astekaria 2018/04/20
arrowItzuli

kirola

Aire berriak euskal selekzioan

Unai Ugartemendia

Aire berriak euskal selekzioan

Sasoiko eta indartsu dago mendi lasterketetako euskal selekzioa. 2018ko proba ofizialetan sartuta dabil martxotik, eta emaitzek agerian uzten dute etorkizuna bermatuta dagoela. Lehiaketa bakoitzean izango diren lasterkarien izenak kontuan hartzekoak dira. Lehen aldaketa nagusia hautatzailearen laguntzailearena izan da: Iban Letamendi. Korrika egiteaz gain, Eneko Aliende hautatzaileari laguntzeaz ere arduratuko da.

Beteranoak ez dira falta: Jokin Lizeaga, Oihana Azkorbebeitia, Hassan Ait Chaou, Aitziber Ibarbia eta lehen aipatutako Iban Letamendi. Gazteek, baina, haize berria emango diote selekzioari.

Munduko Kopan arituko dira aipatutako lehen hiru korrikalariak; beste biak, berriz, Espainiako Kopan arituko diren korrikalari gazteei euren esperientzia kutsatzen saiatuko dira. Espainiako Kopan ari dira buru-belarri, Zegama-Aizkorrin Munduko Kopako lehen proba jokatu aurretik.

Malagan (Andaluzia, Espainia) jokatu zuten lehen lasterketan Julen Martinez de Estibariz (laugarren) eta Mayi Mujika (seigarren) izan ziren onenak. Igandean jokatu zuten bigarren proba euskal selekziokoek, Jerten (Extremadura, Espainia). Nabarmentzeko modukoa da Asier Larruzea debutariak lortutako bigarren postua. Nesketan, Mujika laugarren izan zen. Espainiako Kopan izango den taldeak aurtengo helburuak kontatu dizkio BERRIAri.

1. Nola antolatu duzu denboraldia?

2. Nola joan dira orain arte egindako lasterketak?

3. Zein lasterketa egingo dituzu denboraldi honetan?

4. Zein izango dira helburu nagusiak?

5. Zerekin konformatuko zinateke denboraldi honetan?

AXIER ALONSO Oñati, Gipuzkoa, 1988

1. Hasiera batean motibatzen eta erakartzen nauten lasterketez osatutako egutegia egin nuen: Euskal Herrian, Pirinioetan... Baina euskal selekzioaren deia jaso nuenean, egutegia aldatu behar izan nuen. Espainiako Kopan lehiatuko naiz, baina hortik kanpo ez dut huts egingo Aloñako igoeran eta Zegama-Aizkorrin.

2. Gustura nago egindakoarekin: UZ Trailen bigarren sailkatu nintzen, Ander Iñarraren atzetik, eta Malagan, Espainiako Kopako lehen lasterketan, 14. Emaitza horrekin pozik nago, astebete lehenago Pierra Mentan lehiatzen ari nintzela aintzat hartuta.

3. Aurretik aipatu moduan, Espainiako Kopan lehiatuko naiz, baina, horretaz aparte, Aloñako igoera, Zegama-Aizkorri eta Mulleresko maratoia [Lleida, Herrialde Katalanak] egingo ditut oporren aurretik. Ondoren ikusiko dut nola dauden indarrak eta gogoa.

4. Helburu nagusia Aloñan eta Zegaman ahalik eta ondoen aritzea izango da. Espainiako Kopako lasterketetan ere ahal dudan guztia emango dut, euskal selekzioa goiko postuetan egon dadin.

5. Urtetik urtera nire maila igotzen doala ikustearekin pozik egongo nintzateke. Badakit gaur egun ez daukadala mailarik Espainiako Kopako lasterketa bat irabazteko edo podiumean sartzeko, baina ahal dudan posturik onenak lortzeko borroka egingo dut. Asko poztuko nintzateke Aloñako igoeran nire denbora onena jaistea lortuko banu.

AITZIBER IBARBIA (Zizurkil, Gipuzkoa, 1977)

1. Denboraldia antolatu nahian nenbilela, pneumonia bat harrapatu dut eta hankaz gora jarri dit denboraldi hasiera. Beraz, oraindik ez daukat ezer antolatuta.

2. Otsaileko bi lasterketa baino ez ditut egin, eta balio izan zidaten konturatzeko lan handia neukala egiteko.

3. Munduko Kopakoak egin nahiko nituzke, baino, horretarako, lan handia daukat egiteko.

4. Lau aste egon naiz geldirik, eta ea gorputzak buelta nola ematen dion. Horren arabera finkatuko ditut helburuak.

5. Maratoiaren distantziatik goragoko lasterketei gustua hartzea ez litzateke txarra! Horrekin gustura geldituko nintzateke.

ANDER IÑARRA (Lezo, Gipuzkoa, 1991)

1. Denboraldia bi zatitan banatzen dut, baina helburuen arabera antolatzen joaten naiz. Urte hasieran denboraldiaren ideia orokor bat daukat. Lehendabizi zein lasterketa garrantzitsu egingo ditudan pentsatzen dut, eta, ondoren, prestakuntzarekin aurrera segitu ahala, inguruko lasterketak gehituz joaten naiz. Abuztuko oporrekin batera, atseden txiki bat hartzen dut, eta irailerako bigarren zatiari ekiten diot, urrira arte gutxi gorabehera.

2. Ez dut lasterketa askorik egin, baina nahiko gustura nago egindakoarekin: bi txapel eta erretiratze bat, Malagakoa. Azken horretan, koadrizepsak igo zitzaizkidan, baina ondo sentitu nintzen eta momentuko zerbait izan zela uste dut.

3. Hemen ingurukoekin hasiko naiz, Zegama-Aizkorrira arte. Gero, sasoi onean banago, Munduko Kopako lasterketak egingo ditut: Livigno, Buff Epic Trail, Comapedrosa, Limone...

4. Munduko Kopako lasterketak dira helburu, horietan ahalik eta erregularrena izatea.

5. Konforme naiz arazorik gabeko denboraldia egitearekin. Ahal bada, lesio edo gaixotasunik gabe. Ondo sentitzen naiz eta, ondo bidean, emaitzak etorriko dira.

ASIER LARRUZEA (Gueñes, Bizkaia, 1990)

1. Euskal Mendizale Federazioaren Euskal Rankinga egiteko asmoa dut, baita beste lasterketa batzuk ere. Azken bi urte hauetan kilometro bertikalei lehentasuna eman diet, nahiz eta modalitate ezberdinetako lasterketetan parte hartu dudan; baina denboraldi honetan aurrerapausoa eman nahi dut, eta lasterketa luzeagoak egitea pentsatu dut; maratoi erdiak eta maratoiak.

2. Aurten egindako lasterketak ongi joan dira, emaitza onak lortu ditut; baina garrantzitsuena da gustura sentitu naizela.

3. Egutegi bat eginda neukan, baina, selekzioaren deiarekin, pixka bat moldatu behar izan dut; gustura, ordea [barreak]. Euskal Rankingean puntuak batzeko beharrezkoak diren gutxieneko lasterketak egiteaz gain, beste batzuk ere egingo ditut. Lineako Euskal Herriko txapelketa, Aloñako Igoera, eta kilometro bertikaletakoa, Beriainen. Euskal selekzioarekin konpromisoa hartu dut, printzipioz, Espainiako Kopa eta txapelketa egiteko, baina zer edo zer gehiago eskatzen badidate, pozik egingo dut. Beste lasterketa batzuk ere egingo ditut: Cabralesko kilometro bertikal hirukoitza, Larhungo bertikala, La Quadrako mendi lasterketa eta Pico de la Cruz Galdamesen.

4. Lasterketa guztiak dira helburu, baina selekzioarekin egingo ditudanak batez ere. Selekzioan ahalik eta denbora gehien jarraitu nahi dut.

5. Oso burugogorra eta zorrotza naiz neure buruarekin. Ez naiz gutxirekin konformatzen. Zer edo zer lortzen dudanean, gehiago nahi dut. Hala ere, osasuntsu eta lesiorik gabe jarraitzearekin konformatuko nintzateke, ahalik eta gehien eman ahal izateko.

IBAN LETAMENDI (Oñati, Gipuzkoa, 1978)

1. Oso indartsu eta motibatuta hasi nintzen, entrenamendu bikainak egiten eta oso sentsazio honekin; baina duela hilabetetik ez nago nire onenean eta kostatzen ari zait martxa jarraitzea.

2. Bi besterik ez dut egin: Senperen garaipena lortu nuen, eta Malagako Espainiako Kopako lehen proban 11. helmugaratu nintzen. Neguan egin dudanarekin eta ikusita nola sentitzen nintzen entrenatzen, hobeto egitea espero nuen, baina, azken aste txar hauek direla medio, ezin izan dut guztiz gozatu.

3. Espainiako Kopa egingo dut, eta tartean beste lasterketaren bat sartuko dut. Ea Zegama-Aizkorri txukun bat egiterik dudan. Dena den, bueltarik ematen ez badiot, zaila izango dut.

4. Korrikalari izateaz gain, aurten beste lan bat ere hartu dut, hautatzailearena alegia. Beraz, helburu nagusia gazteei pausoa ematen laguntzea da, baita bidaiak eta beste zenbait kontu kudeatzen laguntzea ere.

5. 40 urterekin ez nago gauza asko eskatzeko moduan. Azken urteak, lesioak direla medio, nahiko eskasak izan dira, eta munduko pertsona zoriontsuena izango naiz aurten minik gabe korrika egitea lortzen badut, nire esperientzia gazteenei irakasten badiet eta talde giroa sustatzea lortzen badut.

XABI MACIAS (Iruñea, 1995)

1. Neguan eski nordikoarekin tartekatzen ditut mendi lasterketak. Abendutik martxora arte eskiekin lehiatzen naiz, eta mendi lasterketen denboraldi-aurrea osatu. Martxoan, mendi lasterketaren bat egiten dut, hankak eta gorputza prestatzearren, eta apirilean hasi ohi dut mendiko denboraldia. Abuztu partean ez naiz lehiatzen, burua freskatzearren, denboraldiko bigarren zatia gogoz hartzeko.

2. Mendian bi egin ditut; oso ondo sentitu naiz. Mendi lasterketekin hasteko gogoz nago.

3. Aurten lehen urtea dut euskal selekzioarekin. Espainiako Kopako lasterketak dira helburu, baita Munduko Kopako lasterketaren bat ere, Zegama-Aizkorri maratoia adibidez. Lasterketa horiez gain, kilometro bertikalak oso gustuko ditut, eta bakarren bat egiteko asmoa daukat.

4. Selekzioan lehen urtea izanik, gozatzea eta taldean ongi pasatzea, batez ere. Lehiaketen aldetik, ahalik eta hobekien egitea, noski, eta burua fresko mantentzea, datorren urtean, aurten pilatutako eskarmentuaz baliatuta, denboraldi ona egin ahal izateko.

5. Ez lesionatzearekin eta ongi pasatzearekin. Lesioekin ez dut zorte ona izan azken urteetan.

JULEN MTZ.DE ESTIBARIZ (Gasteiz, 1984)

1. Bi zatitan antolatu dut. Lehenengo zatiko lasterketak pixkana-pixkana kilometroak eta denbora handitzen joateko dira, Zegama prestatzeko. Horretarako baliagarriak dira Espainiako Kopako lasterketak. Bigarren zatian ez daukat guztiz argi: lan kontuengatik atzerrira joan beharko dut, eta ez dakit entrenatzeko aukerarik izango dudan.

2. Iaz nahiko nekatuta bukatu nituen denboraldiko azken lasterketak, bai fisikoki eta bai psikologikoki. Horregatik, denboraldi honetan lehenengo helburua sentsazio onak berreskuratzea izan da, eta lortu dut. Zestoako Kobaz Koba eta Cangas de Onisko [Asturias, Espainia] lasterketak lagungarriak izan dira negu kaxkarrari aurre egiteko. Malagan ere ondo aritu nintzen: aurreko postuen lehian egoteko aukera izan nuen, eta bosgarren izan nintzen.

3. Aurretik esan dudan bezala, Zegamaren aurretik Espainiako Kopako hiru lasterketak eta Euskal Herriko Txapelketa, Aloñan, egingo ditut. Udan sasoian egonez gero eta aukera badago, Munduko Kopako lasterketaren batean parte hartzea gustatuko litzaidake. Eta indarrak ahitzen ez badira, denboraldia bukatzeko Gopegiko irteeran egon nahiko nuke, Hiru Handiak lasterketarekin denboraldia biribiltzeko.

4. Helburu nagusia ilusioz eta motibazioz entrenatzen jarraitzea da, argi edukiz hau zaletasun bat besterik ez dela, nahi dudalako egiten dudala eta ekarpen onak jaso nahi ditudala. Horrez gain, Euskal Herriko selekzioko kide gisa, Espainiako eta Munduko Kopan parte hartzea. Jakina, Aizkorriko aldapetatik ahalik eta azkarren ibiltzen saiatuko gara.

5. Aurretik aipatutakoa betetzen bada, pozik egongo naiz. Erregulartasuna da nire ezaugarri onenetariko bat eta, horregatik, ondo moldatzen naiz kopa motako txapelketetan. Espainiako Kopan lehenengo bosten artean sartzen saiatuko naiz. Munduko Kopa egiteko aukera izanez gero, azken bi urteetan bezala, lehen hamarretatik gertu bukatuta, poz-pozik egongo naiz.

MAYI MUJIKA (Urretxu, Gipuzkoa, 1988)

1. Nire egutegia nuen, baina selekzioaren deia jaso nuenean ez nuen zalantzarik izan egutegia Espainiako Kopara egokitzeko.

2. Euskal Herrian egindako lasterketak ondo joan zaizkit. Giharretako arazoren bat izan dut, baina pozik nago emaitzekin. Espainiako Kopako lehen lasterketa sorpresa izan zen niretzat. Seigarren postua lortu nuen, eta oso ondo sentitu nintzen. Asko gozatu nuen lasterketaz.

3. Espainiako Kopakoak, Espainiako Txapelketa Castellon [Herrialde Katalanak], Aloñako igoera, Goierriko Bi Handiak eta Hiru Handiak. Tarteren bat badut, agian besteren bat eroriko da.

4. Hasieran helburua Goierriko Bi Handietara ahalik eta ondoen iristea bazen ere, orain euskal selekzioak eman didan aukera baliatzea da. Esperientzia berriaz gozatu nahi dut, eta ahalik eta gehien ikasi.

5. Mendiaz eta lasterketez orain arte bezala gozatzearekin konformatuko nintzateke. Lesioek eta emaitzek laguntzen badute, hobeto.

BERRIAn argitaratua (2018/04/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA