astekaria 2018/04/06
arrowItzuli

kirola

DANEL ELEZKANO

«Ez daukat aparteko gaitasunik. Lanari esker nago onenen artean»

Jon Eskudero

«Ez daukat aparteko gaitasunik. Lanari esker nago onenen artean»

Bizitzako egunik atseginenetakoak igarotzen ari da azken aste eta erdian Danel Elezkano. Profesional mailan duela sei urte eskas debuta egin zuenetik, lehen mailako estreinako finala jokatuko du datorren igandean, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Ez du baikortasunik falta. Beñat Rezusta bikote duela, Joseba Ezkurdiaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka neurtuko ditu indarrak. Finalera ahalik eta ondoena iristeko xehetasun denak zaintzen ari da. Dena den, irabazi edo galdu, «harro» sentituko dela dio, bere jokoan «aurrerapauso nabarmena» eman duela uste baitu. 2016ko udan Asegarcetik Aspera joan zenetik ikusi du lehia daitekeela goi mailako pilotariekin, eta hobekuntza hori eguneroko lanaren fruitu dela dio. Ezeren gainetik, langilea dela esan du. Txapela litzateke saria.

Lehen finala izaki, zer moduz doaz igandera bitarteko egun hauek?

Oraingoz, ondo, lasai nago. Finalerdietako azken partidaren ondoren, astelehen eta asteartea zutitzeko gauza ere ez nintzela egin nituen. 21-18 galduz joanda, hanka eta erdi finaletik kanpo izan genituen, eta garaipena lortzean tentsio guztia kanporatu nuen. Inoiz ez nintzen tentsioz hain lotuta sentitu. Nekatuta egon nintzen egun batzuetan, baina, gerora, ondo indarberritu naiz, eta, orain, egun berezi hauetaz gozatu nahi dut. Esperientzia berria izaten ari da, eta prozesu dena gozatzea da nire helburua.

Kasik finaletik kanpo egon ondoren, sinesten al duzu jadanik igandean Bilbon izango zarela?

Binakako Txapelketa aurkeztu zutenean, pentsatu ere ez nuen egiten honaino iritsiko nintzenik. Egia da iaz txapeldun izandako atzelaria jarri zidatela bikotekide, baina zalantza ugari nituen nigan. Batez ere, eskuko hatz batean zirkulazio arazo handiak nituen, eta uste nuen txapelketa amaitu ere ez nuela egingo. Buruari milaka buelta eman nizkion, sufrikario latzak igaro nituen, baina pixkanaka hobera egin dut, eta oso pozik nago. Zorionez, asmatu dut eskuari masajea ematen, eta, orain, ez dut arazorik.

Zuretzat akaso ez, baina pilotazaleentzat finalean egoteko faborito garbiak zineten, batez ere ligaxkan emandako maila kontuan hartuta. Halere, ederki kostatu zaizue sailkatzea.

Txapelketa hasieran zalantzak izan arren, nahiko azkar bideratu genuen finalerdietarako sailkapena, baina bagenekien gero hutsetik hasiko ginela lau bikoteak. Zenbat aldiz gertatu da ligaxkako onenak gero kanpoan geratzea. Bost hilabeteko lanari begiratuta, nik uste dut merezi genuela finalerako sailkatzea, baina inork ez digu ezer oparitu. Zortea ere lagun izan dugu, egia esan. Lau partida irabazi ditugu 22-21, eta horietako bat partidarik erabakigarriena. Bultzaka sartu gara finalean, eta, orain, gozatzera goaz.

Gozatzera bai, baina beti nahi izaten da irabazi. Beldurrik ba al diozu tentsioari?

Zoritxarrez, eguna heldu arte inoiz ezin da jakin nola erreakzionatuko duen gorputzak. Ez da batek erabakitzen duen gauza bat. Ziur nago urduri egongo naizela, baina kontrolpean izatea espero dut. Orain arteko esperientziek konfiantza ematen didate. Esaterako, ligaxkan bi partida jarraian galdu ondoren, hirugarrenean 10-3 galduz joan ginen, Oñatin, eta, gero, irabazi egin genuen. Aurrerapausoa eman genuen orduan. Azken finalerdian ere oso-oso urduri nengoen. Normalean ez dut arazorik izaten lo egiteko, baina egun haren bezperan kosta egin zitzaidan lokartzea. Baita normal jatea ere. Saria oso garrantzitsua zen, eta azkenean lortu genuen. Uste dut tentsio ugariko partidetan nahiko ondo erantzun dugula.

Halako finaletan esperientzia duen inork aholkurik eman al dizu?

Oraindik ez, baina baliteke norbaitekin hitz egitea. Oraingoz, buruan daukadan helburu bakarra nire maila ematea da. Inoiz ezin da jakin noiz irits daitekeen halako beste aukera bat, eta gozatu egin nahi dut. Nigatik baino gehiago, nire ingurukoengatik. Urte hauetan gaizki pasatzea tokatu zait, bai arlo pertsonalean eta bai kirol arloan. Lesio dezente izan ditut. Une oro alboan egon dira familiakoak eta lagunak, eta haiei eskaini nahi diet txapela. Pilotaleku guztietara jarraitu naute, eta oso harro nago.

Txapelketa aurkeztu zutenean, Aspeko laugarren aurrelari moduan izendatzen zintuzten ia denek. Zeure burua aldarrikatu al duzu?

Horretan pentsatzen ez dut denbora askorik galtzen, nire esku ez baitago zenbatgarren aurrelaria naizen erabakitzea. Nire lana da ondo egitea dagokidana, eta konplitu dut. Gorabeherak izan ditut, baina behar izan dudanean Rezustak asko lagundu dit. Txapelketa hasieran, hark eraman zuen bikotearen pisua. Gerora, berriz, niri tokatu zait gehiagotan erantzukizuna hartzea, eta ez dut beldurrik izan. Aurrean gehiago arriskatzeko behin baino gehiagotan esan izan dit, eta egin dut. Finalean bagaude da biok lan ona egin eta bikotea osatu dugulako.

2012ko abuztuan egin zenuen debuta. Pentsatuko al zenuen hain urrun iristerik?

Pilotari ororen lehen helburua da profesionala izatea. Behin hori lortutakoan, Lehen Mailan lehiatzea izaten da xede nagusia, eta, gero, final bat jokatzea. Hiru horiek lortuko ditut, eta txapel batekin jarri nahi nuke ginga. Beti jakin izan dut nire mugak zeintzuk diren, baina lana egin eta hobetuz joatea izan da sekretua. Fisikoki ondo prestatuta egon naiz beti, eta eskuin eskua hobetzen lan handia egin dut. Hori izan da nire ahulune nagusia, baina defentsarako, batez ere, gakoa izan da pilotak altxatzen ikastea. Inork ez dit ezer oparitu nire ibilbidean, dena lanari esker eskuratu dut.

Inoiz ez duzu lanerako nagikeriarik izan, beraz.

Bakoitzak bere nortasuna du, eta nirea langilea eta umila izatea da. Pilotaria naiz kantxa barruan ordu asko eta asko eman ditudalako, eta harro nago. Txikitatik izugarri gustatu izan zait pilotan jolastea, eta afizioa ofizio bihurtzea sekulako zortea da. Pribilegiatu hutsa sentitzen naiz. 3 urterekin hasi nintzen pilotan, eta Zaratamoko edonork badaki zenbat ordu eman ditudan pilotalekuan. Gustatu egiten zait. Bizitza pilotari lotuta ematea bikaina da. Badakit noizbait bukatuko dela, eta ikasketak egin ditut, baina bitartean gogor jarraituko dut. Egunero fin egiten ditut nire entrenamenduak, eta behin baino gehiagotan arlo fisikoa gutxiago lantzeko ere esan behar izan dit Aitor Erauzkinek, nire entrenatzaileak, hori egin ezean freskotasun guztia galduko nuelako. Binakako prestakuntzarekin bete-betean asmatu dugu.

Zer ikasketa dituzu?

Enpresa ikasketak amaitu nituen iaz. Ez ziren urte errazak izan, unibertsitatetik pilotalekura eta alderantziz ibiltzen nintzelako etengabe. Akaso hobe izango nuen lasaiago hartzea, baina burugogorra naiz. Bukatu nuen nahi nuena, eta, orain, ingeleseko eskolak hartzera joaten naiz. Baina pilotarako prestatzeko daukat egun osoa.

Prestaketari neurria urteen joanarekin hartzen al zaio?

Bai, dudarik gabe. Askotan uste izan dut gehiago entrenatuta hobea izango zela, baina gertatu zait partida jokatzen hasi eta indarrik gabe sentitzea. Norberaren mugak hobeto ezagutzen dira urteak pasatu ahala. Binakako Txapelketa honetan saiatu naiz entrenatzaileak esandakoa soilik egiten, baina zaila egin zait. Pilota goxoarekin jolasean aritzea izugarri gustatzen zait, eta askotan neure burua kontrolatu behar izaten dut. Pilotan aritzearena barruan daramadan zerbait da.

Zertan hobetu duzu debuta egin zenuenetik?

Eskuinarekin zabaleko pilotak eramaten. Etxanizekin [Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendaria] lan handia egin behar izan dut horretan, eta aldaketarik handiena horretan sumatu dut. Horrez gain, Lehen Mailako partidetan beste erritmo bat antzematen da, pilotak ere azkarragoak baitira, eta horretara ohituz joan naiz pixkanaka-pixkanaka. Arlo guztietan hobetu dut, eta ezer ez da egun bateko fruitua. Ni ez naiz aparteko gaitasuna duen pilotari bat, beste asko bezala. Eskuina ere mugatua dut [gaixotasun bat izan zuen gaztea zenean]. Ondorioz, lanari esker lortu dut onenen artean egotea.

Nolako finala espero duzu?

Gogorra eta zaila, ziur. Egia da txapelketan elkarren aurka jokatutako hiru partidak guk irabazi ditugula [22-6, 22-21 eta 22-18], baina uste dut Ezkurdia eta Zabaleta bolada onenean daudela. Finalerdietako ligaxkan beste guztiok baino gehiago izan dira, eta sufritu gabe sailkatu dira finalerako. Finalerdietako azken partidan erakustaldi itzela eman zuten Olaizola II.aren eta Imazen aurka [22-7 irabazi zuten], Bilbon, eta finala ere pilotaleku berean jokatuko da. Aurkezpenean ere esan nuen jo gehieneko bikotea osatzen zutela, eta ikusi da gero. Zaila da haiei aurre egitea, baina, gure onena ematen badugu, irabazteko aukerak izango ditugu. Ea aurreko koadroetan inspiratuta aritzen naizen.

Finaletara ohituta daude Zaratamon, baina Mikel Urrutikoetxearekin. Giro berezirik sumatzen al duzu orain herrian?

Nire lagunak eta familiakoak ilusio izugarriarekin daude. Beste pilotari guztiei bezala, niri ere finalerako 160 sarrera eman dizkidate banatzeko, baina gehiago ere izango dira Bilbon. Guztiek esaten didate presioaz ahazteko eta kantxara gozatzera ateratzeko. Ea txapela haiei eskaintzeko aukerarik dudan.

Zaratamoko pilotalekuko txoko batean, txapeldun izandako herriko pilotarien izenak ageri dira. Zerrenda horretan sartzeko aukera duzu.

Ederra litzateke, gogoangarria, baina oraingoz hobe dut horretan ez pentsatzea. Irabaziz gero, dena izango da ederra, baina galtzea ere ez litzateke atzerapausoa izango. Igandea iristeko desiratzen nago. Sekulako ilusioa daukat.

BERRIAn argitaratua (2018/04/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA