iritzia
Hagintarien hizkuntza eskakizunak
Iñigo Aranbarri


Etxean, Rajoy eta enparauekin baino okerrago dago hizkuntzen zera hau goi politikarien artean. Ez da ingelesa edo frantsesa ez jakitea, ez da euskara ikasten ari dena estu hartzea, tristeagoa da dena, eta neurri berean, amorragarriagoa. Adibideak zientoka daude, baina bat aukeratzen hasita, hona Izaskun Bilbaoren hau Twitterren, apirilaren lehenean: «Inork kartzelara beraien ideiak defendatzeagatik dio @andoniortuzar denak etxean! 155gaz ez dogu jokatu aniztasunaren mehatsua delako». Sic.
Sinesten lanak dituen adierazpena, ama hizkuntzan ari den goi mailako politikari batek idatziz emana. Tristea, eta are amorragarriagoa ez delako kasu bakarra Bilbaorena, ez delako haren alderdiaren usadioa soilik. Euskara ikasten ari direnak datozkit gogora, agiriaren atzetik dabiltzan langile horiek guztiak, zer pentsatuko duten zirko hau ikusita: hor dabiltza gorritzeke gure Bilbao guztiak, inori hagintzen diotena berak betetzeko gai ez direla...
Baina bai, a zer desastrea Espainia.