuen, baina, ingeleseko eskolan egiten diren graduazioetan Japoniako lagun batek egindako hitzaldiaren ondorioz —denei bere sentimenduak helarazten—, konturatu nintzen agur esateko garaia heldu zela. Gau hartan, lan egin eta gero hondartzara joan, paper bat hartu eta idazten hasi nintzen. Barnean nuen sentsazio arraro hura hitzetan azaltzea lortu nuela uste dut, eta horregatik erabaki nuen bideoak benetako mezu bat izan behar zuela.

Zertan datza transmititu nahi zenuen mezu hori?

Amaierak edonon daudela, agur esatea zaila dela, eta bizitza orainean dagoela. Ahaztu denbora. Gure bizitzatik igarotzen diren leku, objektu, animalia eta batez ere pertsonek, nahigabe gugan eragiten dute, eta, horri esker, gaur gara garen modukoak. Horregatik, momentuari erreparatu behar diogu. Esan nahi dudana da, adibidez, berdin duela betidanik ezagutzen duzun lagun batekin edo autobusean bost minutuko ezezagun batekin hizketan ari bazara. Berdin da nor, zer edo non: aprobetxatu momentu hori, zabaldu zaitez. Sinple esanda: bizi.

Bizitzan, zer da zuretzat benetan «ez da erraza» esanarazten dizun hori, edo zer da zailena?

Ez da erraza agur esatea, istorio guztiek amaiera bat dutela onartzea. Baina horrek inguruko guztia baloratzera bideratzen gaitu, eta hain da garrantzitsua hori.

Off-eko ahotsa natural entzuten da bideoan. Nahita egin zenuen lokuzioa horrela?

Soinua irudia bezain garrantzitsua da, edo baliteke garrantzitsuagoa izatea. Zerbait goxoa egin nahi nuen, hitz bakoitzari sentimendu bat emanez, pausa edo intentsitate ezberdinak jarriz. Azkenean, abesti edota poema baten antzera, zelan abestu edo irakurtzen den, eragin ezberdinak izan ditzake norberarengan.

Telefonoak kamera oso ona behar al du horrelako bideo bat egiteko?

Ez. Garrantzitsuena zerbait eragitea da, ona edo txarra, baina sentimendu bat probokatzea. Berdin da merkatuko azken kamera izatea edota pixelak ikusten diren telefonoko kamera bat; mezuan dago garrantzia.

Australiako zer tokitakoak dira bideoan ikusten diren irudiak?

Txuri beltzezko argazkiak Surfers Paradisekoak dira, eta kolorean daudenak Springbrook National Park, Tamborine National Park eta Natural Bridge.

BERRIAn argitaratua (2018/04/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA