astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

Hasiera, langileen begietatik

Berria

Hasiera, langileen begietatik

Argia-tik zetozen batzuk. Hainbat lekutatik beste batzuk; Hemen eta Eguna astekarietatik, besteak beste. Historia egitekoak ziren: gerra garaian 1937an argitaratu zen Eguna ahaztu gabe, euskara hutsezko lehenengo egunkaria egitera zihoazen.

«Ilusioa nabarmenduko nuke, euskarazko lehen egunkaria errealitate egiteko grina... Baita proiektu txukun bat egiteko ardura eta erantzukizuna ere». Gorane Agirre kazetaria Bilboko erredakzioan aritu zen, eta lankide izan zuen Ramon Basaldua kazetaria. «Bilbon aurkitu nuen jendea lankide baino gehiago zen: lagunak ziren», azpimarratu du Basalduak. Hamaika pasadizo ditu gogoan; horietako bi, EGUNKARIAren lehenengo zenbakia prestatzen ari zenekoak, hain zuzen. «[Javier] Clementeri elkarrizketa egin nion, eta hark esan zidan: 'Zortea duzu, ez dut-eta ulertuko idatziko duzuna: nahi duzuna idatz dezakezu!'». Elkarrizketa hartan, izena aldatu zion, nahi gabe, kirol saileko lankide Xabin Makazagak: Ramonek ez baizik Romanek sinatu zuen elkarrizketa hura. «Eta uste dut ez zela bakarra izan: gehiagotan ere aldatu nion», dio Makazagak.

Ana Unanuek ez zuen bizi izan hasierako prozesua, Alemaniara joan baitzen 1990eko udan. «Gregor Gysi alderdi komunistako —gaur egun Die Linke— buruari elkarrizketa egin, eta Argia-ra bidali nuen. Horrela iritsi zen nire izena EGUNKARIA egiten ari zen taldera». Nazioarteko sailean egin zuen lan, Iruñeko ordezkaritzatik. Gogoan du nola joan ziren Alberto Barandiaran lankidea eta biak Argia-ren Donostiako egoitzara, alegiazko zero zenbakiak egitera. «Luistxo [nazioarteko sailaren burua] teletipo batekin agertzen zen bakoitzean, dardarka hasten nintzen. Eskuz idatzi nahi izaten nituen berriak, gero ordenagailuz garbira pasatzeko. Eta Luistxok: 'Ordenagailura, bizkor! Hogei minutu, bi mila karaktere!».

Barre egin du Luis Fernandezek, Luistxok, hori entzutean: «Beti izan dut joera bat beldurra sartzekoa, baina hain beldurgarria ere ez naiz». 1990eko udan egindako trebakuntza ikastaroan irakasle aritu zen: «Pentsa zein merke zegoen irakasle izatea. Gu bezalako kazetariei eta geure buruari eman genion eskola, nolabait». Nazioarteko berriak teletipoen eta beste hedabideen bidez osatzen zituzten, halabeharrez. «Ikerketa askorik ez nuen egiten, eta bidaia askorik ere ez!». Hizkuntzari ere zuzenean eragiten zion gaiak: «Ez zegoen izendegi ofizialik, eta nik neurea propioa asmatu nuen, oso irizpide okerrekin. Zuzendu zidaten, eta uste dut hori pizgarri bat izan zela gero estilo liburuaren lantaldean sartzeko». Ordu askoko lanegunak izaten ziren, baina ez zion axola. «Giro ona zegoen, zerbait inportante egiten ari ginelako sentipena. Gazteak ginen, eta ez genuen asko kobratzen, baina oso pozik geunden».

Pilar Mendibil muntatze mahaian hasi zen lanean, baina handik gutxira zerbitzuburu aritu zen. Mendibilen lana EGUNKARIA-ren produktu guztien kontrola eramatea zen, lanen jarraipena egitea eta aurrez markatutako ordutegiak betetzen zirela egiaztatzea. «Horregatik maite ninduten hainbeste», dio, ironiaz. EGUNKARIAren lehen zenbakia, paradoxaz, zenbakirik gabe atera zen, eta Mendibilek ondo gogoan du zergatik: «Azalak 0 zenbakia zuen, Donostiako festarako erabilitakoa berrerabili baikenuen. Oso goiz hasi ginen 1. zenbakia prestatzen, baina oso larri ibili ginen. Hutsaz ez ginen konturatu plantxak egin arte: ezin genuen berregin, eta zenbakirik ez jartzea erabaki genuen».

Argia-tik zetorren Lorea Agirre kazetaria; bertan ikasitakoak aplikatu zituzten EGUNKARIAn: «Onenak izan behar genuen, El País edo Le Monde-ren parekoak. Kazetaritza ona eta onena egiteko ardura hori oso barneratua genuen: euskararen alde, baina baita kazetaritzaren alde ere».

HANKA SARTZEAK, ERRAZ

Hanka sartzeren bat ere egin zuten: eskuz muntatzen ziren orriak, eta erraz gerta zitezkeen okerrak, Agirreren arabera. «Behin, bi albisteren argazkiak trukatu genituen, nahi gabe: babestutako putretegi baten ingurukoa zen bat, eta Gernikako arbolaren bueltan egindako ekitaldi ofizial batekoa bestea».

Lanak izaten zituzten testuak eta argazkiak ordezkaritzetatik egoitza nagusira bidaltzeko. Orriak modem bidez bidaltzen ziren, eta argazkiak, berriz, autobusez, errebelatu ostean: urte luzeetan, 16:00etako autobusean iritsi ziren delegazioetako argazkiak Donostiara.

«Lanaldi luzeak» ditu gogoan Pello Urzelai kazetariak. Baita orduko egoera ere, hainbat ikuspuntutatik: «Adibidez, Eusko Jaurlaritza beste egunkari proiektu batekin zebilen. Kontu horretan giro politikoak zerikusi handia zuen». Dena den, EGUNKARIAk harrera «oso ona» izan zuela gogoratu du: «Alaia izan zen, espero baino hobea: garai haiek ez ziren batere alaiak, egoera ekonomikoa latza baitzen».

Iñaki Martiarena Mattin infografista aritu zen EGUNKARIAren lehen zenbakietan. Lehenean, hain justu, Durangoko 25. Azokaren inguruko infografia handi bat egin zuen, azokako postu bakoitza non zegoen erakusten zuena. «Oso komentatua izan zen, inoiz ez baitzen halakorik ikusi euskarazko prentsan», azaldu du. Gerora, ilustrazioak egin zituen hainbat sailetarako, eta beti lanez lepo zebilela gogoratu du. «Lana beti zen presazkoa: bizi-bizi egiten genuen, oso epe laburrekin».

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA