astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

Ez da zerutik erori

Jone Amonarriz

Ez da zerutik erori

EUSKALDUNON EGUNKARIAk euskarari egindako ekarpena eztabaidaezina da. Hogeita bost urteotan euskararen alorrean lanean aritu direnek atzera begiratu dute, eta gogora ekarri dute orduko langintzak izan duen garrantzia.

Jasangarri esan daiteke, edo iraunkor. Ekimen idatz daiteke, edo egitasmo. Erabakior edo erabakigarri. Sukaldatu edo kozinatu. Gonbita luzatu, edo gonbita egin. Alkate edo auzapez. BERRIAren estilo liburuak markatzen du egunkariaren jokalekua; herritar orori eredua eskaintzen; kalitatea bermatzen; bidea seinalatzen. Ez da zuhaitz batetik jausi. Ez da zerutik erori. Eta BERRIA bera ere ez. Duela mende laurden bat hasitako bidearen emaitza da: «Orain, hartzen dut EGUNKARIAren zenbaki zahar bat, eta pentsatzen dut: 'Hau mirari bat zen'», dio Irene Arrarats EUSKALDUNON EGUNKARIAko euskara taldearen arduradun ohiak (Hernani, Gipuzkoa, 1967) —egun BERRIAn kargu bera betetzen du—. Segidan pausa bat. Emozioa.

Patxi Petrirena (Sunbilla, Nafarroa, 1963) eta Beatriz Zabalondo ere (Elgeta, Gipuzkoa, 1961) euskara arduradun izandakoak dira; egun, Berria Taldeko lehendakaria da Zabalondo, besteak beste, eta Elhuyar fundazioko zuzentzaile eta itzultzailea Petrirena. Hirurak dira euskarak egindako bidearen testigu. «EUSKALDUNON EGUNKARIAk Lizardiren ametsa egia bilakatzea posible zela erakutsi zuen. Gabeziak gabezia —eta 1990ean asko eta handiak ziren—, Euskal Herri osorako proiektu bat aurrera ateratzeko gai ginela ikusi zen», azpimarratu du Zabalondok. Urtetik urtera, kazetaritza proiektu gisa eta hizkuntza moldearen aldetik, EGUNKARIA indarra hartuz joan zela dio Petrirenak: «Lehenbiziko une zailak iraganda —tira, une errazik izan ote du?—, sendotuz joan zen EGUNKARIA».

«Hizkuntza baten bizialdian hogeita bost urte ez dira ezer. Batzuek mendeetan egin duten bidea oso denbora gutxian egin dugu, eta egiten ari gara, oraindik bukatu gabe dagoelako», ekarri du gogora Arraratsek. Mende laurdenean EGUNKARIAk —eta ondoren BERRIAk— bizia eman dio euskarari; ateak ireki dizkio lehen tokirik ez zuen eremuetan lekua egiteko. «Benetan jabetzeko zenbateraino izan den EGUNKARIA lagungarria euskararen normalizazioan, kontuan hartu behar da nola zegoen, zein zen egoera soziolinguistikoa, eta corpusa zertan zen».

BIDEKO ARANTZAK AKUILU

«Idazleen luma eta euskara bera zorrozteko trebaleku» izan da EUSKALDUNON EGUNKARIA. Hala deskribatu du Petrirenak. Euskarazko kazeta bat egin zitekeelako froga ekarri zuela gehitu du. Zabalondoren arabera, «euskal hedabideen esparrua osatzeko, behar-beharrezkoa zen eguneroko prentsaren ekarpena». Ordurako EITB eta Argia bazirela gogorarazi du: «EITB, ordea, ikus-entzunezkoetarako hizkera lantzen ari zen: ez prosa idatzia. Argia, berriz, idatzizko aldizkaria genuen, euskal prentsaren dekanoa, baina ez zen egunerokoa. Aitortzen hasita, esan behar da Argia izan zuela EGUNKARIAk sehaska: lehen kazetariak han trebatu ziren edo hangoak ziren». Arraratsek ere Argia «haztegi bat» izan zela azpimarratu du. Baina testu masa askoz handiagoak idazteak eta egunerokoa izateak zekarren zailtasunari egin zion aurre EGUNKARIAk, Zabalondoren hitzetan. «Horrek esan nahi zuen beste abiada batean lan egin eta iraunkortasunari eutsi behar zitzaiola».

Kazetari askoren eskola izan zen, Zabalondok azaldu duenez; izan ere, ordura arte, kazetaritza fakultateetatik pasatutako ikasle gehienak erdarazko medioetan trebatu ohi ziren. «Informazio elementuak nola idatzi —izenburuak aditzarekin edo gabe—, generoek, ilustrazioek edo argazki oinek zer trataera izan behar zuten, elkarrizketatuak eta lekukoak aurkeztean nola izendatu, pertsona eta leku izenak nola eman, beste alfabetoetako transkripzioak nola egin, nola eman euskaraz beste hizkuntzetako izenak... —azentu markak bai edo ez, eta abar— Zalantza asko zeuden». Argia-n ibilitako jendeak esperientzia bazuen euskaraz idazten, BERRIAko lehendakariaren esanetan, baina, oro har, arazoak zituzten baita gauzarik oinarrizkoena azaltzeko ere. «Egunerokoak jartzen gintuen ataka asko eta askotarako ez genuen hiztegi baturik, eta gero hiztegietan sartu diren termino asko sortu, ibili eta erabili dira. Atzera begiratuta, ohartzen zara zein garrantzitsua izan zen orduko langintza».

«Euskara batu zabal bat erabili eta neurri batean eratu zuen, estandarraren enborra hango eta hemengo hostoekin jantziz. Estandarizazioaren bidean, eragile zorrotza izan zen EGUNKARIA, orain BERRIA den bezala». Petrirenak gogora ekarri du irizpideak oraindik finkatu gabe zeudela, oinarria egonagatik. «Erabakimenez eta tinko islatu eta hedatu zituen Euskaltzaindiaren arau eta proposamenak, eta orobat gainerako normalizazio eragileenak». Hitz eta esapide berriak ere eman dizkio euskarari EGUNKARIAk: «Hantxe erabiliko zen lehen aldiz soslai norbaiten ezaugarriak adierazteko; noranahiko, lur orotarako esateko; bide baten bikoizketa… Erreproduzitzaile ez ezik, sortzaile ere izan zen EGUNKARIA, orain BERRIA den bezala. Bizitasunaren seinale».

EUSKARA EGUNERO ETA DENENTZAT

EUSKALDUNON EGUNKARIA sortu zenean, bi ezaugarri zituen, batez ere, besteetatik bereizten zutenak: Euskal Herri osoarentzako kazeta zela, batetik, eta euskara hutsean zela, bestetik. «Prosa zazpi herrialdeetarako baliagarria izatea zen helburua, eta bizitasuna eta kolorea izan zitzala, txokokeriak ahaztuta». Arau edo helburu biak muga ziren, dudarik gabe, baina erronka ere bai. Motibazio horri segitu, eta gaur arte euskaldun orok izan du kioskoan —orain sarean ere bai— Euskal Herriko eta euskarazko egunkari bat, kosta ahala kosta: «Gure irakurle potentzialen artean, gainera, euskaltzainak zeuden eta AEKn laugarren urratsean zegoen jendea. Eta denentzako moduko egunkari bat egitea zaila da. Nekeza da. Eta are gehiago erabat normalizatu gabe dagoen hizkuntza batean».

«Hala, poliki-poliki, egunero egiten zen lana iragazi, perlak gorde eta esperientzia metatu ahala, estilo liburuak osatzen ere egin zuen bidea EGUNKARIAk. Lehenengoek hiztegi kontu asko jaso zituzten, baina, hiztegigintzan ere aurrera egin zenean, horretan zebiltzanen irizpideak onartzeko erreparorik ere ez genuen izan, gu gehiago zentratzeko prosagintzan eta euskarazko kazetaritza moduetan», nabarmendu du Zabalondok. Hizkuntzaren normalizazioan oso lagungarria izan da estilo liburua. «Beti entzun izan ditugu hitz onak estilo liburuari buruz». EGUNKARIAk iraun zuen 13 urteetan, hiru estilo liburu kaleratu ziren. «Estilo liburuak beti izaten dira barrura begira egindakoak. Etxeko jendeak zeri heldu eduki dezan. Hor sistematizazio lan bat egiten da, ikusi zein diren komunikazioa trabatzen duten arazo handienak, eta horiei konponbide batzuk eman. Jokaleku bat markatzen da horrela. Jokaleku horren barruan, kazetari bakoitzak bere estiloa dauka, noski», azaldu du Arraratsek. Kanpora begira ere oihartzun handia izan du, eta dezente erabili izan da eskoletan, euskaltegietan eta itzultzaileen artean. «Proposamen bat zen euskara estandar bat, euskara periodistiko bat egiteko. Bide bat markatu zuen, eta, hain zuzen, horregatik egin zitzaion halako harrera ona».

Metaforak tarteko, argi eta garbi azaldu du egungo euskara taldearen arduradunak EGUNKARIAk euskarari eginiko ekarpena. «Egunero edozer gauzari buruz idazteak —ekonomiaz, zuzenbideaz...— olioa ematen dio hizkuntzari; distira ateratzen dio. Zenbat eta gehiago erabili orduan eta zorrotzagoa den tresna bakarra da hizkuntza. Besteak kamustu egiten dira erabiltzearen poderioz. Hizkuntza ez: hizkuntzarekin justu kontrakoa gertatzen da; zenbat eta gehiago erabili, orduan eta zorrotzagoa da». EGUNKARIAk horretan lagundu zuen, besteak beste, Arraratsen arabera. «Argi dago sekulako lana egin zuela eta, seguruenik, normalizazioan egin duen ekarpena ere etorkizunean ikusiko dela garbiago, gaur egun baino; baina gaur egun ere eztabaidaezina da ekarpen hori», goraipatu du Petrirenak.

«Ikusita duela hogeita bost urte nola zegoen panorama eta orain nola dagoen, arazoak arazo, zailtasunak zailtasun, eta itsutu gabe, pozik egoteko moduan gara. Euskarari gero eta gauza hobeak ematen jarraitu behar dugu, exijentzia ere handiagoa delako. Asko exijitzen diogu euskal kazetaritzari; eta, nire ustez, hala behar du». Arraratsek aitortu du gaur egun kazetaritzan egiten den prosa moldea «zordun» zaiola EGUNKARIAk egindako lanari, neurri handi batean. Hiru testiguak bat datoz horretan.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA