gizartea
«Ez, zapia daroazulako»
Ibai Maruri Bilbao

Ez da salaketa hori egiten duen bakarra. Ahizpatasuna andre marokoarren Bilboko elkartea osatzen duten guztiak egoera bertsuan daude. Ohartarazi dute taretan badaudela eri kronikoak ere. Oraingoz, elkarretaratze bat egin dute Bilbo erdigunean, eta gizartean euren arazoa ezagutarazten jarraituko dute. Ez dute baztertzen gerora salaketak jartzea edo erakunde publikoetara jotzea.
Duela lau urte sortu zuten Ahizpatasuna, kulturartekotasuna sustatzeko asmoz. Genero indarkeriaren aurkako borroka eta emakumeen eskubideen defentsa ere badituzte helburu. Andre eta marokoar izateagatik «bazterketa bikoitza» sufritzen dutela uste dute. Afaf Elhaloui elkarteko presidentea da: «Iruditzen zaigu beste herrialde batzuetatik etorri diren emakumeak baino gehiago baztertzen gaituztela gu. Eta pentsatzen dugu kulturak oso ezberdinak direlako gertatzen dela. Errazago onartzen dituzte Latinoamerikako edo Txinako emakumeak. Ameriketakoek, adibidez, hemengo erlijio bera dute, eta ez dituzte jotzen arriskutsutzat. Gu ez gaituzte onartu nahi burua zapi batekin estalita daramagulako». Kontatu du «irainak eta mespretxua» sufritzen dituztela kalean.
«Inork gura ez dituen lanak» ematen dizkietela salatu du. «Hil bukaerara iristeko arazoak ditugu ematen dizkiguten lanekin. Zelan ordainduko dugu halako soldatekin familia osoarentzako etxea?». Salatu du etorkizuna «hipotekatu» egiten dietela euren seme-alabei. «Hemen jaiotakoak dira, eta hemengo umeek dituzten eskubide berak merezi dituzte. Legez hala dagokie». Baina orain etxebizitza dute «premia nagusia». Eta, oraingoz, hori aldarrikatzeko erabiliko dituzte elkartearen indar guztiak.
Ahizpatasuna elkartea Bizkaiko Foru Aldundiaren Tartekari sareko partaide da. Sare horretako kideek konpromisoa hartu dute inguruan genero indarkeriako kasuak antzemateko eta biktimei babesa emateko. Andre horiei adierazten diete hor daudela euren premiarik badute, eta, laguntzarik behar izanez gero, eskatzera animatzen dituzte. Ez dute biktima erabakiak hartzera bultzatzen. Bakardadea haustea da helburua. Elhalouik esan du Bizkaiko marokoar komunitatean lan egiten saiatzen direla. «Biktima batzuk identifikatuta ditugu. Kasu batzuetan, oraindik ez da egon eraso fisikorik, baina badakigu goizago edo geroago etorriko dela. Eta senarraren etxetik atera nahi ditugu, txarragorik gertatu baino lehen. Salaketa egongo balitz, agian, administrazioak lagunduko luke emakumeari etxe bat lortzen. Baina isilpean dauden kasuetan andreek eurek lortu behar dute, eta ezinezkoa zaigu etxeak aurkitzea».
Hezetasuna eta saguak
Gustatu zitzaion etxe bat ikusi zuen Latif En-Nakrek. Alokatu egin zuen, baina bizitzera joan zenean, hutsik aurkitu zuen. «Etxejabeari esan nionean, nire herrira itzultzeko erantzun zidan». Salatu du denetariko egoerak pasatu dituztela: «Beste etxe batean, saguak izan nituen. Etxe agentziakoari deitu nion, eta, ikusi zituenean, erantzun zidan ez zela ezer gertatzen. Nola ez dela ezer gertatzen? Bera biziko litzateke horrela dagoen etxe batean, ala? Horrelako zulo batean sartuko lituzke bere seme-alabak? Ondo baino hobeto dakit ezetz».
Dressia Essannarik azpimarratu du etxea alokatzen dietenean baldintzarik txarrenetan egoten dela beti. «Guk ezin al dugu erdiguneko etxe handi eta argitsu batean bizi? Ordaintzeko behar beste diru baldin badugu, zein da eragozpena?». Hassanik asma dauka, eta depresioa izan zuen sasoi batean. Alokatzeko prest egon ziren etxejabe guztiek etxe «ilun eta hezeak» eskaintzen zizkieten soilik, «inork beretzat nahi ez dituen horietakoak».
Essannariren berbetan, beti eskatzen diete soldata bat. «Gutariko askok diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dugu. Nik urte askoan egin dut lan; gogor, gainera. Baina orain ez dut lanik. Zer nahiago lana baino!». Ez du ulertzen zergatik langabeei ez dieten etxebizitzarik alokatu nahi. Haren ustez, soldatapean dagoen maizterrak baino «berme eta segurtasun handiagoa» eskaintzen dio diru laguntzak jasotzen dituenak etxejabeari. «Etxea alokatzean lanean dagoena hurrengo hilean behar barik gera daiteke, baina diru laguntzak dituenak ziurtatuta dauka diru sarrera hilero. Gainera, alokairua kobratu gabe geratuko diren beldur badira, kontrolak egin ditzakete». Badaki lan on batekin errazago izango lukeela etxe on bat lortzea.