astekaria 2018/03/23
arrowItzuli

gizartea

Eredu aldaketa Kilometroetan

Garikoitz Goikoetxea

Eredu aldaketa Kilometroetan

Beste eredu bat hartuko du Kilometroak jaiak, Gipuzkoako ikastolen aldeko ekitaldiak. Urriko lehen igandean egin ohi dute festa, baina, 2020tik aurrera, ez da hori izango ekitaldi bakarra: eskualde bakoitzeko jaialdiak egingo dituzte urtean zehar, eta «Gipuzkoako ikastola guztiak» izango dira antolatzaile. Urriko jai nagusia, bai, ikastola baten ardurapean egongo da. Kilometroak urte osoko bidea izatea nahi dute. Jaiaren filosofiari dagokionez ere badira berrikuntzak; besteak beste, «jaiaren dimentsioa birkokatzea» jarri dute premisa gisara, eta ikastoletako «kulturaren harrobi» izatea.

Azken bi urteetan gogoetan aritu dira Kilometroen etorkizunari buruz, eta prozesu horren emaitzak aurkeztu zituzten atzo Zumarragan -hain justu ere, aurten Urretxu-Zumarragan egingo dute jaia-. 1977an egin zuten lehen Kilometroak. 40 urte joan dira, hortaz. Ibilbide horretan izan dira aldaketak, baina uste dute «gaurko garaietara erabat egokitzeko» moldaketak egin behar dituztela.

Kilometroei buruz bakarrik ez, gainerako herrialdeetako ekitaldiei buruz ere ari dira gogoetan, Ikastolen Elkarteak azaldu duenez: «aterki beraren azpian» ari dira denak. Ez dira erritmo berean ari, hala ere, eta Gipuzkoarako hartutako neurriak azaldu dituzte.

Ekitaldi oso jendetsua da Kilometroak, eta «zama handia» antolatu behar duen ikastolarentzat. Hori ohartarazi du Ane Barrusok, Bergarako ikastolako zuzendariak -2016an antolatu zuten Kilometroak Bergaran-. Haren ustez, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaialdia denez, «Gipuzkoako ikastola guztiek» parte hartu beharko lukete antolaketan. Horrekin lotuta dago, hain justu ere, aldaketetako bat: urriko jai nagusiaz gain, «hainbat jaialdi txiki» egitea, eta hainbat ikastolak parte hartzea hori antolatzeko lanean. Nolabait ere, beraz, urte osora zabalduko lukete Kilometroak, eta, egun bateko jaiaren partez, «prozesu» baten estilokoa izango da.

2020an jarriko dute indarrean eredu berria. Aurten, Urretxu-Zumarragan egingo dute Kilometroak, urriaren 7an, eta datorren urtean, Zarautzen, urriaren 6an. Hortik aurrera etorriko da eredu aldaketa; zehazteko dago 2020an non egingo duten jaialdi nagusia.

«Ikastola ereduarekin» bat

Antolaketa sisteman bakarrik ez, hala ere, jaiaren beraren ereduan ere egingo dituzte egokitzapenak: «ikastola ereduarekin bat egiten duten balioak indartzea» nahi dute, Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko arduradunaren esanetan. Hori baita Kilometroen helburua, diru iturriak lortzearekin batera: «ikastola eredua» zabaltzea eta atxikimendua areagotzea. Hori nola lortu, ohartarazi dute «xede ekonomiko-errentagarria birkokatu» egin behar dela. «Doikuntza» aipatu du Artolak, «etengabeko balorazioa» egitea.

Jaiaren beraren moldeari dagokionez, azaldu dute ikastoletako «kultur harrobia» erakutsi behar dela Kilometroetan: «autoekoizpena» bultzatuko dute, eta «ikastolek sortzen dituzten adierazpen kultural eta artistikoei plaza bat eskaintzea». Horrekin lotuta, bada kezka azken urteetako jai ereduaren ondorioekin. Batetik, gaztetxoen droga eta alkohol kontsumoagatik. Aktibotasuna bultzatu nahi dute horren aurka egiteko. «Gaur egun, programazioko kontzertuak eta ekitaldiak ikusiz, kultura kontsumitzaile soil egiten ditu jaira gerturatzen direnak». Bestetik, badute kezka euskararen erabilerarekin.

Aurreko urteetan hasiak dira proposamen batzuk lantzen arlo horietan eragiteko; adibidez, Erronka egitasmoa izaten da azken Kilometroetan, ikasleen parte hartze aktiboa bultzatzeko -hainbat arlotan lehiatzen dira ikastoletako ikasleak, eta Kilometroetan izaten da azken saioa-. Ikastolen arteko harremanak sakontzea ekarri dute horrelako egitasmoek, eta hor sakondu nahi dute. Eta ez Gipuzkoako ikastolen artean soilik: «nazio sentipena» bultzatu nahi dute, eta gainerako herrialdeetako jaialdiekin batera arituko dira egitasmo batzuetan.

Boluntarioen sarea ezinbestekoa da Kilometroak antolatzeko; 1.500-2.000 boluntario biltzen dituzte aldi bakoitzerako. Bide horretan jarraitzeko asmoa dute: «auzolana» izango da Kilometroen ardatza aurrerantzean ere.

BERRIAn argitaratua (2018/03/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA