bizigiro
Soldata arrakalan, erantzukizuna
Miren Manias


Badaude soldata ezberdintasunari aurre egiteko neurri politikoak hartu dituzten herrialdeak. Davosko foroak emandako datuen arabera, Islandia da soldata arrakala txikiena duena. Herrialde horretan 336.483 biztanle bizi dira. 25 pertsona baino gehiago dituzten enpresa guztiek —publikoak zein pribatuak— langile guztiei soldata bera ordaintzen dietela frogatu behar dute. Horretarako, gobernuak ziurtagiri ofiziala lortzeko obligazioa ezarri die. Lortzen ez badute delitua egotziko zaie.
Erresuma Batuan, lehen aldiz, 250 langile baino gehiago dituzten enpresek —baita gizarte erakundeek ere— apirilaren 5era arte dute generoaren araberako soldata ezberdintasunak aurkezteko, baita arrakala ezabatzeko hartuko dituzten neurriak ere. Guztira, neurriak 9.000 konpainiari eragiten die.
Alemanian, legez debekatuta dago generoan oinarritutako soldata ezberdintasuna ezartzea. Hala ere, emakumeen eta gizonezkoen arteko arrakala %21ekoa da. Angela Merkelek 200 langile baino gehiago dituzten enpresei agindu die emakumezkoei jakinarazteko gizonezkoei zenbat ordaintzen dieten antzeko lana egiteagatik. Neurri horrek bertan behera utziko du enpresek langileei ezarri zien soldatak ezagutzera emateko debeku klausula.
Enpresaburuei dagokie egiaztatzea langile guztiei bidezko soldata ordaintzen zaiela, ez emakumezkoei frogatzea gizonezkoak baino gutxiago irabazten dutela. Beste batzuek nahiago dute honako hau esan: «Gaizki ordaindutako lanak aukeratzeko joera dute emakumeek». Bestela esanda, emakumeok dugula soldata arrakalaren erantzukizuna. Roberto Larrañaga EAEko patronalaren elkarteko buruaren hitzak dira, Radio Euskadin entzundakoak. Ez galdetu zergatik, azkenaldian telebista baino gehiago entzuten dut irratia.