astekaria 2018/04/13
arrowItzuli

gizartea

LORANT VINCZE

«Hizkuntza eta kultura aniztasuna Europa osoaren ardura da»

Aitor Biain

«Hizkuntza eta kultura aniztasuna Europa osoaren ardura da»

FUEN Europako Nazionalitateen Batasun Federalak martxan jarritako Minority SafePack egitasmoak bete egin du bere erronka: 1.215.879 sinadura bildu dituzte Europak hizkuntza gutxituak babestu ditzan. Lorant Vincze FUENeko presidenteak (Targu Mures, Errumania, 1977) azaldu duenez, aurreikuspen guztiak gainditu dituzte.

Egitasmoaren lehen helburua bete duzue: milioi bat sinadura baino gehiago bildu dituzue. Pozik emaitzarekin?

Oro har, arrakastatsua izan da Minority SafePack kanpaina, eta gutxiengo autoktonoen, hizkuntza taldeen eta estaturik gabeko Europako nazio guztien garaipen handia izan dela uste dugu. Guztiok elkarrekin jarduten dugun lehen aldia da, eta garai historikoa dela uste dugu. Esango nuke, ordea, lorpenik garrantzitsuena ez dela lortutako sinadura kopurua izan, baizik eta Europako gutxiengoen eskubideen aldeko mugimendu bat eratu izana. Zailtasun asko izan arren, kanpainak hainbat komunitate indartsuren babesa jaso du: euskaldunena, katalanena, Lituaniako poloniarrena edota Bulgariako turkiarrena, besteak beste. Irmoki diot euskaldunen eta katalanen babesa giltzarri izan dela kanpainarentzat; bereziki eskertzen dut.

Europako batzordeari aurkeztuko dizkiozue eskaerak orain. Uste duzu aintzat hartuko dituela proposamenak?

Europak gure ahotsa entzun behar du, eta batzordeak gure eskariak aintzat hartu. Jakitun gara prozesu luzea eta zaila izango dela, baina prest gaude aurre egiteko. Aintzat hartu beharreko lege proposamen zehatzak ditugu. Urte hauetan guztietan, Europako Batzordeak errefusatu egin du gutxiengoen eskubideen inguruko edozein galdera zein proposamen, argudiatuz ez dela bere eskumena. Orain, EBko herritarrek uste dute jarrera aldatu behar duela. Europako balioak eta hizkuntza eta kultura aniztasuna Europa osoaren ardura dira.

Hizkuntza Aniztasunaren Zentroa eratzea dago proposamenen artean. Hizkuntza gutxituen babesa Europako agendan dago orain?

Hizkuntza gutxituak erabat baztertzen dira Europako Batasunean. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea zenbait estatu kidek egiten dutela, EBk hizkuntza gutxituak babesteko programarik ez duen arren. Etxerako lanak ez dituzte estatu guztiek egiten, ordea, eta hori da arazoa. Uste dugu hizkuntza gutxituak garrantzitsuak direla Europaren kultura ondarearentzat, eta Europak bere esku dagoen guztia egin beharko lukeela haiek babesteko. Hizkuntza eta kultura gutxituek ere, ofizialek bezala, EBko programa zein politiketan sartu beharko lukete.

Zer rol jokatu behar dute EBko estatu kideek, eta zer rol batzordeak?

Egun, gutxiengoen babesa estatuen eskumena da. Badira estatuak gutxiengo horiek babesteko esparru egokia sortu dutenak, eta komunitate horien kideei gainerako herritarrei bezalako tratua eman dietenak; estatu horiek oparotasuna eta garapena lortu dituzte, baita gutxiengoen komunitateak estatuarekin leial izatea ere. Italia, Belgika, Danimarka, Finlandia eta Alemania dira horren adibide. Baina, bizikidetza baketsuaren alde egin ordez gutxiengoak zapaltzen dituztenean, gatazkak sor daitezke. Saihestu egin behar dira egoera horiek, eta nork lagundu dezake horretan EBk laguntzen ez badu? Estatuek EBrekin partekatu beharko lituzkete gutxiengoak babesteko dituzten eskumenak.

Hala ere, tokian tokiko errealitatea desberdina da. Nola taxutu errealitate guztietarako onargarriak izango diren irizpideak? Lege babesak zertan lagunduko luke horretan zehazki?

Auzi guztiak ez dira berdinak, eta arazo ezberdinei egin behar diegu aurre: zenbaitentzat hizkuntza eskubideak dira gure proposamenik garrantzitsuenak; beste batzuentzat, berriz, hezkuntza, hizkuntza gutxituetan lan egingo duten hedabideen eskuragarritasuna, edota etnia eta hizkuntza berezitasunak kontuan hartuko dituen eskualdearekiko babesa bermatzea. Hala ere, uste dut gure proposamenen artean badela gutxiengoen komunitateko partaide ororentzat garrantzitsua den bakarren bat. Europako gutxieneko batzuk finkatzea nahi dugu guk, eta ziurtatzea emandako eskubideak ez direla kentzen.

Hala ere, eskubideak eta irizpideak dagoeneko zehaztuta daude nazioarteko hainbat dokumentutan. Neurriak falta dira horiek bermatzeko?

Europako Kontseiluaren Nazionalitateen Babeserako Hitzarmena eta Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna dira egun komunitate gutxituen babeserako ditugun bi tresnarik onenak. Batek argudia dezake nahikoa direla, baina zoritxarrez ez da hala. Tresna baliagarriak izanagatik ere, berrikusi eta eguneratu egin behar dira. Arazorik larriena, hala ere, zigorrik eza da. Marko juridiko bat eratu arren, sarri ez dituzte aplikatzen zenbait estatutan, nire herrialdean, Errumanian, gertatu moduan. Nolanahi ere, tresna gehiago behar dira.

Gutxiengoek gizarteari eta Europari ematen dioten balio erantsiari buruzko ikerketak egitea eskatzen diozue Europako Batzordeari. Gero eta handiagoa al da hizkuntza nagusiek gutxituetan duten eragina?

Ikertu beharreko kontu asko dira: esate baterako, komunitate batzuen asimilazio gradua, edo hizkuntza gutxituen hiztun kopuruen beherakada, baina baita are konplexuagoak diren kontuak ere: adibidez, zenbait kultur produktuk komunitate gutxituei egiten dieten ekarpen soziala. Euskal Herrian aitzindariak zarete hizkuntzaren eragin ekonomikoa neurtzen. Beste hainbat eskualdetan ere aztertu beharko lukete, praktika ona baita. Kultura nagusi gehienek jarrera indartsua dute gizartean. Gutxiengoek ikusmolde, baliabide eta erakunde propiorik izan ezean, asimilazioa saihetsezina da. Are nabarmenagoa da asimilazioa sustatu egiten duten estatuetan: Frantzia da horren adibide garbiena. Prozesu hori aldatu beharra daukagu.

Herri ekinaldi legegileak aurrera egiten ez badu, mugimenduak zein jarraipen izango du?

Era askotako erakunde, talde, pertsona eta komunitateen sare bat eraiki dugu. Etorkizunera begira garatu eta eraiki dezakegu sare hori, eta ez bakarrik herri ekimenerako, baizik eta gutxiengoen eskubideen inguruko edozein auzitarako. Egitasmo honek mezu argi bat bidali die Europako gutxiengo guztiei: Ā«Ez zaudete bakarrikĀ». Gehiengoek zer erantzuten duten zain egon beharrean, heldu egin diogu auziari, eta ziur naiz EBren agendan jarriko dugula.

BERRIAn argitaratua (2018/04/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA