gizartea
Zerbait inportante egin zuten
Maite Asensio Lozano
Egunkaria-ko langile ohiek eta BERRIAko kideek Durangon (Bizkaia) ikusi zuten dokumentala, igandean. Tokia ez dute ausaz hautatu. Orain 26 urte Durangon egindako bileran hasi baitzen Egunkaria Sortzen taldea euskarazko kazetaren ideiari forma ematen. Durangoko Azokak hartu zituelako Egunkaria-ren lehen zenbakiko izenburu eta argazki nagusia: «Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak». Hortik jarri baitiote izenburua dokumentalari: Gaur ateak irekiko ditu.
Egunkaria-ren ernalkuntzan parte hartu zuten 40 lagun elkarrizketatu ditu Zapiainek; hedabidea sortzeko prozesua xehatu dute testigantzek. Hastapenak: bazegoela egunkari nazionalaren premia, baina egitasmoa erokeria zela uste zutela gehienek. Gutxi batzuek ikusi zutela argi. Gorka Arrese editorea: «Ez dago. Bada, egingo dugu. Eginez egiten da». Bazirela kazetaritza euskaraz ikasitako gazte batzuk, proiektura batzeko gogoz. Lorea Agirre kazetaria: «Oso ausartak ginen 20 urterekin».
Gorpuztea: hasi zirela paper gainean irudikatzen kazetaren itxura, eta hasi zirela estilo liburua ere lantzen —inork halakorik ez zuen garaian—. Garbine Ubeda idazleari egokitu zitzaiola logotipoa eta mantxeta diseinatzea: «Ezinezkoa zen denen gustukoa izatea». Bitartean, dirua bildu zutela herriz herri egindako ehun ekitaldi baino gehiagotan. Andres Gostin kazetaria: «Egunkaria-ren funtsean dago herri proiektu bat zela. Hori ikusteak eman zigun indarra». Anoetako Belodromoko festan aurkeztu zutela Egunkaria-ren 0 zenbakia, zalantza, eztabaida eta akatsekin.
Oztopoak: Eusko Jaurlaritzak ez zuela egitasmoa sustatu. Joan Mari Torrealdai soziologoa: «Tesi bat nagusitzen zen: goizegi zela euskarazko egunkaria sortzeko, ez zegoela merkaturik». Kazeta publiko bat egitea proposatu zuela gero. Hasier Etxeberria kazetaria: «Martin Ugalde bezalako jende handia penagarri tratatu zuten». Egunkaria jaio zen egun berean banatu zutela kazeta publiko haren 0 zenbakia, doan, Durangoko Azokan. Luistxo Fernandez kazetaria: «Zitalkeria izan zen».
Entrenamenduak: gaupasa egiten zutela «egunkari simulakroak» prestatzeko. Pilar Mendibil kudeaketa burua: «Bukatzen genuen, baina bukatu gabe». Lehen zenbakiari data jarri ziotela Espainiako Konstituzioaren egunean, eta ordutik abenduaren 6a «Egunkaria-ren Konstituzioaren egun» bihurtu zela.
Abenduaren 5a: egun bizia, kaosa, eromena; amaitu osteko lasaitasuna, nekea; lehen zenbakia amaituta, bigarrenari begira jarri beharra. Biharamun gogorra: lan eskerga, baliabide eskasak, soldatak pagatzeko zailtasunak... Alberto Barandiaran kazetaria: «Mirari txiki bat zen egunero egunkaria ateratzea». Imanol Murua Uria kazetaria: «Ordu asko sartzen genituen, baina gustura. Sentsazioa genuen zerbait inportante egiten ari ginela». Martxelo Otamendi kazetaren bigarren zuzendaria: «Euskal kulturaren begietako ninia bihurtu zen Egunkaria. Horregatik itxi zuten gero».
13 urtera eta hiru hilabetera hil zuen Euskaldunon Egunkaria Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2003ko otsailaren 20an. Bizirik dirau, ordea: BERRIAn. 25 urteoi begira, bada zer salatu, bada zer ospatu, eta bada zer aldarrikatu. Otamendi: «Bada euskarazko komunikabideen lana aitortzeko garaia; ez daitezela izan bazterrekoak, susmagarriak... Eta aitortzak ekar ditzala baliabideak». Langileen profesionaltasuna goratu du Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko buruak: «Orain arte egindakoak asko balio du: herri baten erdigunean jarri gara».