astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

Ebaki egin berria haragi bizitan

Berria

Ebaki egin berria haragi bizitan

Hasiera zaila izan zuen EUSKALDUNON EGUNKARIAk: aurrez aurre izan zituen Eusko Jaurlaritzaren egunkari publikoaren itzala, batetik, eta boikot instituzionala, bestetik.

1989aren hondarrean hasi ziren urak mugitzen, eta 1990eko urtarrilean hasi zen EGUNKARIAren itsasgora. Bilerak ugari izan ziren, baina bi izan ziren proiektuarentzako garrantzitsuenak, Joan Mari Torrealdaik gogoratu duenez. Lehenengoa, urtarrilaren 21ean egindakoa. Egunkaria Sortzen talde eragilea sortu zen orduan. Lan eremu eta taldeak ere finkatu zituzten: talde bateragilea, kazetari batzordea eta batzorde ekonomikoa. Lan banaketa eginda, lanean jartzeko ordua zen. Torrealdai hiruretatik bitan zegoen, kazetari batzordean eta talde bateragilean, baina bateragilean aritu zen gehienbat.

Aurreko hamarkadan hainbeste zeresan eman zuen euskara hutsezko egunkaria bazetorren: guztiz ezaguna zen Egunkaria Sortzen taldearen jarduna. Apirilaren 7an egin zuten Torrealdaik aipatutako bigarren bilera garrantzitsua: «Proiektu periodistikoa onartu egin zen, eta proiektuari formula juridiko bat ematea ere bai. Kultur elkarte bihurtuko zen Egunkaria Sortzen, eta elkarte mugatu bat izango zuen ondoan, praktikotasunerako; geroago etorriko da Egunkaria SA». Euskara hutsezko egunkari nazionala egiteko erronkak hauspotuta ari ziren lanean, eta orduantxe iritsi zen kolpea: «[Joseba] Arregik-eta [orduko Kultura sailburua] beraiek ere egunkari bat egingo zutela jakinarazi zuten».

Eusko Jaurlaritzak bazekien martxan zela Egunkaria Sortzen-en egunkaria. «Lehenengo bisita oso goiz egin genion Arregiri [Karlos] Santamaria, [Joxemi] Zumalabe eta hirurok. Martin [Ugalde] kanpoan zen». Torrealdaik gogoan du bilera horretaz idatzi zuela Santamariak El Diario Vasco-n, Arregik Egunkaria Sortzen-en proiektua begi onez ikusi zuela esanez. «Niri baikorregia iruditu zitzaidan hori. Esango nuke poker aurpegia jarri zuela, sentimenduak edo gogoa ez azaltzeko».

Beraz, bi proiektu izango ziren martxan aurrerantzean; teorian, behintzat, hala zen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak esan zuen egunkari bat egitekoa zela, baina hortik sortu zen lantaldeak beste funtzio bat izan zuen. «Gero osatu zuen taldea, [Jose Ramon] Belokiren taldea, ez zen egunkari bat egiteko, egitekotan nolakoa beharko zukeen zehazteko baizik». Egunkari publiko hori, gainera, 1988an sinatutako Ajuria Eneko Itunaren barruan sartuko zen, gerora Joseba Arregik zehaztu zuenez. «Ordura arte, gure gizartea zatitzeko moduak ohikoak ziren: espainolistak eta abertzaleak, ezkerra eta eskuina. Itun horrek beste ebaki bat sortu zuen: demokratena eta ez-demokratena». Arregik egunkarigintzara eraman zuen bereizketa, nahiz ez zen hori haren inguruko guztien nahia.

BESTEAK, «EZ- DEMOKRATAK»

1988an ebaki bat ireki zen abertzaleengan, eta nabaria zen min ematen jarraitzen zuela urte pare bat geroago. Egunkari publikoa Ajuria Eneko Itunaren barnean kokatzeak «ez-demokraten zakura» zokoratu zuen herri mugimendutik zetorren egunkaria: «Garrantzitsua da gogoratzea gure proiektua ez zela proiektu politiko gisa sortu. Baina agintean dagoenak esaten badu beraiek aterako dutela egunkari bat, eta haiena demokraten egunkari bat izango dela, gu orduan ez-demokraten egunkaria egiten ariko ginen, eliminazioz».

Argia-tik zetorren euskara hutsezko egunkariaren proiektua, eta, hain zuzen ere, proiektu sendo eta zabala izan zedin, kultur eragile eta herritarrengana jo zen hasieratik. Egunkaria Sortzen talde eragilea 75 lagunek osatu zuten; kultur arloko eta euskalgintzako jendeak, hain zuzen. «Gurea euskal irakurle guztientzat egindakoa zen, ebaki politikorik gabe: garrantzitsua da gogoratzea proiektua kulturatik zetorrela».

Ebakiaren alde banatan jarri zituen bi proiektuak Kultura sailburuak. «Politikaren barruan eta abertzalegoaren barruan zegoen haustura handiarekin abiatu ginen, etenaren erdi-erdian». Horrek albo kalteak izan zituen, oso agerikoak, gainera: «Kalte handia egin zigun kanpainan, onarpen soziopolitikoan eta diru iturrietan, publizitatean».

IRAUN, ETA IRABAZI

Ustez egitekoak ziren egunkari publikoaren itzalak zauritu zuen herri mugimenduan zebiltzanen gogoa. «Sekulako mina egin zigun. Bitan banatu zuen euskaldungoa: onak alde batean, eta gu, gaiztoak, bestean. Ataka zailean jarri gintuzten. Jatorrizko bekatua omen genuen guk». Paraleloki zihoan egunkari publikoaren itzala ez zen izan, ordea, Egunkaria Sortzen taldekoen buruhauste bakarra: kezkarik handienak boikot publizitarioa eta diru laguntzen ukoa izan ziren.

EGUNKARIAk ez zuen Jaurlaritzaren publizitaterik jasotzen. «Boikot publizitarioa egin zitzaigun hasieratik. Horrekin jaio ginen, eta horrekin bizi izan ginen lau urtez». Torrealdaik gogoratu duenez, etengabe eskatzen zieten Eusko Jaurlaritzari hitz egitea, negoziatzea. Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe eta Torrealdai joan ohi ziren hasierako bilera «gutxi» haietara. Beti mezu berarekin joaten ziren, Torrealdairen arabera: publizitate instituzionala lehenengo, diru laguntzak gero. Kontu egin behar da urte haietan publizitate instituzionalak diru asko uzten ziela egunkariei. «Baina hark [Arregik] ezetz, ez zuela emango. Diru laguntzen akordiorako bidea ireki ere ez zuen egiten. Horrela ibili ginen hiru urtez, frontis baten kontra ariko bagina bezala».

Bilera haietako batetik alde egin zuen Ugaldek, Arregirekin haserre. «Martinek azken hitza eskatu zion Arregiri, ea publizitatea eta diru laguntza emango ote zituen. Arregik ezezko borobila ematean, Martinek irmo erantzun zion jasanezina gertatzen zitzaiola jarrera hori. Eta bere historia pertsonala gogoratu zion, gorritzat joa, separatistatzat hartua, arriskutsu gisa eta erbesteratua, eta orain hau. Eta honelaxe bukatu zuen: 'Susmo eta mamu gehiago ez zait kabitzen golkoan, eta banoa'».

Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik ez, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek aldundiko gobernuari agindutakoa eta Nafarroako Gobernuak emandakoa izan ziren EGUNKARIAren sostengu ekonomikoa lehenengo urte haietan. EGUNKARIAk hiru urteko langa pasatu zuenean aldatu zen panorama. «Irautea lortu genuelako irabazi genuen, neurri batean: irautean, kraskatzen hasi ziren beste aldeko gotorlekuak». EGUNKARIAkoak susmatzen hasiak ziren Jaurlaritzako eta, are, EBBko batzuen gogoa ez zetorrela guztiz bat Arregiren jarrerarekin.

Hain zuzen ere, 1993ko udazkenean, EBBtik iritsi zitzaien mezua: «Akordioa egiteko borondatea zegoen, bukaeraraino iristekoa. Zein neurritan? Hori bileren araberakoa izango zen». Arregi eta Kultura Saileko lankideak, EBBko bi ordezkari eta EGUNKARIAkoak bildu ohi ziren aurrerantzean. Torrealdaik gogoratu duenez, gutxienekoak eskatuz joan ziren, hortik gora egiteko asmotan. Eusko Jaurlaritzakoak, ordea, goitik behera hasi ziren: «Titularitate pribatuarena errespetatzen omen zuten, baina administrazio kontseiluan bere jendea sartzea eskatzen zuten, kontseilu editorialean ere bai, zuzendaria eta kontseilari ordezkaria aukeratzeko beraiek ere zeresana izatea: sukalderaino sartu nahi zuten, eta guk ezetz esan genuen, garbi».

HITZ EGITEKO BETI PREST

Bilerak egin ahala, giroa aldatu egin zen, ordea: Torrealdaik-eta sumatu zuten EBBkoek gehiago babesten zutela EGUNKARIAren jarrera, Kultura Sailekoena baino. «Azkenean, Arregik amore eman behar izan zuen, sekula ere amore emango ez zuen puntuetan eta moduan».

Urte «oso latzak» izan arren, azpimarratu du talde bateragileak jarrera egokia eduki zuela negoziazio haietan. «Konfrontazioak izan genituen, baina konposturarik ez genuen sekula galdu, ezta eskubidez zegokiguna eskatzen genuenean ere: negoziatzeko prest agertzen ginen; betiere, gure ezaugarri propioak mantentzeko baldintzarekin».

Hala egin izan ez balute, harreman haiek beste norabide bat hartuko zuketen. «Probokazioen ondorioz geure onetik atera izan bagina, joko eremua beste aldearen eskuetan utziko genuen: joko politikoan sartuko gintuzten, eta ez zen hori gure esparrua. Gu kulturatik gentozen, eta joko zelai horretan jokatu genuen beti. Irauteaz gainera, lana zuzen eta fin egin genuelakoan nago».

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA