bizigiro
Itzalpekoak, lehen lerrora
Maialen Unanue Irureta
«Justizia kontu bat da, historia berridazteko den bezala, lehen planora ekartzea bigarren planoan gelditu diren eta modu aktiboan ekarpenak egin dituzten emakumeak», azaldu du Marta Macho Stadlerrek. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakaslea eta ikerlaria da Macho, besteak beste; baita Mujeres con Ciencia blogaren editorea ere. EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren webguneetako bat da blog hori: egunero, hainbat emakumeri buruzko artikuluak argitaratzen ditu Machok, eta, gero, Twitter eta Facebook bidez zabaltzen ditu, @mujerconciencia kontuaren bidez.
«Emakumeen arazo handiena haien aurkako diskriminazioa da edozein lan arlotan: beharbada, eremu zientifikoan beste faktore batzuek ere eragiten dute; esaterako, erreferente faltak». Horixe da, hain zuzen, 2014an bloga abiatzeko izan zuten arrazoi nagusia: Juan Ignacio Perez Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzaileak galdegin zion ea egingarria iruditzen zitzaion.
Maiatzean lau urte egingo ditu emakume zientzialariak lehen lerrora eramaten, hutsuneek egiten duten kalteaz ohartuta. Izan ere, ohartarazi duenez, emakume «gutxi» daude karrera zientifiko eta teknologikoetan: «Ez badaukazu erreferenterik erakutsiko dizunik zientzia eta teknologia zure kolektiboari ere badagozkiela, pentsa dezakezu —neska gazte askok pentsatzen duten bezala— eremu horiek ez dagozkizula». Horregatik, euren lanetan aitzindariak izandako emakumeak eta gaur egun zientzialari diren emakumeak ezagutarazten ditu. «Horrela soilik erakarri ahal izango ditugu zientziara: horregatik da inportantea».
Sare sozialetan bizi-bizi
Sarea du aliatu Machok, jende andanarengana iristeko duen potentzialitateagatik. «Guretzat oso inportantea da emakume hauek eta egin zuten lana ezagutaraztea, eta edozein bitarteko ona da hori lortzeko: inportanteena argitaratzen ditugun artikuluak lantzea da, baina, jendearengana iristeko sare sozialetan mugitu behar badugu, hantxe egongo gara honek funtziona dezan. Eta funtzionatzen du». Izan ere, Machoren esanetan, «sare sozialetan ez dagoena ez da existitzen», eta konturatuta dago zenbat eta esfortzu handiagoa egin bisita gehiago dituztela artikuluek, hau da, jende gehiagorengana heltzen direla.
Bloga Machok berak elikatu arren, ez du hark bakarrik idazten: azaldu duenez, maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, badago elkarrizketak egiten dituen jendea, proposamenak bidaltzen dizkiena, eta Machok berak eskatzen die beste batzuei idazteko. Machok bere gain hartzen du artikuluak sare sozialetan mugitzeko lana. Eta bere denbora libreari zati bat janez egiten du hori guztia, nahiz eta bloga bere lanaren partetzat duen, ikertzaile eta irakasle izateaz gain zientzia gizarteratzen ere lan egiten baitu. «Denbora dezente kentzen dit, baina niretzat aktibismoa delako egiten dut: oso garrantzitsua da niretzat emakumeen lana ikusaraztea oro har, eta, zehazki, emakume zientzialariena». Gainera, Machorentzat garrantzitsua da lan hori egin ahal izatea unibertsitatea atzean duen blog batean.
Non, nola topatu, ordea, historiak eta ikasliburuek euren orrietan ezagutarazten ez dituzten emakume horiek? Asko, Wikipediaren bidez, wikilaria ere bai baita Macho. Beste wikilari baten bidez ikasi du nola bilatu egunero egun bakoitzean jaio ziren eta Wikipedian sarrera duten emakumeen zerrenda. Eta Wikipedian informazio asko dagoen arren, ez dago den-dena: «Egia da askotan biografia oso txikiak izaten direla, informazio gutxikoak, eta argazkirik gabe asko». Hori ikusita, emakumeak euren artean antolatu dira Wikiemakumeok-en moduko proiektuetan, biografia horiek osatzeko eta ez daudenak hutsetik sortzeko: «Emakume sareek funtzionatu egiten dute, oso ondo gainera, eta niri oso baliagarria izan zait haiek ezagutzea». Mentxu Ramilo Araujok sortu zuen Wikiemakumeok egitasmoa, 2015eko azaroan, eta hark sartu zuen Macho Wikipedian.
Badira Wikiemakumeok-en gisako taldeak sarean: Women in Red nazioartean, Wikidonne Italian, eta Viquidones Katalunian, esaterako. Ramilok gutxienez hiru talde jarri ditu martxan Euskal Herrian: Wikipedian egon badauden Euskal Herriko emakumeen biografiak osatzen eta zuzentzen dituzte, baita berriak sortzen ere, euskaraz zein gaztelaniaz. Hilabetean behin elkartzen dira, nork bere kasa baina elkarrekin editatzeko, aldi berean: hiru orduko saioak izaten dira, eta bakoitzean zehazten dute hurrengoa noiz egin.
Aurrez idatzita dagoenaren isla da Wikipedia, Ramiloren esanetan, eta hori arazoa da emakumeen kasuan: «Ezin dugu bertan idatzi aurrez inon idatzi ez den zerbait, eta, gainera, iturriek fidagarriak izan behar dute: ez du balio nik neure blogean idatzitakoak, ez baitute hartzen ez garrantzitsutzat, ez fidagarritzat». Besteak beste, artikulu zientifikoak, hedabideetako albisteak eta instituzioen webguneetako argitalpenak hartzen ditu Wikipediak iturri fidagarritzat. «Arazo handia daukagu horrekin emakumeen kasuan: askotan ez baititu inork ikertu».
Iturrien arazoari «garrantziaren» irizpidea batzen zaio. Ramilok azaldu duenez, liburuzain deiturikoek zehazten dute maiz zer den eta zer ez den garrantzitsua: «Gai oso potoloa da, zeren garrantzitsua eta neutrala zer den erabakitzen duen horrek baldintzatzen baitu zein hartzen diren eta zein ez garrantzitsutzat edo Wikipediara eramateko modukotzat». Eta trabak jarri izan dizkiete: «Zalantzan jarri izan dizkigute ekarpenak egin izan dituzten andreei buruzko artikuluak: liburuzainak esan zigun ez zekiela zergatik baina bazegoela zerbait egokia iruditzen ez zitzaiona. Arazoa ez zen nola zegoen egituratua artikulua, edo zeintzuk ziren iturriak: arazoa mentala zen».
Editoreen soslaia
Beste arazo bat da nork eta zer idazten duen. «Wikipedia gizartearen isla da, eta arrakala izugarria dago editatzen duen jendearen artean: bakoitzaren testuinguru kulturala, arraza, etnia, hizkuntza... Horrek guztiak zer argitaratzen den baldintzatzen du». 2009ko datuak aipatu ditu Ramilok, eta esan Wikipedian idazten dutenak pertsona helduak direla, zuriak, heterosexualak, bikotekiderik eta haurrik ez dutenak. «Pixkanaka, beste historia batzuk kontatzen hasi behar dugu».
Badira adibide gehiago ere. Esaterako, emakume artisten lanak zabaltzen ditu egunero Twitterren @womensart1 erabiltzaileak, eta badu blog bat ere: womensartblog.wordpress.com. Webgune horretan azaltzen duenez, Mendebaldeko artearen historian emakumeak zokoratuak izan dira «sistematikoki», arte feministaren historialariak horri buelta ematen hasi diren arte, XX. mendean. Historia orrietan ez agertzeak ez du esan nahi emakume artistarik egon ez denik, eta, horregatik, artistei buruzko artikuluak, artelanei buruzkoak, emakumeak erakusten dituztenak eta beste jasotzen dituzte webgunean.