astekaria 2018/03/23
arrowItzuli

ekonomia

Negua dator

Irune Lasa

Negua dator

Haserretu dira, eta protestan ari dira. Erosteko ahalmena galtzen duten pentsioekin, krisiak behartutako aurre erretiro murriztaileekin, alarguntza pentsio eskasekin, %0,25eko igoera barregarriarekin... Pentsiodunetako askok arrazoi zerrenda luzea dute euren egoeraren beltzagatik protesta egiteko. Ez hori bakarrik, elkarretaratze eta manifestazioetan hurrengo belaunaldien eta euren seme-alaben alde ere badabiltza aldarrian. Garbi ikusten dute-eta etorkizuna are beltzagoa datorrela. Udaberriaren atarian egon arren, negua iristen ari dela pentsioetan.

Egiaz, egungo egoera jada oso kezkagarria da. 2011. urteaz geroztik Espainiako Gizarte Segurantza defizitarioa da. Urtetik urtera, haren gastuak handiagoak dira diru sarrerak baino; hots, sistemak langileen kotizazioetatik jasotakoa baino diru gehiago gastatzen du pentsioen ordainketan. Ez dira matematika zailegiak. Gero eta pentsiodun gehiago eta pentsio handiagoekin eta, aldi berean, langile gutxiago, horietako asko kotizazio txikiagoekin. Gero, demografiak marrazten zuen marrari lerro lodiagoa gehitu besterik ez dio egin krisi ekonomikoak.

Arazoa enplegu datuak hobetzen direnean bukatuko dela esan du behin eta berriz Alderdi Popularrak. Baina krisiagatik galdutako hiru milioi afiliatutik soilik bi berreskuratu ditu Gizarte Segurantzak, eta demografiaren bilakaera ere ez dauka alde. Pentsio sistemaren defizitak ez du arintzeko itxurarik. Gizarte Segurantzak 2017. urtea 18.800 milioi euroko zuloarekin itxi zuen.

Fatima BaƱez Espainiako Lan ministroaren arabera, 2018an hasiko da defizita murrizten, baina oraindik ere 18.000 milioi euroren inguruan jarraituko du, eta arnasaldia behin-behinekoa izango da, unean uneko sarreren igoera batekin -enpleguaren hobekuntzatik- ezinezkoa delako aurre egitea etengabe haziz joango den gastuari.

Defizit hori estaltzeko tresna bat badauka Espainiako Gobernuak: superabiteko urteetako diruaren itsulapikoa, erreserba funtsa. Baby boom-eko belaunaldiak erretiroa hartzerako funts horrek milaka milioi euro eman behar zituen errentan urtero funts subirano gisa. 65.000 milioi euro izatera iritsi zen, baina 2011. urtean hasi zen Espainia hura erabiltzen, eta, ordutik, urtez urte itsulapikoa hustuz joan da. 8.000 milioi euro bakarrik gelditzen dira erreserba funtsean. Eta hor daude itsulapikoa husteak erreparoa ematen diolako gobernuari. Iaz, Gizarte Segurantzaren defizita hari kredituak emanez konpondu zuen gobernuak.

Erreformak

Ez zen oso aztia izan behar zer zetorren iragartzeko. Horregatik, hain zuzen, Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2011n eta Mariano Rajoyk 2013an erreforma bana egin zuten, defizitari galga bat jartzeko. Arazo zailari irtenbiderik sinpleena eman zioten: Nola murriztu defizita? Gastua mugatuz eta murriztuz; pentsio errealak txikituz, alegia. Erreforma horietako neurri asko oraintsu ezarri dira indarrean, beste batzuk berehala datoz, eta egungo pentsiodunek eta erretiroa hartzear daudenek ederki igarri diete.

Lehen neurria pentsioak %0,25 igotzea. Aurtengoa bosgarren urtea da pentsioak legeak ezarritako gutxieneko hori igo direla. Rajoyren gobernuak moldatutako lege horren arabera, pentsioak eguneratzeko gizarte segurantzaren sarrerak eta gastuak hartu behar dira aintzat; gutxienez %0,25 igo daitezke, gehienez, berriz, kontsumo prezioen indizea gehi %0,50 bat. Horrek eragin zuzena izan du egungo pentsioen erosteko ahalmenean. Lehen bi urteetan, inflazio negatiboa bide, pentsioak irabazten atera ziren, baina 2016an eta 2017an galtzen atera dira, eta berdin gertatuko da 2018an.

Jakina, ikusita zein den sistemaren sarreren eta gastuen panorama, urte askotan pentsioen eguneratzea %0,25 igoerarekin egingo dela aurreikusi daiteke. Ildo horretan, igoera eskas hori aldatzeko inongo asmorik ez du erakutsi Mariano Rajoyk aste honetan Espainiako Kongresuan.

Gauzak horrela, aldaketarik ez badago, espero daiteke 2050. urtera arteraino neurri horretakoa izan daitekeela urteroko eguneratzea. Epe horretan inflazioa Europako Banku Zentralak nahi duen %2aren inguruan ibiltzen bada, urtero %1,75eko galera izango du pentsioen erosteko ahalmenak. Hori aurreikusten du, adibidez, Nazioarteko Diru Funtsak. Haren arabera, aldagaiak horiek badira, 2050. urterako pentsioek erosteko ahalmenaren heren bat galduko dute.

Ez da, ordea, denborarekin areagotzen joango den galera bakarra. Zapateroren erreformaren neurri nagusia, erretiro adinaren atzerapena, jada hasi da eragina izaten. Erretiro adina 65 urtetik 67 urtera luzatu zuen aldaketa horrek, eta, 2013. urteaz geroztik, kotizatuta izan beharreko urteak eta adina pixkanaka igoz doaz. Aurten, adibidez, erretiro adina jada 65 urte eta sei hilabetekoa da -65 urte, 36 urte eta erdi kotizatu badira-. Adin hori baino lehenago erretiratu nahi duten edo erretiroa hartzera behartuta dauden pentsiodunek zigorra izaten dute beren pentsioen kalkuluan. Krisiak, gainera, hala behartutako erretiroen kopurua handitu egin du. Aurrez erretiratu berri horien pentsioak txikiagoak izaten ziren lehen, eta are txikiagoak dira orain.

Beste galera bat: pentsioaren kalkulurako kotizazio urteen kopurua ere hamabost urtetik 25 urtera handitu zuten erreformek. 2013 hasi zen aldaketa, eta epea urte bat handitzen da urtero. 2018 honetan, pentsioaren kalkulurako kotizatutako azken 21 urteak hartzen dira aintzat. Datorren urtean, 22 urteko kotizazioak izango dira, eta 2022tik aurrera, 25 urtekoak. Oro har, langile baten soldatarik onenak, eta ondorioz, kotizaziorik onenak, lan bizitzaren azken urteetakoak izaten dira, eta haren pentsioaren kalterako da kalkulu epe hori luzatzea.

Pentsio berriak, txikiagoak

Aldaketa horien guztien lehen ondorioak jada antzematen dira: 2016. urtean, pentsio berrien batez bestekoa lehen aldiz jaitsi egin zen Hego Euskal Herrian -pixka bat, 1.630 eurotik 1.606 eurora- eta beste apurtxo bat 2017an -1.603 eurora-. Ez da diru asko, baina joera aldaketa esanguratsua da. Krisi urteak, gehiago edo gutxiago behartutako erretiro aurreratuak... eta 2011 eta 2013ko erreformen eragina, ezbairik gabe.

Jaitsiera horretarako neurri guztien artean eraginkorrena erretiro adina atzeratzea eta kalkulu epea izan direla uste dute zenbait analistak. Zapateroren erreforma hari esker, lehen aldiz, Espainiako Gizarte Segurantzan aurten erretiroa hartuko dutenen batez besteko pentsioa %70 izango da batez besteko azken soldatarekiko.

Oraintsu arte, ordezkatze tasa -batez besteko pentsioa batez besteko azken soldatarekiko- %80 zen Espainian. Horrela, 1.000 euroko soldata bat jaso zuenak lehen pentsioa 800 eurokoa izango zuen. Tasa handia zen Europako beste herrialdeenaren aldean, eta alderaketa hori maiz egin izan dute unean uneko Espainiako Gobernuko agintariek.

OCDEko herrialdeetan, adibidez, batez besteko ordezkatze tasa %63 da: Alemanian, esaterako, %50, eta Frantzian, %67. Hori bai, zenbait aldagai kontuan izan behar dira ordezkatze tasaz hitz egitean. Adibidez, langile baten azken soldata hori askoz ere handiagoa izan daitekeela beste herrialdeetan. Era berean, Europako zenbait herrialdetan, pentsio publikoetarako kotizatzeaz gain, langileak behartuta daude modu bateko edo besteko pentsio plan osagarriak izatera, eta, azken buruan, ordezkatze tasa erreala handiagoa da.

Gero, okerrago

Baina, esan bezala, ordezkatze tasa aurten %70era jaitsi da Espainian, eta oraindik gehiago jaistea espero da: Europako Batzordearen Ageing Report 2015 txostenaren arabera, Espainiako pentsio publikoen ordezkatze tasa 30 puntu baino gehiago jaitsiko da 2013. urtetik 2060. urtera bitartean, %79tik %48,6ra.

Epe motzagoa hartuta, 2030 urterako tasa %60 izango dela aurreikusi dute txosten horretan: hots, 1.000 euroko soldata jaso duenarentzat, 600 euro inguruko pentsioa.

Bada beste aldagai bat horretan asko lagunduko duena. Datorren urtean, Rajoyren 2013ko erreformako neurri bat gehiago ezarriko da indarrean, iraunkortasun faktorea: Espainiako bizi itxaropena ere aintzat hartuko da pentsioaren kalkulua egitean. Argudioa argia da: oraingo pentsiodunek adina jasoko dute, baina, bizi itxaropena handitu egingo denez, erretiratu berriek kotizatutako euren eskubideak urte gehiagoren artean banatu beharko dituzte, hilabetean diru gutxiago jasota. 2019. urteko urtarrilaren lehenarekin hasiko dira pentsioa faktore horrekin ere kalkulatzen. 2013-2017 urteetako bizi itxaropena hartuko da orduan aintzat, eta faktorea bost urtero berrituko da. BBVAren arabera, %0,47ko murrizketa ekarriko die datorren urtetik aurrera erretiroa hartzen duten pentsiodunei. CCOOk %0,5 inguruko mozketa aipatzen du. Faktorea behin bakarrik, lehen pentsioa kalkulatzean aplikatuko zaie pentsiodunei. Hori bai, zenbat eta beranduago hartu erretiroa, murrizketa handiagoa izango da, urtetik urtera pilatuz joango da eta. Horrela, erretiroa 2020an hartzen duenari iraunkortasun faktoreak %1 murriztuko dio pentsioa. Hamar urteren buruan, pentsio berrientzako murrizketa %7 izan daiteke, eta %15, berriz, 20 urtean.

Gizarte Segurantzaren gastuak gutxitzeko zenbait pentsio -alarguntza, zurztasun pentsioak, amatasun eta aitatasunenak... - aurrekontu bidez finantzatzea proposatu dute eragile zenbaitek. Hori eta aurretik aipatutako gastu murrizketak, dena den, ez dira nahikoa izango pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatzeko. Babyboomer-en belaunaldia erretirora iristerako, sistemaren finantzaketa bermatzeko ezinbestekoak izango dira aldaketak. Espainiako Kongresuko Toledoko Itunean horri buruz eztabaidatzen bi urtetik gora daramatzate alderdiek, emaitzarik gabe.

Soldaten arazoa

Bitartean, oraindik ere, pentsio plan pribatuen promozioa egiten dute agintari eta finantza erakundeek, baina beste askok pentsatzen dute horrek kalte egiten diola pentsio sistema publikoari. Hala ere, pentsio pribatuen aldeko ahots horiek pixka bat apaldu dira, krisiari soldaten debaluazioarekin aurre egin dion herrialdean orain zailagoa delako soldata txikiei erretirorako aurreztea eskatzea. Hego Euskal Herrian pentsio pribatuen egoera hobeagoa da Espainian baino, BGAE Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundearen figurari esker. Baina aukera hori ez dago, inondik ere, langile guztien esku.

Hego Euskal Herrian pentsio sistema propio bat edukitzeak konponduko luke arazoa? EAJk egindako azterketa baten arabera, 2014. urteko datuak aintzat hartuz, Espainian Gizarte Segurantzaren gastuak %13,6 handiagoak ziren sarrerak baino. EAEn saldo negatibo hori %20,9 izan zen, eta Nafarroan, berriz, %4,6. Han edo hemen, zuloa.

Eskumenak eskumen, argi dagoena da pentsio sistemaren erronka nagusia datozen urteetan diru sarrerak handitzea izango dela, eta kotizazioak handitu beharko direla, nahi eta nahi ez. Eta bai, horretarako ere soldatak hobetzea giltzarri bihurtu da.

BERRIAn argitaratua (2018/03/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA