astekaria 2018/03/16
arrowItzuli

iritzia

Prozesu eratzaile feminista

Jule Goikoetxea

Prozesu eratzaile feminista Jule Goikoetxea

Emakumeek*eta mugimendu feministak azken urteetan egindako analisi eta estrategien kristalizazio eguna izan da Martxoaren 8a.

Patriarkatu neoliberala deszentralizatua den aro honetan, borroka feminista tokian tokiko borroka globala bilakatu da. Ez dago aniztasun feministaren batasuna bezalakorik patriarkatuaren batasun dibertsifikatuaren kontra. Kapitalismo finantzarioak zerbitzuen sektorea indartu du eta horrek, industrialak ez bezala, sakabanatu egiten ditu langileak, borroka deszentralizatuaren beharra erakutsiz, dimentsio anitzeko artikulazio eta konfrontazio asimetrikoaren beharra handituz: etxean, familian, lantokian, kalean, hedabideetan, sindikatuetan, enpresetan, tabernetan, gauean, eskolan, herri txiki eta handietan, saltokietan, erakunde publikoetan, zeruan eta infernuan.

Hala ere, nora goazen zehaztea bezain garrantzitsua da nondik gatozen erantzutea, bereziki, historia eta genealogia propioa debekatzen digun sistema batean. Gure amonek eta, askotan, gure amek ez zuten eskubiderik kontu korronte bat irekitzeko, jabetzak edukitzeko, unibertsitatera joateko, abortatzeko edo dibortziatzeko. Lortu diren eskubide eta gaitasun kolektibo guztiak, borrokaren bidez izan dira, Bizkaiko erresidentzietako emakumeek bikainki erakutsi diguten moduan. Emakume izateagatik gutxiago kobratzeari, lan gehiago egiteari, gobernari eta zuzendaririk apenas egoteari, plan industrial eta teknologiko propiorik ez izateari eta estatuak jasotako dirua gure menderakuntzarako erabiltzeari, emakumeen kontrako gerra esaten zaio, ez emakumeen kontrako biolentzia. Eta halaxe izendatu behar da, gerra hitzak biolentzia egituratua eta estrategikoa azalduz gain, erresistentzia badagoela eta menderakuntzaren asmoa sistemikoa dela erakusten baitu, non gizon zehatzen intentzioak edo buenismoak garrantzia galtzen duen eta haiek okupatutako posizio menderatzailean jartzen duen arreta. Ez da identitate gerra bat, subjektu menderatzaileen eta menderatuen arteko gerra desorekatua baizik. Gerra hori desberdinen arteko kontzilio bihurtu nahi dutenak kapitalisten eta langileriaren arteko bizikidetza baketsua eskatzen dutenen anaia ezkertiar eta kotorroak dira, ez aliatuak. Eta horregatik oihukatu genuen martxoaren 8an «Gora borroka feminista» eta ez «Gora pedagogia humanista». Alegia, mendeak dirauen gerra honetan galduta dabilena, hala erabaki duelako da.

Kapitalismo patriarkalak Erdi Aroko patriarkatuaren izaera aldatu du, bizitza merkantilizatzeaz eta finantzarizatzeaz gain, mekanismo diziplinario eta biopolitikoen bidez mamitzen du subordinazioa, nekropolitika patriarkala mediatizatuz eta zenbait tokitan ikusezina bilakatuz berdintasun anekdotikoaren eta antagonismoaren diskurtso panpoxoen bidez. Horregatik oihukatzen da «Gora borroka feminista» eta ez «Gora pertsonen arteko parekidetasuna».

Pedagogia bidaide potentziala da beti, baina sekula ez nahikoa. Horregatik osatu zituzten XIX. eta XX. mendeko emakume anarkista eta komunistek talde ez mistoak, horregatik jarri zituzten jaunen jabetza pribatuaren kontrako bonbak sufragistek. Horregatik abesten zuten «altxa emakume, borroka gogorra eta luzea baita».

Asko dago egiteko hemendik aurrera, autokritika barne. Baina poemak dioen moduan, kopeta zuzen, burua argi eta arrastorik ez etsaiari.

Hemendik aurrera, deslegitimazio eta des-patriarkalizazio prozesuak abiadura hartuko du. Iraultza edo eraldaketa subjektu zapaltzailearen konplizitatearekin egin behar dela diotenak edo subjektu zapaltzaile bakarra dagoela idazten dutenak autoritatea galtzen hasiko dira, greziar polisetik gaurdaino lortu dugun ahalduntzea pedagogiaren edo sinpatiaren bidez erdietsi dugula diotenak bezalaxe. Horregatik oihukatzen genuen «Zutik emakumea, hautsi zure kateak... eta haien marko diskurtsiboa».

Hemendik aurrera, guk erabakiko dugu zer den pedagogia, zer antagonismoa, zer zaintza eta zer epistemologia patriarkala. Guk definituko dugu zer den klasea, gure helburuen arabera. Guk erabakiko dugu zer den demokrazia, gure estrategien arabera. Guk erabakiko dugu, borroka feministaren estrategiak eta taktikak anitzak izanik, zeintzuk diren kontrajarriak baina uztargarriak, zer den greba eta zeintzuk diren bere adierazleak, zeintzuk diren aliatuak eta zeintzuk darabiltzaten beren pribilegioa protagonista izaten jarraitzeko, politikan, ekonomian eta sare sozialetan, haien hitzezko hemorragiaren eta androzentrismo klinikoaren bidez.

Emakumeek*, mugimendu feministaren eskutik, erabakiko dute errepublika feministara eramango gaituen prozesu konstituiente edo eratzailearen nondik norakoa. Horretarako eta horregatik biderkatu dira emakumeen talde ez-mistoak: sindikatuetan, alderdietan, mugimenduetan, zerbitzuetan, institutuetan, lantokietan. Gizartea gobernatu nahi dugu, horrek erabakimena eskatzen du, erabakimenak beto ahalmena behar du, eta horrek konfrontazioa eragiten duela ikusi dugu. Horregatik oihukatzen genuen milioika emakumek «Gora-borroka-femi-nis-ta».

Euskal Irrati Telebista publikoaren misoginia egituratua euskal matxokraziaren irudi histerikoa besterik ez da. Ikusezinagoa da gizonez betetako enpresa, erakunde eta elkarte horien intentzio falta des-patriarkalizazio prozesua sustatu eta finantzatzeko. Berdintasun politiketarako aurrekontuak, hala nola zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta osasungintzan egindako murrizketak ez dira deskuidu bat, emakumeen kontrako gerran erabilitako arma klasikoak baizik. Guztiok dakizue jada.

Hortaz, iraultzak eta subjektu politiko berrien ernalkuntza subjektu zapaltzailearen borondatezko kontzientzia aldaketaren bidez gertatzen dela uste dutenak, presta daitezela.

BERRIAn argitaratua (2018/03/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA