iritzia
Neguko pijama
Miren Amuriza


Neguko pijamak, bataila domestikoren bat galdu eta «eskerrak inork ikusi ez nauen» pentsatzen dugun bakoitzean, albo-kalteak erregistratzen dituzten franelazko armadurak: haginetako pastarekin markatutako paparrak, tostadorarekin erretako mahukak eta kafesnez, tintaz, odolez zipriztindutako magalak. Ai, neguko pijamak eta beren, gure, esentzia... Usaina.
Jendaurrean urdurituz gero, publikoa biluzik imajinatzeko aholkatu zigun behin batek. Oker zebilen. Trankiltzeko, ikusleak pijamarekin, neguko pijamarekin irudikatu behar dira. Biluztea neguko pijama janztea baita. Eta neguko pijama eranztea, azalberritzea. Udaberria. Zain nago, norbaitek kantaren bat noiz egingo ote dion; ez litzateke suge baten azal-aldatzea bezain poetikoa izango, baina nik gustura koreatuko nuke neguko pijamari buruzko abesti bat zerbeza bat eskuan-da.