astekaria 2018/03/23
arrowItzuli

kirola

Eliztar berriak 'katedralean'

Imanol Magro Eizmendi

Eliztar berriak 'katedralean'

Astelena Eibarko pilotalekua da pilotaren katedrala. Pilotaren historiako izen handi ia guztiak aritu dira han. Isasi kaleko aldapetan eraikitako pilotalekuak, baina, zor handi bat du pilatua: emakumeak. Mende hasieran, bertan zegoen Euskal Herriko erraketista eskola garrantzitsuenetako bat, baina hura desegin zenetik Elite Mailako emakumezkoen partidarik hartu gabea zen, are gutxiago eskuz. Zor historiko hori igandean hasiko da ordaintzen, bertan jokatuko baitira Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko Lehen eta Promozio Mailako finalak (11:30). Eibarko Udalak dohainik utzi die pilotalekua antolatzaileei, eta, horrenbestez, sarrerak doan izango dira.

«Sartu garenean, telebistaz handiagoa dirudiela iruditu zaigula komentatu dugu», esan zuen lotsagabe atzo Patri Espinarrek, Astelenan bertan eginiko finaleko aurkezpenean. Sartzen zen lehen aldia zuen. Sakrilegioa, baina, berehala garbitu zuen. «Niri ilusio handia egiten dit horrelako pilotaleku mitiko batean jokatzeak. Astelena pilotaleku historikoa da, eta orain emakumeei ireki dizkie ateak. Emakumezkoen pilota zabaltzeko balio dezala keinu honek».

Espinarrek Lehen Mailako finala jokatuko du, Eneritz Arrietarekin batera, Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz iazko txapeldunen ondoren. Azken horiek iragan astean 1.051 pilotakadako finalerdia irabazi zuten, baina eskuek ondo eutsi zioten tratuari. Espinarrek eta Arrietak, berriz, 400 pilotakada pasatxokoa jokatu zuten, baina Espinarren eskuek ubelduta bukatu zuten. «Eskuak gaizki ditut, baina txapelketa guztian izan ditut horrela. Aste honetan masaje emailearengana joan naiz, eta finalean jokatu ahal izango dut», aurreratu zuen.

Finalerdiak oso ezberdinak izan ziren, finalean ariko den bikote bakoitzaren ezaugarriak bezala. «Finala partida oso ezberdina izango da. Atzera joz bakarrik ezingo dugu irabazi, baina Patri [Espinar] ahalik eta gutxien sar dadin lortu behar dugu», azaldu zuen Olatz Arrizabalagak. Iazko aurrelari txapelduna ere pilotalekuaz mintzatu zen: «Emakumeok beti pilotaleku txarrenetan jokatzera ohituta gaude. Mutilak handira eta gu txikira, edo txarrera. Txapelketa honekin hori pixka bat aldatu da».

Emakume Master Cup da emakumezkoen pilotaren mugarri nagusia egun, eta iaztik bilakaera ikusi du Leire Etxanizek. «Goraka doa, iaz baino jende gehiago ibili da, eta maila hobea da. Txapelketa honen inguruan emakumeen beste partida batzuk antolatzen hasi dira herrietan, eta dagoeneko hasi dira uda honetarako deitzen». Eneritz Arrieta aurten Promozio Mailako lau eta erdiko txapeldun izan da, eta nabaritu du Lehen Mailarekiko aldea. «Nik uste nuen Lehen Maila handi zetorkidala, eta, begira, finalera iritsi naiz Patrirekin. Hori bai, jauzia nabaritzen da promozio mailatik; emakumeen pilota asko garatzen ari da».

Bi autobus zaleekin

Astean bitan Azpeitian (Gipuzkoa) esku-huska modalitatean entrenatzen den pilotari multzoko kide da Arrieta; hamabi bat dira guztira, eta kide bat baino gehiago izango dute finaletan. Izan ere, Promozio Mailan, Oihana Orbegozo eta Alaitz Badiola azpeitiarrek Ainhoa Urien eta Amaia Vicarioren aurka jokatuko dute. Bi bikoteak finalerdietan 18-17 irabazita sailkatu ziren, eta ez dago faborito garbirik iganderako.

Azpeitian autobus bat antolatu dute zaleak finalera eramateko, eta Etxeberrian (Bizkaia), Leire Etxanizen herrian, ere bai. Finalerdietan, OƱatin, goizean 950 ikusle izan ziren Zubikoa pilotalekuan. Astelenak 1.250 eserleku ditu, eta harmailak ondo betetzea da helburua.

BERRIAn argitaratua (2018/03/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA