astekaria 2018/03/23
arrowItzuli

ekonomia

Beltzez jantzitako pentsioak

Xabier Martin

Beltzez jantzitako pentsioak

Alargunak beltzez janzteko tradizioa zaharkitua dago. Alargunak plazara ateratzen dira bizitza ospatzera, kantura, dantzara, solasaldira... eta baita protesta egitera ere, beltzez janzten dena pentsioa baita aspaldi honetan. Azken hilabeteetan Euskal Herriko kaleak eta plazak bete dituzten milaka pentsiodun haserretuen artean bi besterik ez dira Eugenia Iriondo (Zestoa, Gipuzkoa, 1940) eta Begoña Taberna (Errenteria, Gipuzkoa, 1938); bi besterik ez, baina pentsiodunen arteko multzorik ahulena ordezkatzeko bezainbeste: alargunak.

«800 euro pasatxo jasotzen dut hilero; 1998an alargundu nintzen, eta azken hamar urteetan apenas ikusi dudan igoerarik. Urtetik urtera, ordea, argia, telefonoa eta dena garestitzen da. Nola ez gara, ba, protesta egitera aterako?». Eugenia Iriondoren hariari heldu dio Begoña Tabernak. Hark ez du esan nahi zenbateko pentsioa duen, «dezente hobea» delako; lotsa apur bat ere sumatzen zaio, larritasunak saihesteko pentsioa jasotzea lotsatzeko modukoa balitz bezala edo. «Duela hiru urte alargundu nintzen; ondo nago, baina beste asko ez daude ondo, eta horregatik jarraitu behar dugu kalera ateratzen».

800 eurorekin hilabetea nola pasatzen den galdetuta, «bizi gara» azkar bat bota du Eugenia Iriondo zestoarrak. «Zorrik ez daukat, eta horri esker pasatzen dugu hilabetea. Seme-alaben kargarik ere ez daukat, eta noizean behin propinaren bat emateko gauza ere banaiz». Luxurik ez dagoela, alegia, Iriondoren etxean, eta bizitza osoan lanean eman duenak -«etxean eta kamarera» ez duela oztopo larririk egutegiko orriei buelta emateko.

«Gu zahartuta gaude, baina atzetik datozenek izango dituzte benetako arazoak», esplikatu du Begoña Tabernak; «nor joango da zahar etxe batera 700 euroko pentsio batekin?».

Bizitzaren azken txanpa

Pentsioen auziaren beste ertz bati heldu dio Tabernak, kasik oharkabean pasatzen den aldagai bati: bizitzaren azken txanpa modu duinean egiteko kezka ekonomikoa. Hogei urtekoak ez baitu buruan bere azken egunak nola pasatuko ote dituen; berrogeikoari ere apenas otuko zaion pentsamendu hori; laurogeiko askorentzat, ordea, zahar etxe hitzak beste adiera bat hartzen du.

Iriondok eta Tabernak taburik gabe ekin diote gaiari: «Guk zaindu ditugu gurasoak, baina gure seme-alabek ez gaituzte gu zainduko, ez baitute betarik horretarako; lan egin behar dute. Argi dago gutako asko zahar etxeetara joango garela azkenean, eta horretarako ere behar bezalako pentsioak behar dira». Tabernaren hausnarketari baietz esan dio Iriondok, imintzioz. «Pentsio polit batekin, agian, gure etxean gelditzeko aukera izan dezakegu, gu zaintzeko pertsona bat kontratatuta edo. 700 eurorekin dabilenak nola egin behar du hori?».

Galdera asko sortzen zaie pentsio txikia eta adin handia dutenei. Erantzunak ez dira errazak. Alargunen pentsioaren eboluzioak ere ez du uzten zalantzarako tarterik: 2013an 713 euro jasotzen zuten batez beste Hego Euskal Herrian. 2018an, 764 jasotzen dute. Bost urtean 50 euroko igoera egon da, baina kontuan hartu behar da batez bestekoa ez dela pentsio errepikatuena; kopuru horren azpitik dago hura.

Edonola ere, erretiratuen pentsioaren eboluzioa positiboagoa izan da azken bost urteetan: 2013an 1.177 eurokoa zen haien batez bestekoa, eta 2018an 1.306 eurokoa da, 129 euro gehiagokoa. Alargunen pentsioen ahultasuna garbi uzten duen beste aldagai bat bada: erretiroaren eta alargunen batez besteko pentsioen arteko aldea handitu egin da azken bost urtean. Gaur 78 euro urritarago daude alargunak.

Eta zenbat alargun pentsio ordaintzen ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian? Bada, 165.017 alargun daude, eta haien pentsioek 126,1 milioi euroko kostua dute hilero guztira, orain bost urte baino hamar milioi euro gehiago. «%0,25eko igoera barre egitea da. Argi dago horri buelta eman behar diogula, eta erosteko ahalmena berreskuratu», dio Tabernak.

Emakumezko alargunek beste pena bat ere adierazi dute, eta sistemak gordetzen duen bidegabekeria bati dag okio: pentsioak ez du islatzen haien senar zenduek kotizatu ahal izateko izan zuten emazteen ezinbesteko babesa. Alegia, etxean lan egindakoek ez dute kotizatu, baina, etxeko lan hori gabe, familian ez zen soldata kotizaturik sartuko agian. «Senarra hil ordez ni hil izan banintz, hark nire pentsioa halako bi jasoko zuen. Ni, berriz, haren pentsioaren erdiarekin gelditu naiz», dio Iriondok. Ez ote du eskubiderik bere senarraren pentsioa osorik jasotzeko? Ez ote du kotizatzaileak bezainbesteko ahaleginik egin pentsio hori sor zedin?

«Ez dakit asko aldatuko duten orain artekoa; ez dut uste», dio eszeptiko samar Iriondok; «badakigu zeinek agintzen duen, eta hari ematen diotela botoa askok». Begoña Taberna baikorragoa da, azken asteetan indar handia ikusi baitu kalean. «Zerbait aldatu behar dute orain; beharturik daudela uste dut». Tabernak dio kalean belaunaldi guztietakoak egon beharko luketela, «atzetik datozenak» baitira benetako arazoa dutenak.

BERRIAn argitaratua (2018/03/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA