astekaria 2018/03/16
arrowItzuli

bizigiro

XABIER ZABALTZA

«Xaho ez da inorena; denena izan daiteke»

Iker Tubia

«Xaho ez da inorena; denena izan daiteke»

Hamabost egun eman zituen Nafarroan Agosti Xaho idazle eta politikari zuberotarrak, eta horren kronika idatzirik utzi Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran liburuan. Frantsesez idatzi bazuen ere, euskaraz pentsatua dela dio Xabier Zabaltzak (Tutera, Nafarroa, 1966). Hark itzuli du euskara batura, Jakes Sarrailletekin, azken horrek zubererara ekarria baitzuen aurretik. Iruñean aurkeztu dute liburua: «Grinaz idatzitako liburu bat da, grinaz itzulia».

Zubererarekin ez zen aski, eta euskara batura ekarri behar zen?

Liburu atsegin bat egitea zen gure asmoa, eta Euskal Herri osoan konprenitzen ahal den euskaran ematea. Uste dut hori lortu dugula. Saiatu naiz zuberera osatu bat egiten. Frogatu dugu euskara batua ulertzeko modu anitz badela. Gauza anitz ditugu Zuberoatik ikasteko.

Orain errazago zabaldu liteke Xahoren figura Euskal Herri osora?

Hori izan da gure asmoa, Xaho ulertaraztea Euskal Herri osoan. Ariketa hau egin dugu: nola idatziko luke Xahok euskara batuan?

Hegoaldean ezagutzen da Xaho?

Batere ez. Beharbada, Aitorren kondaira ezagutzen da; hortik harago, nik esanen nuke ez dela ezagutzen.

Zer ekarriko luke Hegoaldean ere ezagutarazteak?

Azken batean, Xahok bere garaian oso ideia garbia zuen Euskal Herriaz. Orain edukitzea erraza da, baina duela 150 urte baino gehiago, ez. Euskal Herriaz hitz egiten du nazio gisa. Berritasun izugarria da garai hartarako; aitzindari bat zen.

Non lerratzen da Xaho?

Ipar Euskal Herrian, errepublikanoa zen; Hego Euskal Herrian, karlista. Gorria zen; ez zen ongi konpontzen eliza katolikoarekin. Masoia izan zen bere bizitzako azken urteetan. Oso ideia bereziak zeuzkan; horregatik, oso bakarrik sentituko zen, ez baitzen inorekin ezkontzen. Hori da, nire ustez, haren ahultasuna. Horregatik, Xaho denona ere izaten ahal da, ez delako inorena.

Pentsamoldea aldatu zuen?

Liburu hau idatzi zuelarik eta hil zelarik, gutxi gorabehera gauza bera pentsatzen zuela uste dut, eta beti kontraesanetan.

Beraz, ez zen koherentea?

Koherentea da bere inkoherentzian. Hark pentsatzen zuen egoera oso diferentea zela, eta ezin zitekeela politika bera egin Iparraldean eta Hegoaldean. Kontuan izan behar dugu Hegoaldeak oraindik bere erakundeak zituela. Xahok pentsatzen zuen erakundeen alde borrokatu behar zela.

Zer irakasbide atera daiteke harengandik?

Euskal Herria egon badagoela. Jakesek eta biok demostratu dugu, bera mauletarra baita, eta ni tuterarra. Ez hori bakarrik: itzulpen bat egin dugu zazpi probintzietan pentsaturik. Uste dut hori dela Xahok pentsatzen zuena: Euskal Herria egon badagoela. Gero, beste kontu bat da bakoitzak nola ulertzen duen.

Nazionalismoaren gaia askotan landu duzu. Horregatik erakarri zaitu liburuak?

Liburu honek betidanik erakarri nau. Oso gazterik irakurri nuen, 16 urterekin-edo, eta zoraturik gelditu nintzen. Baina hemen agertzen dena ez da hainbeste nazionalismo politikoa, euskaltzaletasuna baizik, edo nazionalismo kulturala.

Geroago jaio izan balitz, berdin pentsatuko luke?

Oso zaila da. Ez dakit. Xaho oso frantsesa zen, eta ez hori bakarrik: haren pentsamendua, neurri batean, frantses erromantiko batena da. Gertatzen dena da frantsesa eta euskalduna zela.

Laikoa zela esaten da. Hala da?

Bere pentsamendua gaizki ulertu dela uste dut. Nire ustez, oso erlijiosoa zen. Liburu honetan dio Euskal Herriak baduela bere aztia, bere kristoa. Ez du garbi adierazten, baina esan nahi du bera dela kristoa. Hori laiko batek ez du esaten. Egin zuen erlijio bat berarentzat bakarrik, eta bera zen mesiasa.

Baina ezkerrekoa bazen, ezta?

Bai, baina ezker liberalekoa. Irakurri izan dugu komunista zela, sozialista edo anarkista. Ez, ezkertiar burgesa zen. Gero hautagai izan zen nazio biltzarreko hauteskundeetan, eta ezkerretik joan zen, baina burgesetik, ez ezker sozialistatik.

BERRIAn argitaratua (2018/03/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA