gizartea
Euskarafobiaren kronika
Garikoitz Goikoetxea
Liburuak lotura estua du orain hogei urtekoarekin, baina, eduki aldetik, berria da material gehiena. Adibideekin batera, Torrealdaik berak egin du atalez ataleko gogoeta bat, eta hitzaurrea Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak egin du. Gaztelaniaz kaleratu dute liburua. Horri buruz galdetuta, Torrealdaik adierazi du jasotako adibide guztiak erdarazkoak direla, eta «indarra» galduko luketela itzulita; bestetik, euskaldunengana ez ezik, euskararen aurka mintzo direnegana ere iritsi nahiko luke, «lotsarazteko». Areago, uste du aurkako erantzunak jasoko dituela haien partetik.
Torrealdaik XVIII. mendetik aurrerako legeak eta adierazpenak jaso ditu, baina azken urteetakoak dira eduki gehienak: hamarretik sei, 1978tik honakoak.
ETA eta errebisionismoa
Legeen bildumak agertzen du nolakoa izan den «monolinguismoaren inposizioa», eta «intelektualen babesa» lotu du horrekin: «Estatuaren politika justifikatu dutenen adierazpenak jaso ditut, hizkuntza hegemonikoa goretsi dutenenak eta hizkuntza desplazatua gutxietsi dutenenak». Antolaketaren aldetik, liburuak egitura kronologikoa du. Kapitulurik zabalena Autonomien estatua izenekoa da, 1978tik aurrerakoak jasotzen dituena. Urteotan jomugan egon diren sektoreak banan-banan hartu ditu Torrealdaik: irakaskuntza, ikastolak, euskarazko kultura, euskara, hizkuntza politika, euskara batua eta normalizazio legeak.
Kapitulu kronologiko horiekin batera, badira azken aldean beste bi ere: Dena da ETA eta Errebisionismo linguistikoa. Lehenbizikoan, Torrealdaik aztertu du Baltasar Garzon epailearen tesiek nola eragin dioten euskarari, eta bereziki Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera hartu du ahotan, zuzen-zuzenean pairatu zuenez gero. Bigarrenean, aztergai hartu ditu euskarak hamarkada luzeetan jasandako jazarpena auzitan jartzen dutenak. Hainbat liburutako pasarteak bildu ditu, euskararen galera hiztunen euren hautuarekin lotzen dutenak, eta euskarari jarritako debekuez duda egiten dutenak.
Bi kontzeptu
Oinarri komunak dituzte liburuan jasotako adierazpenek, Torrealdairen esanetan. Bi kontzepturen bitartez azaldu du. Batetik, matxismo diskurtsiboa: «Testosterona intelektuala». Alegia, «posizio sozial aitortua» duten pertsonek egiten dituztela halako adierazpenak, euskarari buruz «jakin gabe». Gizonenak dira liburuan bildutako adierazpen gehien-gehienak. Bestetik, hizkuntza ideologia supremazista: «kontzeptu faltsuetan oinarrituta» gaztelania goraipatzeko eta euskara gutxisteko jokabidea.
Oinarri horiekin, euskara zerekin lotzen duten aztertu du Torrealdaik. Abertzaletasunarekin lotu ohi dute, eta «kontzeptu toxikoekin»: euskara eta ETA lotuta ageri dira liburuko 31 pasartetan; hogeitan, terrorismo kontzeptuarekin batera ageri da, eta indarkeria-rekin, 24 alditan. Abertzale edo nazionalista kutsu ezkorrarekin ageri da euskara 83 aldiz. Eta lagin bat da: beste makina bat adibide utzi ditu liburutik kanpo.
Jomuga bat dute adierazpen horiek guztiek: «Hizkuntza normalizazioaren legitimitateari eraso egitea». Alegia, hizkuntza politikaren oinarriak dudan jartzea.
Asedio al euskera liburuaren bidez, bi helburu lortu nahi ditu Torrealdaik. Batetik, bilketa lana egitea: euskarari eragin dioten legeen eta euskararen aurka esandakoen corpusa osatzea. Horrekin batera, ohartarazi nahi du ez direla joera bakanak: norabide bereko pausoak direla. «Ez dira iritzi aislatuak: ideologia linguistiko supremazista bat dago oinarrian». Bestetik, ahalduntzeko tresna bat izan dadila: «Kontzientziazioa bultzatu nahi dut, defentsarako ezkutu modura».