astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

Aldarrikapenen hamarkada

Berria

Aldarrikapenen hamarkada

Etengabea izan zen euskara hutseko egunkariaren inguruko hausnarketa eta aldarrikapena 1980ko hamarkadan. Argia aldizkariak biziarazi zuen eztabaida hura: argi zuten euskara hutsezko egunkaria beharrezkoa zela, eta hainbat hitzaldi eta mahai inguru egin zituzten horri buruz.

EUSKALDUNON EGUNKARIA sortu aurreko urteez eta orduko giroaz hitz egitea izen propio jakin batzuez hitz egitea da: Joxemi Zumalabe, Pello Zubiria, Iñaki Uria eta Josu Landa. Argia aldizkariko kazetariak ziren. Batik bat, haiek hartu zuten euskarazko egunkaria aurrera ateratzeko ardura: buruan iltzatuta zeukaten horren beharra, baita hura egiteko asmo irmoa ere.

Zeruko Argia izateari utzita, Argia-rako saltoa egin zuten. Aldaketaren garai hartarako han zeuden kazetari gazte haiek. Ez ziren garai onak astekariarentzat, Uriak gogoratu duenez: «Zerotik ez, astekaria zero azpitik ez dakit zein mailatatik martxan jartzea izan zen lehenengo lana». Hilabeteetan ezin izan zuten argitaratu, zorrak zirela medio, baina eman zioten buelta egoerari, eta, Uriaren arabera, 1981-1982. urtearen bueltan hasi zen astekaria egonkortzen eta irakurleen etxeetara iristen. «Ordurako atera genituen editorial batzuk egunkaria derrigorrezko ikusten genuela esanez. Bizimodu modernoan —garai hartan modernoa zena— klabea zen, beharrezkoa. Hamarkada hasieratik hasi ginen hori esaten».

Egunkariaren proiektuak erritmo bizia hartu zuen hamarkada hondarrean, baina aurreko urteak aldarrikapen urteak izan ziren: mahai inguruak, artikuluak, hitzaldiak... «Horietan guztietan, beti errepikatzen zen eskakizun bera: euskara hutsezko egunkaria behar zela eta egin behar zela. Eskakizun hori egiten zitzaion Eusko Jaurlaritzari».

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ikus-entzunezkoen alde egin zuen 1980ko hamarkadaren hasieran: irrati eta telebista publikoen alde. Orduan sortu zen EITB. «Gobernuak beti egin zuen ikus-entzunezkoen aldeko apustua, eta idatzizkoak baztertuta utzi zituen, bi hitzetan esatearren». Garai hartako ezinekin lotu du irrati eta telebista publikoen sorrera Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak: «Bazegoen halako pentsamendu bat, zeinak esaten zuen errazagoa zela euskaldunentzat euskaraz entzun eta ikustea, irakurtzea baino: irakurle kopurua horren handia ez zelako oraindik». Baina ezin horrek beste interpretazio bat ere badu, Zabaletaren ustez: «Badirudi logikoa dela, baina etsipena adierazten du mezu horrek: konfiantza falta adierazten du norberaren herrian eta norberaren indarretan».

Izatez, Eusko Jaurlaritzak pauso batzuk eman zituen egunkariaren bidean. Izan ere, egunkari itxurako astekariei diru laguntza emateko deialdia egin zuen 1986an. Hiru proiektu aurkeztu ziren: Egin egunkariarena, Deia-rena eta Argia-rena. Lehenengo biak onartu zituen gobernuak, Argia-rena kanpoan utzita. «Lehiaketa abuztuan atera zuten, epe oso laburrarekin: hala ere, aurkeztu genuen proiektua, eta kanpoan utzi gintuzten, errotatibarik ez geneukalako aitzakian», gogoratu du Uriak. Hala sortu ziren Hemen, Orain SArena (Egin), eta Eguna, Iparragirrerena (Deia).

Uriak adierazi duenez, «eraso» gisa bizi izan zuten hori Argia-n: «Bi astekari ziren, diruz lagunduak, Argia-k jasotzen zituen laguntzak baino askoz handiagoekin». Denborarekin ohartu ziren astekariek ez ziotela «minik egin» Argia-ri: «Hasierako asmoa astekarien bidez egunkarirako bidea egitea zela esan zuten: guk garbi ikusi genuen hortik ez zetorrela egunkaririk». Diru laguntzak amaitzearekin amaitu ziren bi astekariak, 1990ean.

Zabaletaren ustez, Argia-ko lantaldeak bazuen besteek ez zuten zerbait, eta gabezia hori izan zen astekari haien porrotaren gakoa. «Ahalegin hura ondo planteatuta zegoela eman arren, egunkari bat egiteko funtsezkoa zen konpromisoa eta konfiantza izatea norberaren indarretan eta herriaren indarrean. Hori falta zitzaien bai Egin-i, bai Deia-ri, baita Eusko Jaurlaritzari ere».

«EGIN EGINGO DUGU»

Ezinak alde batera utzita, Argia-koek bazekiten aurrera egingo zutela. Haiek izan ziren euskara hutsezko egunkariaren motorra: aldarrikapenetan lehenengo, gauzapenean gero. Baina horretan hasi baino lehenago, beste prozesu bat zeukaten irekita etxean bertan, Argia-n. «Produkzio medioen jabe egiten hasi ginen. Lehenbizi, ordenagailu bat jartzea lortu genuen. Kontuan hartu garai hartan gure inguruko inork ez zuela halakorik: garestiak ziren, eta asko kostatu zitzaigun. Fotokonposizio makina batzuk jartzen ere hasi ginen, desegiteko bidean zirenak». Inbertsio haiek Argia indartzea ekarri zuten. Izan ere, epeak laburtzeko aukera eman zieten, baita kostuak merkatzekoa ere, Uriak adierazi duenez.

Azpiegitura teknikoen jabe egin eta prozesuen ezagutza barneratu bitartean, Argia-ko kazetariak «lanbidean onduz» joan ziren, eta, 1988-1989 inguruan, ohartu ziren aldarrikatzeari utzita gauzatu egin behar zutela. «Hasi ginen esaten alferrik zela aldarrikapenak egitea eta eskatzen aritzea: jada ikusten genuen posible zela egunkaria egitea». Makineria martxan jartzear zirela, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak CIES etxeari enkargatutako azterketaren emaitzak iritsi ziren 1989ko urtarrilean. Ikerketa zabalago baten barruan, atal bat zegoen euskarazko aldizkari eta egunkari hipotetikoen irakurleei buruz. Emaitzak tiraderan gordeta eduki zituen gobernuak, aurrerago lantzeko asmoarekin, ustez. Baina Argia-k eskuratu eta publiko egin zituen, 1989ko urrian: euskara hutsezko egunkaria bideragarria zen.

ESTRATEGIA ZABAL BATEN BILA

Handik aurrera, ez zen izan kazetari haiek geldituko zituen ezer. «Inteligentzia handiz jokatu genuen momentu hartan: kontziente ginen egunkaria ezin genuela guk bakarrik atera, beharrezkoa genuela euskalgintzako beste eragileekin, editorialekin edo errotatiba zeukatenekin aliatzea». 1989ko azaroan, Donostiako Joxemiel Barandiaran lizeoan jende andana bildu zen euskarazko egunkaria martxan jartzeko, Euskal Kulturaren Batzarreak deituta. Abenduan, Durangoko Azokaren bueltan, egunkari berriaren oinarriak ezarri zituzten: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala, baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria izango zen. Gogoan du une hura Zabaletak, bera ere tartean baitzen: «Estrategia zabala prestatu zen, herriz herri, eta Egunkaria Sortzen talde eragilea sortu zen; nolabait, proiektua gizarteratzeko eta proiektua sendo eta zabal eraikitzeko urratsa izan zen». 1990eko urtarrilaren 21ean izan zen hori. Talde indartsua behar zuen izan, eta halakoa egin zuten, unibertsitateko eta kultur arloko 75 lagunen bultzadarekin. Urtea amaitu baino lehen argitaratu zen EUSKALDUNON EGUNKARIA, 1990eko abenduaren 6an.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA