astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

Besterik ezean, etxean egin behar

Berria

Besterik ezean, etxean egin behar

Bide malkartsuan egin zuen aurrera EGUNKARIAk: baliabideak falta zitzaizkien hainbat alorretan, eta, gabezia horiek guztiei buru egiteko, tresna propioak sortu behar izan zituzten.

«Ez geneukan ezer: horregatik, berebiziko garrantzia zuen sena izateak». Jose Luis Aranguren Txiliku izan zen EUSKALDUNON EGUNKARIAko euskara taldeko lehenengo burua. Garai haietan, hiztegiak tomotan ateratzen zituzten, hizkika. «Ez zegoen hiztegi baturik. A letra besterik ez geneukan. Kontu horiek ahaztu egiten zaizkigu, baina B letra ez zen sekula ailegatzen: egunkarian idatzitako hamar hitzetatik bederatzitan, tomo haiek ez ziguten ezertarako balio».

Zuzentzaile bat eta itzultzaile bat. Bi lagunek osatzen zuten hasieran euskara taldea; biak, jatorriz, itzultzaileak: Txilikuk eta Beatriz Zabalondok —egun, Berria Taldeko lehendakaria—. Egunero, 32 orri izaten zituzten txukuntzeko. Ez zegoen etsipenerako denborarik: hurrengo eguneko egunkaria zuzendu behar zuten, eta, lana txukun egingo bazuten, ahal zuten moduan moldatu behar. «Eskerrak itzulpengintzan hartutako eskarmentuari. Horri, eta aurretik genituen harremanei: baliabide asko lortu genituen haien bidez», aitortu du.

«Gure irizpidea zen: Hauta-lanerako Hiztegian kontsultatu, eta hor ez badago, ahal den bezala egingo dugu». Etxe barrurako irizpideak segituan hasi ziren finkatzen: 1991ko martxoko data duten kaiera batzuk apaletan daude gordeta, 25 urte geroago. «Kazetari guztiei banatu zitzaien hori: esango nuke Koldo Izagirre eta Josu Landa zeudela horren atzean».

Liburuxka haiek oinarri ona dute gaur egun ere, baina badira egun begietara min egiten duten hitzak ere: eritzia, gainerontzekoak... Kazetari alorreko hitz asko ingelesez zeuden, zuzenean, euskarazko baliokideen faltan. «Askotan deitzen genuen unibertsitatera, jakintsuak haiek zirela-eta erabakiren bat hartu beharko zutela esanez. Ez zuten inoiz erantzuten. Hala, behin [Andres] Gostinekin jarri nintzen egun batean, eta euskaratu egin genituen».

Egunerokoan bi lagun soilik aritu arren, bazuten sare bat, eta hor bilatu zuten laguntza. Erakunde batean eta bestean lan egiten zuten itzultzaileak ezagutzen zituzten, eta haien bidez lortu ahal izan zituzten publikatu gabeko hiztegi asko, administrazio, politika edo nazioarteko gaietarako erabilgarriak zirenak.

Horrez gain, gogoan du Txilikuk nola banatzen zituzten egunkariko orriak zenbait lagunen artean, haiek zuzenketak egiteko. Hasiera hartan, Elhuyarreko Iñaki Azkunek eta UZEIko Jose Antonio Adurizek eta Jabier Agirrek lagundu zuten gehien, Txilikuk gogoratu duenez. Ez ziren bakarrak: maiz jasotzen zituzten udaletako euskara teknikarien deiak: aholkuak eman eta zuzenketak egiten zituzten. Eta, horietaz gainera, eskatu gabeko zuzenketa gehiago ere jasotzen zituzten: «Herri honetan, denak filologoak izan gara eta...».

Errotatiba propiorik gabe, entregak oso goiz izaten ziren, oro har, baina zenbait saili bereziki eragiten zien; kulturari, esaterako. Gorka Arrese izan zen talde horretako burua, eta, eguneko gauzak egiten zituzten arren, orriak goizean entregatu beharrak lanak aurrez prestatzera behartu zituen. Pisu handia zuen kultura sailak, gainera. «Egunkari baterako ari ginen idazten, baina, aldi berean, astekari batean ohikoak ziren formulazioak erabiltzen genituen». Hasier Etxeberriaren piezak aipatu ditu. «Lan handia egin zuen, eta gauza oso bereziak egiten zituen: kolaboratzaile oso aktiboa izan zen». Argia-tik zetorren Arrese, eta gogoan du nola astekarian ikasitakoak aplikatzen zituzten euskarazko kazetan. «Hasieran ikaratuta geunden, baina Juan Luis Zabala, Alberto Barandiaran, Lorea Agirre eta Gorane Agirre bezalako kazetariak ondoan izanda, ez genuen arazo handirik izan».

KATEAREN BEGI GUZTIEN GARRANTZIA

Egunkari bat katean egiten den lana da. Eta kate horrek ondo funtzionatzen zuela bermatzea zen Pilar Mendibilen lana. «Kate horretan zenbat eta geroago parte hartu, orduan eta azkarrago lan egin behar duzu: errotatiba lana izugarria da, baita banatzaileena ere». Muntatze mahaian hasi zen lanean, euskarazko egunkariak sei hilabete baino gehiago ez zuela iraungo esaten zenean. Handik gutxira, Bartolo Makazaga Argia-ko langilea hil zela-eta, Josu Landa EGUNKARIAko produkzioburua zena Argia-ra itzuli zen, eta Mendibil izan zen aurrerantzean produkzioburua.

Mendibilek ez dauka ahazteko informatikarien lana. «Izugarria izan da egin duten lana». Sistema digitalizatzen egindako lanagatik dio, baina baita lekualdatze bakoitzean egindakoengatik ere —Mundaizetik Lasartera, handik Andoainera, itxierak behartutako aldaketa guztiak...—. Ordenagailu bakoitza banan-banan jarri behar zuten martxan. Artxiboak, altzariak... dena garraioan eraman behar zen: «Lekualdatzeak beti guk egiten genituen, hau da, langileok. Gogoan dut nola ikusi nuen behin Iñaki Uria besoak ubelduz beteta».

Informatikariek, euren lanaren bidez, guztiz aldatu dute kazetarien jarduna. Egun, bakoitzak bere ordenagailua du, ediziorako beharrezko dituen tresna guztiekin. Orria osatutakoan, klik gutxi batzuekin pasatzen diote orria euskara taldekoei, eta haiek, zierrekoei. Hasieran, baina, ez zegoen edizio digitalik, ezta baliabide hobeak lortzeko dirurik ere.

Premiak ekarri zituen hobekuntzak. Testuak kazetariek berek maketatzeko beharraz jabetzean, merkatuan zer aukera zeuden aztertzen hasi ziren, Oskar Angulo informatika taldeko buruak azaldu duenez. Bi aukera zituzten: hedabide askok erabiltzen zuten sistema zentralizatua, «diru asko balio zuena»; edo sistema deszentralizatua. «Bigarrena aukeratu genuen, zeuzkan eragozpen guztiekin: hori egokitzen zen ondoena gure poltsikora». Horren alde egin zuten, pentsaturik besteek zituzten abantailak beraiek sortuko zituztela gero.

Eta hala egin zuten. Lehenbizi, zierreko sistema egin zuten. Orriak koloreen bidez erakutsiz, bakoitza non den adierazten du: zuzentzeko zain ote dagoen, zuzentzen, filmatuta, edota errotatibara bidalita. Geroago etorri ziren kazetarien lana are gehiago erraztuko zuten planilloa eta publizitate pauta, esaterako. Eta, harro egoteko moduko lana egin arren, umil hitz egin du Angulok: «Sentsazioa gazi-gozoa daukat: alde batetik, ikusten duzu egin duzuna ez dela borobila, zerbait falta zaiola; bestetik, ordea, egunerokoari aurre egiteko balio digu. Tresna xumeak dira, baina erabilgarriak izan dira 25 urte hauetan. Ezin da esan sekulakoak direnik, baina oso praktikoak dira».

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA