astekaria 2018/04/06
arrowItzuli

kirola

Ilusioz bete dute Sakana

Jon Eskudero

Ilusioz bete dute Sakana

Berez, pilotaren sustraiak aski errotuak dituen ibarra da Sakana, baina azken egunotan giro bereziagoa nabari da Arbizun (Nafarroa) eta inguruko herrietan. Taberna batera lehen pausoa eman orduko ederki antzeman daiteke orduak kontatzen ari direla iganderako. Eguraldia baino lehen, pilota da jendearen mintzoan tarterik handiena duen gaia, eta barra atzeko hormetan ere apustuak egiteko orriak ageri dira. Baikor dira herritarrak. Bakarren batek salbu, guztiek uste baitute binakako txapela jantziko dutela Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak. Ondo bidean, faborito samar kantxaratuko dira, finalerdietan erakustaldiak eman dituztelako eta Danel Elezkano eta BeƱat Rezusta baino indartsuago iritsi direlako finalera. Halere, zuhur dira bi pilotariak, eta badakite helburua lortzeko tentsioa ondo kudeatzen asmatu beharko dutela. Oraingoz lasai daude. Ez dute lo egiteko arazorik.

Ibarreko ilusio eta giro berezi hori zuzen-zuzenean bizitzen ari dira Ezkurdia eta Zabaleta. Duela sei urte profesional mailako debuta egin zuenetik, lehen finala izango du arbizuarrak, eta egun bakoitza oso-osorik gozatzea du helburu. «Bikaina da final batek sortzen duen guztia. Esperientzia berria izaten ari da niretzat, eta finalaz bakarrik ez, ordura arteko guztiaz gozatu nahi dut. Nire ingurukoak pozik ikusteak asko betetzen nau».

Zabaletarentzat, berriz, bigarren finala izango da. 2013an binakako txapela jantzi zuen, Juan Martinez de Irujorekin, eta balentria errepikatu nahi luke. «Urte hartan bertan gogoan dut nola esan zidan Irujok kostako zitzaidala beste final bat jokatzea. Barre egin nion, baina arrazoi zuen. Azken bost urteotan asko sufritu dut, zuloan egon naiz, baina berriro final batean nago, eta oso pozik sentitzen naiz».

Hirugarren aldiz ari dira elkarrekin binakakoan, eta orain arteko lanik onena egin dute. Profesionaletara igo geroztik, kosta egin zaie elkarri neurria hartzea. «Nahiz eta ibar berekoak garen, gaztetan oso gutxi jokatzen genuen elkarrekin, ia beti aurkari ginen», gogoratu du Zabaletak. «GRAVNI txapelketan jokatzen genuen batera, baina bestela gutxi. Profesionaletan gehiagotan jokatu dugu elkarrekin». Aurreko bi parte hartzeetan ez bezala, oraingoan finalean dira. Esperientziari leporatu dio errua Ezkurdiak. «Orain helduagoak gara, kirol arloan zein bizitzan, eta hori kantxan nabaritu dugu. Gure artean ez dago sekreturik, lagunak gara eta elkarri asko lagundu diogu, eta, azkenean, horrek fruituak eman dizkigu. Bion arteko giro onak mesede egin digu».

Halere, bost hilabeteko bidean makina bat oztopo gainditu behar izan dituzte. Izan ere, txapelketa oso oker hasi zuen Aspeko bikoteak. Aurkezpen egunean faborito jo zituzten ia denek, baina lehen itzulian ez zituzten aurreikuspenak bete: zazpi partidetatik hiru irabazi zituzten. Zabaletak aitortu du bera ere kezkatuta egon zela. «Faborito izaera guri eman arren, nik banekien bikote indartsuak zeudela eta oso zaila izango zela lau onenetan sartzea. Bengoetxea VI.a eta Larunbe ez sailkatzea ezuste handia izan zen. Gu gaizki hasi ginen, huts gehiegi egin genituen, eta egun txarrak pasatzea tokatu zitzaigun. Psikologikoki hondoa jotzeko gertu egon ginen».

Zergatia arrazoitu du Ezkurdiak. «Batez ere ni aritu nintzen nire mailatik behera. Partida jokatzen hasten ginen zertan jokatu ere ez genekiela. Galtza zuriak jantzi eta kantxan geundela bagenekien, baina ezer gutxiago. Oso aurkari errazak ginen besteentzat. Pixkanaka gure jokoa aztertu genuen, hobetzen joan ginen eta, konfiantzarekin, finalera heldu gara». Jokin Etxanizen lana goraipatu du atzelariak. «Haren aholkuak eta laguntza ezinbestekoak izan dira. Gu bion ondoan egon da beti, eta pena da finalean ezingo dugula bera aulkian izan». Bi bikoteak Aspekoak direnez, ez da izango Etxaniz aulkian.

Behetik gora

Nabarmen egin dute behetik gorako bidea, eta Ezkurdiak uste du aspaldiko sasoi onenean daudela biak. «Asko borrokatu gara, eta psikologikoki halako langa zaila gainditzeak asebete egiten du norbera. Finalerdietarako sailkapena bi jardunaldiren faltan eskuratzeak lasaitasun handia eman zigun, eta finalerdietan gozatu egin dugu. Olaizola II.a eta Imazen kontra Bilbon jokaturiko partida izan zen profesionaletan egin dudan inoizko onena». Zabaletak bikotekideari bota dizkio loreak. «Batak partida ona jokatzen zuenean besteak txarra egiten zuen, eta alderantziz. Okerka ibili gara. Finalerdietan, ordea, biok aritu gara goi mailan. Batez ere Ezkurdiak egin du lan aparta, eta horregatik gaude finalean. Olaizolaren kontrako partidan ez zen segundo bakar batez ere gidoitik atera. Perfekzioz jokatu zuen».

Garai gozoan egon arren, arbizuarrak inork baino hobeto daki zenbat sufritu behar izan duen estreinakoz final bat jokatzeko. «Zenbatetan entzun behar izan dut ez dakidala tantoa bukatzen eta psikologikoki biguna naizela. Nahi eta nahi ez, halako kritikek mina egiten dute, eta ikasi egin behar izan dut gogorra izan eta lanean jarraitzen. Kolpe asko jaso ditut, sarritan geratu bainaiz finalen atarian, baina orain indartsuagoa naiz. Mesede egin didate urte zail horiek». Izaera oldarkorragoa du orain. «Neurketa garrantzitsuak galdu eta bizpahiru egunez etxetik atera gabe egon izan naiz, baina pilota odolean daramadan zerbait da, eta beti eduki dut adorea entrenatzera joateko. Oso langilea naiz, eta inork ez dit ezer oparitu orain arte. Lanari esker egongo naiz Bilbon».

Gainera, psikologikoki indartsuagoa izateaz gain, Ezkurdiak uste du bere jokoan ere aurrerapausoa eman duela. «Egia da tantoa bukatzea kosta egiten zaidala batzuetan, baina ari naiz ikasten. Hori bai, ez da erraza Zabaleta bezalako atzelari batekin jokatzea. Jotzaile handia da, distiratsua, eta beti ematen du nire arabera dagoela galdu edo irabazi. Errematean ausartzen naizen bakoitzean ia derrigortuta nago tantoa bukatzera, eta ez da erraza horrela jokatzea. Oso ondo hautatu behar dut pilota bakoitza. Presio horrekin, maila ona emateak meritua du». Hori bai, Zabaletaren laguntzarik ez du falta izan. «Nik beti esaten diot lasai jokatzeko eta gozatzeko. Niri ere asko laguntzen dit berak, batez ere defentsan. Ezin da ahaztu urtebetez kantxetatik kanpo egon nintzela, lesio baten erruz, eta asko kosta zait erritmoa hartzea. Uste dut azken hilabetean lortu dudala hori, eta erruaren zati handiena Ezkurdiak du».

Ospakizunak, elkarrekin

Zabaletaren ustez, atzeko koadroetan egon daiteke finalaren gakoa. Horrek esan nahi du Rezustaren bizkarra ahalik eta une gutxienetan ikusi beharko duela. «Afizionatuetan ez nuen inoiz atzelari ezker baten kontra jokatu, eta kostatu zait ederki Rezustaren aurka ohitu behar izatea. Beste atzelari denen pilotakadak zuzen etorri ohi dira, baina harenak ez. Ezker horma ukituta norabidea aldatzen zaie pilotei, eta zaila da horri aurre egitea. Rezustaz gain, Elezkano ere konfiantzaz gainezka dago, eta partida zaila dugu». Ezkurdiak ez dio beldurrik ezeri.

«Zailena urduritasunari eustea eta gure maila ematea izango da, baina orain arteko lanak konfiantza ematen dit. Behin baino gehiagotan egon izan gara amildegiaren ertzean, eta ondo erantzun dugu. Horregatik, ez dugu beldurrik». Bihar izango da pilota hautaketa, eta garbi dute zer aukeratu. «Finalerdietan pilota indartsuagoak topatu ditugu, emanez gero min handiagoa egiten zutenak, eta gauza bera topatzea da gure helburua. Pilota azkarrak nahi ditugu, ez bote handikoak».

Babes faltarik ez dute izango Bilbon. Izan ere, enpresak eman dizkieten 160na sarrerak eskuetatik kendu dizkiete [sarrera guztiak amaitu dira]. «Nik nahiago izan dut lan hori amaren esku utzi. Hura ari da dena kudeatzen, eta eskerrak», aitortu du Zabaletak. Ezkurdiak, berriz, horrekin du lanik handiena. «Gehiago eman izan balizkidate ere salduko nituen, baina ezin izan da. Lagunak, familiakoak eta herritarrak ilusio handiz daude, eta ea haiengatik txapela lortzerik dudan. Irabazi edo galdu, denok elkarrekin ospatuko dugu, Arbizun bertan».

BERRIAn argitaratua (2018/04/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA