astekaria 2018/03/16
arrowItzuli

politika

ESTEBAN BELTRAN

«Espainia ispiluaren aurrean jarri du, eta hori oso garrantzitsua da»

Amagoia Mujika Tolaretxipi

«Espainia ispiluaren aurrean jarri du, eta hori oso garrantzitsua da»

Atzo Europako Giza Eskubideen Auzitegiko epaia iritsi zenean ari zen aurkezten Esteban Beltran (Madril, 1961) Txiokatu... ausartzen bazara kanpaina, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean, Espainiako legeek adierazpen askatasuna itotzen dutela salatzeko. Estrasburgoren erabakia «berri ona da, dudarik gabe», haren ustez, «era honetako ekintza oro adierazpen askatasun gisa ulertu behar direla erabaki duelako».

Zein ondorio atera duzu Estrasburgok hartutako erabakiari buruz?

Jurisprudentzia mantentzen duela adierazpen askatasunak esan nahi duenari buruz. Haren arabera, talka egiten edo iraintzen duten ideien gainetik dago adierazpen askatasuna, indarkeriarik erabiltzen ez bada; hau da, argi eta garbi diote estatuburu batek, estatuburu izanagatik, beste edozein herritarrek baino irekiago egon behar duela kritikak jasotzera, eta argazkiak erretzea ez dela propaganda elementu bat besterik: komunikabideen interesa pizteko helburua du monarkiari buruzko eztabaida politikoa sustatzeko. Beraz, adierazpen askatasuna indartzen du, eta Espainia ispilu baten aurrean jarri du, Zigor Kodeko 490.3. eta 491. artikuluen aurrean -Koroari irainak arautzen dituzte-. Eta hori oso garrantzitsua da, auzitan jartzen dituelako, mehatxu direlako adierazpen askatasunarentzat.

Nola gauzatuko da atzoko erabakia aurrerantzean?

Lehenik eta behin, eragina dauka Enric Stern eta Jaume Rourarengan. Eta garrantzitsuena: era honetako ekintza oro adierazpen askatasun gisa ulertu behar direla erabaki du. Eta gainera, espero dugu Koroari buruzko Zigor Kodeko artikuluetan eragitea, Europako Giza Eskubideen 10. artikuluaren eta Eskubide Politikoen 20.aren kontrakoak baitira.

Kritika politikoaren barruan kokatzen du Estrasburgok ekintza. Hain justu, adierazpen askatasunaren kontrako azken auzipetze ia guztiak, koroarekin ez bada, ETArekin eta GRAPOrekin lotuak dira.

Larriena da duela urte batzuetatik praktikan ez dauden ekintzak goratzeagatik ezartzen ari direla kartzela zigorra, eta zigor gogorragoak. Ez dauka zentzurik gizarte demokratiko batean. Datuak hor daude: 2011n adibidez, ETAk hiltzeari eta mehatxatzeari utzi zionean kondena bakarra egon zen terrorismoa goratzeagatik, eta, 2017an, 31 egon ziren ETAri edo GRAPOri aipamen egiteagatik. Prozesatuen %92 ETA eta GRAPOrengatik dira, eta soilik %8 talde jihadistengatik. Terrorismoa goratzea 2000. urtean sartu zuten Zigor Kodean, 578. artikuluaren bidez, baina 2015ean erreformatu zutenetik areagotu dira drastikoki auzibideak. Gainera, legea anbiguoa denez, txisteak, abestiak eta txantxak delitu bilakatzen dituzte, eta kartzelara edo inhabilitaziora kondenatu.

Kaleko protesta isilarazteko neurriak direla salatu duzue.

Bai, azken batean, adierazpen askatasuna hondatu, eta gure bizitza erabat baldintzatzen ari dira. Jendeak ulertu behar du jende guztiari gerta dakiokeela, Internet erabiltzen duenean, kalean protesta batean dagoenean... eta ondorio oso larriak dituela. Hainbat urtez kartzelara joan daitekeela, eta batez ere inhabilitazioa, bigarren mailan geratzen den zigorra delako, baina oso garrantzitsua, bizitza osoa baldintzatzen duelako. Adierazpen askatasunaren hondatzeko makineria sendoa da gainera: batetik, indarrean dagoen terrorismoaren kontrako legea, bere iritziengatik jendeari jazartzeko egina; bestetik, eragotzi nahi da ez egotea protestarik mozal legea-ren bidez -2016an 34.000 isun jarri zituzten-, eta, azkenik, koroaren edo erlijioaren kontrako araudia egotea. Adierazpen askatasuna arriskuan dago Espainian.

Mozal legea indargabetzeko prozedura desblokeatu berri dute Espainiako Kongresuan. Zer deritzozu?

Guk legea aldatu nahi dugu, ez indargabetu. Ezeztatzen bada Corcuera Legera itzuliko baikinateke, eta hori ez da egokia neurri judizialik gabe. Erradikalki erreformatu behar da, ez indarrik gabe utzi. Mozal legea, Corcuerarena bezala, eremu zibilean kokatzen da, ez penalean. Eta horrek esan nahi du ustezko errugabetasuna desagertu eta errugabetasuna erakutsi behar izatera igarotzen garela. Alegia, segurtasun indarrek beti dutela arrazoi kontrakoa erakusten den arte, eta hori oso larria da. Legea erreformatu behar da, elkartzeko eta adierazteko eskubideak indartzeko.

Espainian ez ezik, Frantzian ere egoera izugarria da, baita Europako beste hainbat herritan ere.

Frantzian gertatzen dena da oso-oso kezkagarria da, 2015eko atentatuen ostetik. Milaka pertsona auzipetu dituzte terrorismoa goratzeagatik, adingabeak barne. Erresuma Batuak ere araututa dauka, eta Belgikan eta Herbehereetan Espainiakoaren antzeko legeak eztabaidatzen ari dira.

Europako Batasunak segurtasunerako legea jarriko du martxan iraila baino lehen. Zer ekarriko du horrek?

Ezer onik ez; besteak beste, legea orokorregia, baina Espainiako legea okerragoa da. Espainiak legezko aldaketa horiek egokituko balitu, aurrera egingo litzateke apur bat.

BERRIAn argitaratua (2018/03/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA