astekaria 2018/03/23
arrowItzuli

politika

Olatu laranjaren enbatari begira

Jon O. Urain

Olatu laranjaren enbatari begira

Espainiako mapan gero eta nabarmenagoa da kolore laranja. Apenas diren hiru urte Ciudadanos, Katalunian 2006an sortutako alderdia, Espainiako Estatuan zabaltzen hasi zenetik, baina Albert Rivera buru duen indarrak proiekzio handia lortu du denbora eskasean. Espainiako Gorteetarako 2015eko abenduko hauteskundeak izan ziren horren lehen froga, hutsetik 40 diputatu lortu baitzituen —32ra jaitsi zen sei hilabete geroago eginiko bozetan—. Pentsa zitekeen PPk kontrolpean zuela orduko boto ihesa, baina Ciudadanosek Kataluniako abenduko hauteskundeetan lortutako emaitzak Espainiako eztabaida politikoaren lehen lerrora eraman du alderdi horrek izan dezakeen indarra eta protagonismoa —bozak irabazi zituen, Kataluniako Parlamentuan 36 parlamentari lortuta —. Azken hilabeteetako inkestek diote oraindik bultzada handia izan dezakeela Espainian; izan ere, CIS Espainiako Azterketa Soziologikoen Institutuak otsail hasieran argitaratu zuen inkesta baten arabera, baliteke boto gehien eskura ditzakeen alderdia izatea —laugarrena da egun—.

Loraldi laranja, ordea, berde egon da orain arte Hego Euskal Herrian. Espainiako 2015eko eta 2016ko bozetan, Ciudadanosek ez zuen diputaturik lortu; ez Nafarroako 2015eko foru bozetan, ezta Eusko Legebiltzarrerako 2016koetan ere. 2015eko udal hauteskundeetan, hiru ordezkari lortu zituen Hegoalde osoan: zinegotzi bat Getxon (Bizkaia), beste bat Guardian (Araba) eta batzarkide bat Arabako Batzar Nagusietan. Santiago Sainz Getxoko zinegotziak soilik jarraitzen du karguan, Guardiako Jose Antonio Mateok dimisioa eman baitzuen, eta Miguel Angel Carrera batzarkidea, berriz, alderdiak kanporatu.

Egoera onbideratzeko, Kontseilu Autonomikoa osatzekoak dira Aste Santu inguruan, alderdia indartu, «proiektua aurpegiekin identifikatu» eta, funtsean, emaitzak hobetzeko, Nicolas de Miguel C's-eko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bozeramaileak adierazi duenez. Lurralde osora zabaltzea da haien asmoa, 2015eko udal bozetan apenas aurkeztu baitzuten zerrendarik hiriburuetatik harago —Gasteizen, Guardian, Bilbon, Ermuan (Bizkaia), Getxon, Donostian, Irunen (Gipuzkoa) eta Iruñean—. EiTBk martxo hasieran argitaratutako inkesta baten arabera, alderdiak legebiltzarkide bat lortuko luke Eusko Legebiltzarrean, bozak orain eginez gero. Araban eskuratuko lukete ordezkaria.

Kide kopurua, gora

De Miguel «tentuz» dago inkestek iragarritakoaren aurrean, baina baita baikor ere: inkestengatik baino, alderdia sendotze bidean ikusten duelako. Duela urtebete, 150 afiliatu inguru zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur egun 200 inguru dira. Afiliatuak eta jarraitzaileak kontuan hartuta, irailaz geroztik %20tik gora hazi dira Araban eta Bizkaian, eta, ehuneko horretatik behera bada ere, Gipuzkoan ere gorantz doaz: «Joera progresiboa eta solidoa da; joera bat baino gehiago, errealitatea da jada». «Oso posizio onean» ikusten du alderdia, «espektatiba oso onekin». Aitortzen du «zailtasunak» izan dituztela alderdiaren «mezuarekin» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; zehatzago, kupoari buruzkoarekin. De Miguelek azpimarratu du C's «autogobernuaren alde» dagoela, baina kexu da Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupoa ez dela «modu gardenean» negoziatzen. Uste du mezua «desitxuratu» egin dela sarri, eta argudiatu du, «ikuspegi progresista batetik, harmonizatzera» jotzea dela «zentzuzkoena»: baita «sistemaren iraupenagatik» ere.

Alderdiaren erradiografia Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren parekoa da Nafarroan, baina, Kataluniako aparrak Nafarroara iristen badira, C's-ek lor lezake garrantzia politikoa herrialde horretan. 2015eko foru hauteskundeetan, 0,4 puntu falta izan zitzaizkion ordezkaritza lortzeko behar den %3ra iristeko, eta gerora boto horiek eman zioten gehiengoa aldaketaren aldeko laukoari. Halere, Nafarroako Parlamentuak abenduan argitaratutako inkestaren arabera, litekeena da 2019ko hauteskundeetan Ciudadanosek parlamentari bat lortzea, %3,1 boto eskuratuta. Hazkundea nabarmenagoa da martxoan SyM etxeak zabaldutako inkesta baten arabera: parlamentuan lau edo bost ordezkari lor ditzake.

Nafarroan ere gero eta sendoago dago alderdia, Ruth Goñi alderdiko Antolakuntza idazkariak martxoaren 15ean emandako datuen arabera: 2017ko irailaz geroztik, %35 hazi dira alderdian izena emandakoak, eta 1.081 dira orain. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxi gorabehera diren 2.400ak gehituta, 3.500 inguru dira guztira Hego Euskal Herrian. Goñik hazkunde horren balorazio «oso positiboa» egin zuen: «Lurraldean ezartzeko estrategia oso mesedegarria izan da Espainia osoan, baina bereziki Nafarroan, alderdia nabarmen hazi baita azken hilabeteetan». Haren esanetan, C's-en proiektuak «gero eta babes sozial handiagoa» dauka, baina baita «inoiz baino militante eta jarraitzaile gehiago» ere. Kideen hazkunde hori bat dator inkestek alderdiari Nafarroako Parlamenturako bozetan iragartzen dioten goraldiarekin, Goñiren esanetan, eta uste du «rol erabakigarria» izango duela «gobernu erreformista, progresista eta liberal berri» bat osatzeko garaian.

Espazio soziologiko urria

Hortaz, iritsiko al dira Hego Euskal Herrira Espainiako olatu posible baten aparrak? Eider Alkorta politologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea «zuhurra» da hazkunde posible horren aurrean, uste baitu «Kataluniaren olatuaren ondotik eginiko inkestak» direla C's-en loraldia iragartzen ari direnak: «Gurean askoz zailagoa da C's-ek hainbesteko babesa izatea, murritzagoa delako lehian dagoen espazio politikoa eta soziologikoa. PPren alternatiba gisa aurkez daiteke estatuan bereziki, nahiz eta haren hautesleria espazio zabalagoan mugitzen den. Finean, berrikuntza irudikatu nahi izan du, eta estatuan alderdi tradizionalenganako egonezina gurean baino handiagoa da».

Zehazki, Alkortak uste du «Ciudadanosek ordezkatzen duen espainiar nazionalismo soziologikoaren eremua txikiagoa» dela Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eta «jada betea» dagoela. Baina koiuntura politikoak ere eragina dauka: «Katalunian Ciudadanosek izan duen arrakastaren gakoetako bat polarizazio eta konfrontazio giroa eta testuingurua dira, eta hori gure testuinguru politikotik urrun dago. Ildo horretan, iruditzen zait herritarrak konfrontazio egoeratik aldendu nahi dutela ETAren ondorengo eszenatoki eta garai hauetan, eta iruditzen zait C's-en planteamenduak tokiz eta denboraz kanpo daudela gurean».

Udal eta foru bozak dira hurrengoak, eta ez dira hitzordurik egokiena alderdiarentzat, Alkortaren hitzetan: «Udal eta foru hauteskundeak onak dira alderdi abertzaleentzako, besteak beste inplementazio zabalagoa dutelako eta askoz toki gehiagotan aurkezten direlako. PSE eta PPrentzat ez dira hauteskunde onenak, eta Podemosentzat ere ez, udalei dagokionez; pentsa C's-entzat, gurean inolaz ere sareturik ez dagoenean. Ez dezagun ahantzi Katalunian ere ez zela iritsi %8ko babesa izatera udal bozetan».

Funtsean, C's-ek orain arte lortutakoa UPDk izandako emaitzen tamainakoa da, eta Alkortak ez du espero asko aldatzea: «UPD izatera kondenatua dagoela esango nuke. Zenbat gehiago jaitsi daitezke PSE eta PP EAEn eta Nafarroan? Nik uste dut PSE, PSN eta PPren espazioa nabarmen txikitu dela jada».

C's eta Podemos ia aldi berean sartu ziren Espainiako mapa politikoan, baina biek indar eta bilakaera ezberdinak izan dituzte: C's-ek ez du ordezkaririk Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean; Podemosek zazpi eta hamaika ditu. Alkortak dio «hauteskunde autonomikoei erreparatuz, agerikoa da Ahal Dugu-k eragin urria izan duela abertzale eta ez abertzaleen indar korrelazio horretan. 2012an, alderdi ez abertzaleek 27 eserleku zituzten EAEn, baita 2016an ere». Beraz, aldatu dena «espazio ez abertzalearen konfigurazioa da, PSEren kaltetan. Nafarroan ere berdintsu, Podemos sartzearen eragina PSNtik harago badoa ere».

Bien arteko lehian, inkestek diote Espainian C's-ek Podemos gaindituko duela, baina Espainiako Gorteetarako bozak ez daude agendan, oraingoz. Besterik da indar korrelazioen aldaketa horrek eragina izango duen Hego Euskal Herrian ere, eta, beste behin, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako argazki politikoa zenbateraino izango den ezberdina Espainiakoarekin.

BERRIAn argitaratua (2018/03/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA