astekaria 2018/03/30
arrowItzuli

gizartea

Herri euskaldunetako beherakada gelditzen hasi da, eta ezagutza hazten ari da oro har

Garikoitz Goikoetxea

Herri euskaldunetako beherakada gelditzen hasi da, eta ezagutza hazten ari da oro har

Euskaldunen eta euskararen erabileraren beherakada eteten hasi da herri euskaldunetan. Ondorio nagusi hori dakarte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herriz herriko euskara datuek. 2016ko zentsuaren zifrak kaleratu ditu Eustatek. Haien arabera, gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz. Datuak eremu soziolinguistikoaren arabera aztertuta, aurreko urteetan beherakada izan da herri euskaldunenetan, baina eten da. Eremu erdaldunagoetan igotzen ari da euskaldunen portzentajea. Azken datuetan bada berezitasun bat, orain arte ikusi gabea: erdaldun elebakar gehiago dago. Ia euskaldunen zakua txikiagoa da —euskara hitz egin ez, baina ulertzen dutenena—. Erabilerari dagokionez, eremu euskaldunenetan eten da galera. Zona erdaldunagoetan pixkanaka ari da hazten, baina mugatua da oraindik: euskaldunen dentsitate txikia oztopo da.

Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuan jasotzen dute informazio hori: euskararen ezagutza, herritarrek jasotako lehen hizkuntza eta etxeko erabilera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuekin egin du analisia BERRIAk. Ez dago Euskal Herri osokoa egiteko modurik. Izan ere, batetik, horrelako azterketarik ez dute egiten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta, bestetik, Nafarroan azken urteetan ez dute ematen herriz herriko daturik, lagin kontuak direla eta —izatez, oraindik ez dituzte datu orokorrak eman—.

Eustatek kaleratutako informazioa oinarri gisa hartuta egingo du Eusko Jaurlaritzak laster seigarren mapa soziolinguistikoa.

EZAGUTZA: ZENBATEKOA DA

EREMU EUSKALDUNENETAN?

Euskaldunen indizea %70etik gorakoa duten herriak hartzen dira herri euskaldun gisa —hain zuzen ere, indize hori da Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko bete beharrekoa—. Herri talde horretan, euskaraz badakite lau herritarretik hiruk (%75). Erdalduna da zazpitik bat (%15); hamarretik bat, ia euskalduna (%11).

Aurreko urteetako datuekin alderatuta, badira ñabardurak. Batetik, txanponaren alde baikorra: euskaldunen portzentajea handitu egin da. 2011ko datuetan, izan ere, %72 ziren, aurreko hogei urteetako ehunekorik apalena. Beste alde bat ere badu txanponak: erdaldunen pisua handiagoa da, 1991tik izandako handiena. Eta ez da biztanleria jaitsieragatik gertatu: 8.900 erdaldun gehiago daude eremu horretan, Eustaten arabera —euskaldunak 11.800 gehiago dira—. Ia euskaldunak jaitsi dira: 2011n baino 13.600 gutxiago dira. Gogoan izatekoa da inkesta baten bidez osatzen direla datuak: herritarrek zer dioten beren ezagutzaz.

Eremu euskaldunean eten da euskaldunen galera, baina ez erabat. Azterketa xeheagoa egiteko, herriak banatu dira 1981ean zuten euskaldun portzentajearen arabera. Euskaldunak %90 baino gehiago zituzten herrietan atzeraka ari dira. Hamabost herrik dituzte euskaldunak herritarren %90 baino gehiago; 1981ean, 48k.

ETA GAINERAKOETAN?

Euskaldunak %70 baino gutxiago diren udalerrietan etengabe ari da hazten euskaldunen portzentajea. Argia da eboluzioa: 1981ean, herritarren %14 zituzten euskaldunak, eta orain, %36. Erdaldun elebakarren portzentajeak erabat aurkako bidea egin du urteotan: mende aldaketaz geroztik, herritarren erdiak baino gutxiago dira erdaldun elebakarrak. Joera eten egin da, ordea: lehen aldiz, handitu egin da erdaldunen portzentajea. %44 dira. Ia euskaldunen zakua nabarmen jaitsi da. Harrigarria da, orain arteko joera ikusita: bost urtean, %27tik %20ra —kopurutan, 136.000 gutxiago dira—.

Interesgarria da bilakaera ikustea 1981eko euskaldun portzentajearekin alderatuta. Igoera ikusgarriak daude. Adibidez, 1981ean euskaldunak %10 baino gutxiago ziren herrietan ia sei aldiz euskaldun gehiago dago: %5etik %28ra igo da euskaldunen ehunekoa. Gogoan izatekoa da multzo horretako herriak direla handienak.

GUNEAK: ZER ETA NOLA?

Urteotan izandako aldaketa argi erakusten du gune soziolinguistikoen bilakaerak. 1981ean, herritar gehienak lehen gune soziolinguistikoan bizi ziren —euskaldunak %20 baino gutxiago diren herrietan—; gaur egun, oso bazterreko eremua da —7.500 biztanle—. Bigarren gunea hazi da batez ere —euskaldunak %20-50 dira hor—, eta hirugarrenak ere aurrera egin du urteotan. Aldiz, eremurik aurreratuenak, laugarren guneak, atzera egin du: 7.600 herritar gutxiago, 9.300 euskaldun gutxiago.

Euskaldunen dentsitatea adierazten dute gune soziolinguistikoek. Hori gakoa da erabileran. Banaketari begiratuta, hara: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunen erdiak baino gehiago bizi diren herrietan, euskaldunak ez dira erdira iristen; euskaldunen %56 bizi dira lehen eta bigarren gune soziolinguistikoetan —gazte euskaldunen artean are handiagoa da portzentaje hori—.

EUSKALDUNEN SOSLAIA:

ZER ALDATU DA URTEOTAN?

Euskaraz badakite herritar gehiagok, baina beste gisa batez eskuratu dute hizkuntza. Alde horretatik, aldatzen ari da euskaldunen soslaia. Hara: 1986an, lau euskaldunetik hiruk euskara jaso zuten etxean (%76); orain, erdiek ere ez (%41). Aldaketa horrek zuzeneko lotura dauka eskolarekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskaldunen ia erdiek (%45) etxetik kanpo ikasi dute euskara. Are argiagoa da aldaketa 20 urtez azpiko euskaldunetan. 1986an, adin horretako bost euskaldunetik hiruk etxean jaso zuten euskara (%61); orain, bostetik batek (%23).

Kopuru absolutuetan begiratuta, gutxiago dira etxetik euskaldunak: 1986ko zentsuaren arabera, 392.000 euskaldunen lehen hizkuntza zen euskara; 2016an, 369.000 euskaldunena. Trukean, igo egin da euskara eta gaztelania, biak, etxean bertan jaso dituztenen kopurua: 47.000tik 113.000ra.

ETA HERRI EUSKALDUNETAN?

Erdaldunen iritsiera nabarmena izan da eremurik euskaldunenetan, baina euskaldunen soslaia aldatu da herri horietan ere. Ezagutzaren datuak eta etxean jasotako hizkuntzarenak alderatuta, hara: 1986an, 216.000 euskaldun zeuden herri horietan, eta 207.000 herritarrek euskara zuten lehen hizkuntza; orain 242.000 euskaldun dira (%12 gehiago), eta euskara lehen hizkuntza gisa jaso zutenak, 189.000 (%9 gutxiago). Aldaketa demografikoek izan dute hor zerikusia, baina bistakoa da jende mugimenduak ere tarteko direla.

Biztanle mugimendu handiak izan dituzte herri horietako askok: azken urteetan nabarmen hazi dira, batik bat 2000ko hamarkadan. Azken urteetan, krisi giroan, gutxiago. Hara: udalerri euskaldunetan 1981ean baino %12 biztanle gehiago dira, eta gainerako herrietan, %0,3 gehiago.

ERABILERAREN JAITSIERA

ETEN DA HERRI HORIETAN?

Euskaraz dakitenen portzentajea jaitsi izanak sortu du kezka udalerri euskaldunetan, eta etxeko erabileraren jaitsiera ere nabarmena izan da. 1991tik aurrerako datuak hartuta, aldirik aldi jaitsi da erabilera eremu horretan. 2016ko zentsuaren arabera, eten egin da joera hori. Urrun dago, hala ere, duela 25 urteko datuetatik: orduko zentsuan, eremu horretako herritarren %56k adierazi zuten etxean euskaraz egin ohi zutela gehienik; azken ikerketan, %48k. Kopurutan: 9.700 lagun gutxiagok egiten dute etxean euskaraz udalerri euskaldunetan, nahiz eta 23.000 euskaldun gehiago egon. Euskaraz eta gaztelaniaz berdintsu aritzeko joera zabaltzen ari da, baina ez galera hori estaltzeko lain —3.000 lagun gehiagok esan dute bietan jarduten direla: 49.000k—.

Etxeko erabileraren jaitsiera nagusia 2001etik 2011rako inkestek azaldu zuten, herri horiek nabarmen hazten ari ziren garaikoek. Ez da udalerri tipologia guztietan eten galera, halere: euskaldunak %90 baino gehiago zituzten herrietan jaisten ari da erabilera. 1991n, herri horietan %88k adierazi zuten etxean batik bat euskaraz jarduten zutela; 2016an, %64k.

Kontuan izatekoa da, gainera, inkesta bat dagoela datu horien oinarrian: herritarren datu aitortuak dira, hortaz. Erabilerari dagokionez, beti sortzen dute zalantzarako tartea, euskararen erabilera aitortutik benetakora egon daitekeen diferentzia dela medio.

GAINERAKOETAN, IGOTZEN?

Euskaldunen indizea %70etik beherakoa duten herrietan, bai, ari da igotzen etxeko erabilera, baina mugatua da: %8k adierazi dute etxean gehienbat euskaraz jarduten dutela. Pixkanakakoa da igoera: 1991tik, 1,5 puntu hazi da.

Kontuan izatekoa da da dentsitate txikia: nahiz eta euskaldunen portzentajea batez ere eremu horietan ari den aurrera egiten, euskaldunak gutxiengo nabarmena dira oraindik, eta erabiltzeko oztopo da hori. Erraztasunik eza ere tarteko dago. Adinaren aldagaiari ere erreparatu behar zaio: batik bat eskolaren eskutik ari da euskararen ezagutza zabaltzen, eta hiztun horietako askok etxekide erdaldunak dituzte. Hortaz, nahiz eta euskaldunen portzentajea nabarmen igo aldi batetik bestera, zailtasunak daude etxeko erabilera bide berean jartzeko. Adibide argia da 1981ean euskaldunak %10 baino gutxiago zituzten herriena: ezagutza %5etik %28ra igo da; etxeko erabilera, %2tik %3ra.

Udalerri euskaldunek erabileran duten rola agerian uzten dute etxeko erabileraren datuek. Hiru herrialdeetan 896.000 euskaldun daude, eta haietatik herenek diote etxean euskaraz aritzen direla: 307.000 lagunek. Eremuz eremu aztertuta, hara: udalerri euskaldunetan euskaldunen laurdenak bizi dira (%27), baina etxean euskaraz egiten dutenen erdiak (%52).

BERRIAn argitaratua (2018/03/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA