gizartea
Fosil arteko zientzialari gazteak
Arantxa Iraola

Bostak gazteak dira, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, eta, beste hainbat kide gazterekin batera, heldu den aste honetan Zarautzen (Gipuzkoa) egingo den Paleontologiako Ikertzaile Gazteen 16. Topaketa antolatzen ari dira. Hilaren 11tik 14ra, ehun ikertzaile gazteren baino gehiagoren topalekua izango da.
Haizea Portillo Blanco da antolaketan parte hartzen ari den beste ikertzaile gazte bat. Geologoa da; doktoregoko bigarren urtean ari da. «Nire espezialitatea pixka bat urruntzen da paleontologiatik; mineralogian eta petrologian ari naiz. Erromatarren aroko burdin laginak ikertzen ditut teknika geologikoekin». Diziplina jakin batzuetara hertsi gabe, egitarau ahalik eta osoena egituratu nahi izan dute gazteek: guztien ekarpena garrantzitsua dela uste dute. Antolaketan parte hartzen ari diren ia denak dira EHUko Paleontologia eta Estratigrafia eta Minerologia eta Petrologia departamenduetako ikertzaile gazteak. Urtero toki ezberdin batean egiten da biltzarra, eta tokiko ikasleei egokitzen zaie antolatzea. EHUko ikertzaile gazteek urtebete daramate antolaketa lanetan.
Batez ere, topaketa ikerketan hasi berriak diren gazteentzako hauspo izatea nahi dute. «Kongresuetara askotan izen handiko zientzialariak joaten dira, eta horrek albo batera uzten ditu ikertzaile gazteak. Topaketa hau aukera bikaina da, ordea, hasten ari garen paleontologoentzat», adierazi du Suarezek. «Iberiar penintsula osoko ikertzaileak elkartuko gara, eta baita urrunagotik datozen batzuk ere. Kongresuak aukera ematen du bidea egiten hasteko». Aurkeztuko diren azterlan guztiak batzorde zientifiko batek ebaluatu dituela adierazi dute, eta beste edozein topaketatan izaten diren irizpide zientifikoak erabili direla. Jadanik ibilbide luzea egina duten hiru ikertzailek ere emango dituzte hitzaldiak: EHUko irakasle Estibaliz Apellanizek eta Mikel Lopez-Horguek eta CSICeko zientzialari Olga Prieto Ballesterosek.
Baina gazteak izango dira lehen lerroan. «Jendea eroso sentitzea da helburua; eroso egotea sentitzen duzulako kongresuko gainerako partaideak ere zure egoeran daudela, eta ez duzula ondoan ospe ikaragarria duen zientzialari bat», azaldu du Peralesek. «Eta denok ikastea: izan ere, jende askorentzat lehen kongresua izango da. Guretzat ere, antolatzen ari garen lehen biltzarra hauxe da. Beraz, denontzat da oso interesgarria», erantsi du Silvak. «Paleontologiaren adar askotako jendea erakarriko dugu, gainera, eta horrek bidea emango du elkarren berri izateko: harremanak lantzeko». Paleontologian bidea hasi berri dutenentzat, halaber, zein ikerketa alorretan sakondu nahi duten ebazteko topaketa lagungarria izan daitekeela uste dute.
65 euro: muga estu-estua
Kongresuak aurrez ezarritako arau gutxi dituela azaldu dute; gazteentzat da, eta gazteek antolatu behar dute. Hortik aurrera, «autogestioaren» bidez erabakitzen dira biltzar bakoitzaren ezaugarri nagusiak. Hori bai, muga estua izaten da gehienetan aurrekontua. Izen-ematea garestia izaten da kongresu askotan, eta zama gehiegizkoa ikertzaile gazteentzat. Diruagatik inor topaketan parte hartu gabe geratzerik ez dute nahi, ordea, eta horretarako egiten dute ahalegin apartekoa. «Low cost kongresu bat da hau», azaldu du Suarezek. 65 euroren truke kongresuan izena eman ahal izan dute gazteek, eta lo egiteko tokia eta otorduak barruan sartuta daude. Hori erdiesteko, hainbat erakundetara jo behar izan dute babes eske. «Eskerrak eman behar dizkiegu». Tartean daude Aranzadi elkartea, Bilboko Arkeologia Museoa eta Zarauzko Udala, besteak beste. Lan handia izan da: «Euro bakoitzari etekina atera behar izan diogu».
Euskal Herrian inoiz egin gabea zen orain arte paleontologo gazteen topaketa hau. Zarautzen egingo dute, eta aukera baliatu nahi dute kanpotik datozen ikertzaile gazteei euskal kostaldeak haien diziplinarentzat dituen harribitxiak erakusteko. Bertatik bertara. Hain zuzen, Zarautzen, Iñurritza biotopoko dunak bisitatuko dituzte; Zestoan, Ekainberriko leizeak, eta Deba-Zumaian, itsaslabarretako flyscha.
Liburu batean argitaratuko dituzte ondoren kongresuan paleontologo gazteek argitaratzen dituzten azterlanak. Izan ere, argi dute zein den ikertzaileen helburu ezinbesteko bat: «Egindakoa argitara ematea». Bulegoan hautsak jango duen lanik ez dela behar gogorarazi du Peralesek. «Egiten duguna plazaratzera behartuta gaude». Eta horretan ariko dira heldu den aste honetan. Berariaz beraientzat antolatutako foroan. «Baina ez dezagun ahantz: kongresu zientifiko bat da», azaldu du Silvak. Mundu osoko ikertzaileek osatzen dute biltzarreko batzorde zientifikoa, eta haien bermearekin ari dira.