astekaria 2018/04/13
arrowItzuli

iritzia

Belarritakoak

Miren Amuriza

Belarritakoak Miren Amuriza

Guraso izan berri den bikote batekin egin nuen topo lehengoan: Aupa! Aupa! Zorionak! Eskerrik asko! Zelan? Ohitzen...

Anbulatoriorantz zihoazen egunetako umea karrotxoanda (artean hain zen txikia, ezen nini baten miniatura baitzirudien): belarritakoak ipintzera goaz, esan zuen amak. Umea zulatu behar duzuela, alegia... Pentsatu nuen. Galdetzea ere pasatu zitzaidan burutik: zergatik? Ezustean harrapatuko nituen eta politago egon zedin jarriko zizkiotela-edo erantzungo zidaten (beren kolkorako inpertinente bat nintzela pentsatuz). Politago? tentatuko nituen; norbere jaioberria egon daiteke berez dagoen baino politago, ala?

Irribarre behartu bat bueltatuko zidaten eta txikiari perlatxoak hainbat arinen jartzea hobesten zutela azalduko, halatan ez zela ziztadarekin konturatu ere egingo; total, esango zuten, gero ere ipiniko ditu-eta. Erraztasuna daukazue, gero, zenbait gurasok umeen etorkizuna iragarri eta proiekzio horren araberako aukerak beraien partez egiteko; izenak, jantziak, belarritakoak, jostailuak... Aurpegiratuko nizkien. Neska delako diozu? Galdetuko zidaten. Bai, neskatzat daukazuelako ere bai. Azkenean, sudurrean piercingtxo bat jar ziezaiotela aholkatuko nien, total, gero ere egingo zuela-eta.

Ez nien ezer ere esan, bestela ere dezentetan entzun beharko dute-eta datozen hilabeteotan umea zelan jagon behar luketen.

BERRIAn argitaratua (2018/04/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA