astekaria 2018/03/16
arrowItzuli

gizartea

Euskalgintza, gizarte eredu

Garikoitz Goikoetxea

Euskalgintza, gizarte eredu

Ezinak izaten dituzte askotan, aurrera jarraitzeko zailtasunak. Nekeak. Baina euskararen biziberritzean ari diren gizarte eragileek badituzte indargune nabarmenak. Ondorio hori atera dute Elhuyar fundazioak eta Agirre Lehendakaria Center ikerketa guneak. Euskararen biziberritze prozesua: balioak eta harreman sareak ikerketa egin dute. Eredutzat jo dituzte eragileak. Besteak beste, zein den pertsonen lekua: «Kapital sozial handiko mugimendua da euskararena, eta berdintasunean sakontzea ahalbidetu du, erabakiguneetan egitura horizontalak bultzatuz». Elkarlanerako joera ere bai: «Sistema atomizatua da, autoaskitasun maila altukoa, baina, aldi berean, kolaborazio estrategiak garatu dituena». Gizartean arrastoa uzten dutenak, funtsean. «Gizartearen eraldaketa prozesurako funtsezko elementua izan dira».

Euskalgintzaren esparruko lau eragile hartu dituzte aztergai, denak ere ibilbide luzekoak: Argia, Elkar, Ikastolen Elkartea eta Elhuyar bera. Izatez, Elhuyarren bertan egin zuten lehen azterketa, 2016an. «Elhuyarren ibilbidean funtsezkoak izan ziren lau egitasmo zehatz identifikatu eta aztertu genituen. Helburua izan zen euskara biziberritzeko prozesuan egon diren balioak eta harreman sareak identifikatzea, aurrera begirako gakoak ateratzeko. Eta, bide batez, eraldaketa narratiba positiboak zabaltzeko», azaldu du lanaren egile Imanol Azkuek. Narratiba positibo horiei buruz aritu da: «Euskara gure identitate ikur nagusietakoa izaki, hizkuntzaren berreskuratze prozesuan izan diren elementu positiboak indartu eta zabaldu behar ditugu».

Elhuyarren ikerketa eginda, euskalgintzako beste eragile batzuekin konparatzea erabaki zuten. 2017an aztertu zituzten Argia, Elkar eta Ikastolen Elkartea. Azterketaren emaitza atzo aurkeztu zuten, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Ikerketan parte hartu duten eragileetako arduradunak ez ezik, bertan izan ziren beste hainbat esparrutako ordezkariak ere; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldunditik, GarbiƱe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Maribel Bakero Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria, eta Etxepare institututik, Irene Larraza zuzendaria.

Ondorio arrotzik ez

Ikerketa egiteko, lehenik, eragile bakoitzaren ibilbideko mugarriak identifikatu dituzte -esaterako, Elhuyarren beraren kasuan, lau: aldizkaria (1974), euskara planak (1991), hiztegi elebiduna (1996) eta Hizking21 (2002)-. Bigarrenik, elkarrizketak egin dituzte: 57 lagun, ardura eta zeregin desberdinetan aritutakoak, oraindik lanean ari direnak eta jada ez daudenak. Genero aldetik izan dute desoreka: 37 gizonen eta 20 emakumeren iritziak eskuratu dituzte. Gisa horretan osatu dute eragile horien diagnostikoa. «Erakundeon balio nagusiak identifikatu ditugu, harreman sareen garrantzia eta ezaugarriak azpimarratu, eta berrikuntza irekiaren aldetik zer ezaugarri dituzten aztertu dugu».

Sei balio nagusi sumatu dituzte: burujabetasuna eta autonomia, konpromisoa, elkarlana, demokrazia, erresilientzia, eta berdintasuna. Horrekin batera, nabaritu dute harreman sare «egonkorrak eta trinkoak» dituztela euskalgintzako eragile horiek, eta «ohituta» daudela horrela jardutera.

Ez dira ondorio arrotzak euskalgintzaren esparruan. «Euskararen berreskuratze prozesuan normaltzat hartzen da balio horiek euskalgintzako erakundeen artean partekatuak izatea», aitortu du Jon Abrilek, ikerketaren egileetako batek. «Baina kanpotik ikusita, azpimarratu egiten da ez dela hain ohikoa balio sistema hain indartsu bat erakunde hain desberdinek partekatzea». Baina ez da euskalgintzan soilik gertatu.

Hain justu ere, Agirre Lehendakaria Center ari da beste esparru batzuetako jardun ereduak aztertzen; adibidez, Mondragon taldearen bueltako kooperatibagintza eta Gipuzkoako eredua ari da aztertzen. «Bestelako azterketa batzuek erakutsi duten moduan, lurraldearekin oso lotuak daude balio horiek. Mondragonen kasuan, adibidez, elkarlana eta demokrazia modu bertsuan ulertzen da», azaldu du Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko kideak.

Kontakizun komuna

Lau erakundeen artean antzekotasunak sumatu dituzte iragana azaltzeko moduan, Abrilek azaldu duenez: «Konexio izugarria agertzen dute erakundeok, eta iraganari buruz narratiba komun indartsua dute». Ikertzaileen esanetan, horretan badu zerikusia garai bertsuan sortu izanak. «Frankismo amaierako testuinguru politiko eta sozialean euskara berreskuratzeko erakundeak sortu izanak lagundu du antzekotasun horiek izan daitezen». Ohar bat egin dute, hala ere: «Zehazteko dago etorkizunean nolakoa izango den narratiba hori».

Elkarlana aipatu dute euskalgintzako eragileen balioen artean, baina nabarmena da elkarren lehiakide ere badirela eragile horietako asko. Ikertzaileen arabera, biak uztartu dituzte: «Erakundeen arteko kooperazioak eta konpetentziak lagundu dute aurrera egiten: elkarlanaren bidez, zailtasunak gainditzen; konpetentziak lehiatzea, etengabe berritzea, berrasmatzea eskatu du». Giltzarritzat jo dute bi alde horiek uztartzea: «Konpetentziarik gabeko kooperazioak ez zuen lortuko erakundeon lanak hain inpaktu handia edukitzea; konpetentzia basati batek, berriz, ez zuen aukerarik emango eraldaketa sozialerako guneak eraikitzeko».

Horregatik, zalantzan jarri dute eragileen integrazioa biderik egokiena ote den aurrera jarraitzeko. «Administrazio publikoetatik, baliabideak arrazionalizatzeko aitzakiarekin, erakundeen arteko integrazio handiago bat eskatzen da, baina ezin da ondorioztatu ekosistema bateratzeak edo sinplifikatzeak emaitza hobeak ekarriko lituzkeenik. Ezin da ondorioztatu ekosistema konplexuetan inpaktu gutxiago lortzen denik». Horren adibide jo dute euskalgintza: «Ekosistema konplexua eduki izanak lagundu du inpaktu handiagoa lortzen, kooperazioan eta konpetentzian oinarritu delako ekosistema hori».

Balioak eta harreman sareak aztertuta, ez dute kontakizun hutsean geratu nahi. «Iraganari begiratuta, etorkizuna eraikitzeko eta erronka berriei aurre egiteko ikasgai ugari atera daitezke». Areago, uste dute euskalgintzako eragileen balioak eta harreman sareak mahai gainean jarrita sor daitezkeela lankidetzarako bide gehiago.

Aurrera begira baliagarri izango da euskalgintzan egindako azterketa, Espiauren hitzetan. Agirre Lehendakaria Centerren, «euskal transformazioa» ari dira aztertzen. «Ez zelan, baizik eta zergatik hartu ziren hainbat erabaki berezi Euskal Herriari buelta bat emateko». Nazioartera begiratuta, berezia da Euskal Herrian egindako bidea, Espiauren arabera. Hori aztertu nahi dute, etorkizuneko erabakietan argi egin dezan. «Informazio baliotsua lortu da euskararen arloko eragileetatik, jakiteko etorkizuneko erabaki estrategikoetan zer elementu ukiezin hartu behar diren kontuan».

Bideoa: Euskararen biziberritze prozesuaren balioak hitzaldia, osorik. (BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2018/03/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA