astekaria 2018/04/20
arrowItzuli

bizigiro

Iraganeko gudak gaur bizitzen

Lander Muñagorri Garmendia

Iraganeko gudak gaur bizitzen

Euskal Herriak guda ugari izan ditu bere historian zehar, eta horien barruan hamaika bataila borrokatu dira fronteen alde bietan. 1936ko gerra izan da horietan azkena, eta, haren oroitzapena oraindik borborka badago ere, antzezpenen bidez berriz bizitzen ari dira leku askotan. Baina ez 1936ko gerra bakarrik, baita karlistadak eta gerra napoleonikoak ere. Batailen antzezpenaren inguruko joera areagotzen ari baita, eta horren lekuko da datozen hilabeteetarako aurreikusita dagoen agenda: Elgetan, Ordizian (Gipuzkoa), Lakarren eta Abartzuzan (Nafarroa) eta Gasteizen esaterako, tokian tokiko batailak antzeztuko dituzte datozen hilabeteetan. Joan den igandean, gainera, Gernika-Lumon (Bizkaia) ere egin zen antzeko antzezpen bat. Ekitaldi horiek ikusita, garbi dago iraganeko batailen antzezpena modan dagoela.

Sorberritze horiek, ordea, ez dira batailetara bakarrik mugatzen. Igandean Gernika-Lumon egin zen antzezpenean, esaterako, 1937ko bonbardaketa ekarri zuten gogora, baina herritarren ikuspegitik. Hau da, zibilek egun hura nola bizi izan zuten sorberritu zuten. Antzezpen horretan bezala, datorren igandean Elgetan egingo denean ere ez da lubakietako borrokarik erakutsiko, tropa frankistak sartu ondoren herria nola erori zen baizik.

«Normalean egin ohi ditugun antzezpenetatik ezberdina izan zen Gernika-Lumokoa, baina historia militarra dibulgatzeaz aparte, herritarren ikuspegia azaltzea ere garrantzitsua da». Xabier Herrero Lubakikoak batailen sorberritze taldekoa da, eta historia militarra dibulgatzea aipatu du. «Gertatu diren batailen dibulgazioa da azken finean, horiek berriz ere ez gertatzeko». Hori baita batailak sorberritzen dituzten taldeen helburua: historia dibulgatzea eta gerra horien inguruko kontzientzia kritikoa piztea; Roberto Cañon Enigma sorberritze taldekoak beste helburu bat aipatu duen arren: «Ikuspegi egoista batetik, ondo pasatzea ere badago; azken finean, haurrak ginenean gerretara jolasten ginenean bezala da, baina baliabide gehiagorekin».

Talde bakoitzak, gainera, garai jakin zehatzetako batailak sorberritzen ditu. Lubakikoak taldekoek, esaterako, 1936ko gerra daukate euren aztergai nagusi bezala. «Gure taldea duela lau urte inguru sortu zen, historiazale talde bat elkartu eta historia hori gure artean eta herritarren artean zabaltzeko». Enigma taldekoek, berriz, II. Mundu Gerra eta Vietnamgo gerra daukate aztergai. «SSen sorberritze talde gisa sortu zen, baina gaur egun gure taldean apenas inor janzten den horrela».

Euskal Herrian, 1936ko gerrako bataila ugari sorberritzen dituzte, eta horren arrazoiaren atzean Jaurlaritzak eta udalek zabalik dituzten ikerketa ildoak aipatu ditu Herrerok. Baina II. Mundu Gerrakorik ez da egiten. «Urtero garai horretan kokatutako bataila bat antzezten dugu Burgosen [Espainia], Euskadin trabak jartzen baitzizkiguten; ez omen zituzten faxistak nahi, eta hori zen euren argumentua».

Hori esan bezain pronto, ordea, argi utzi nahi izan du Cañonek hori ez dela euren helburua: «Inondik inora ere ez. Bataila bat sorberritu behar baduzu, alde bietako tropak irudikatu beharko dira ba, ala? Nazien jantzia janzteagatik ez naiz nazia, inondik ere». Areago, bataila horiek sorberritzen dituztenen artean debeku batzuk ere badituzte: ez dute agur faxistarik egiten, eta antzezpenean lurrean zaurituta geratutako soldaduak ez dituzte akabatzen.

Taldeen arteko trukea

Enigma eta Lubaki taldeetan hamabost kide inguru dituzte. Bataila oso bat sorberritzeko gutxi. Horregatik, antzezpen bat egin behar denean, hainbat talde batzen dira, eta, horrela, talde bereziak sortzen dira. Hala dio Cañonek: «Bataila baten antzezpenari errealismo handiagoa ematen zaio horrela, denak ez baitziren berdin jantzita joaten». Hala ere, antzezpen horietara joan aurretik ikerketa ugari egiten dituzte: «Jantzita daramatzagun elementu denak ondo ikertuta daude; testuinguru egokian kokatuta».

Hala onartu du Txaro Apeztegiak ere. Irantzuko Lurrak turismo bulegoko kudeatzailea da, baita Lakar eta Abartzuzan bi urtean behin antzezten diren bataila karlisten koordinatzailea ere. «2008an hasi ginen sorberritze horiek antolatzen, baina antzezpen osatuak dira, ez delako bataila bakarrik sorberritzen; garai hartako bizimodua nolakoa zen erakusten dugu, jantziak, jakiak, eta halakoak». Hamar urte hauetan, antzezpen horien aitzakian ikerketa ugari egin dituztela azaldu du: «Kultura proiektu bat dela esan daiteke ezer baino gehiago; herritarren parte hartzea zuzena da; beraz, garai hartan gure herriak nolakoak diren dibulgatzen dugu era horretan». Horretarako egokiak baitira sorberritze horiek. Antzezpenak, ordea, gero eta sona handiagoa hartzen ari dira, eta horrek turismoa ere erakartzen du. «Helburu batekin tokiko ekonomia pizten badugu, askoz ere hobeto». Historia ezagutzeko aukerak ere turismoa erakartzeko balio dezakeelako.

BERRIAn argitaratua (2018/04/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA