astekaria 2018/03/16
arrowItzuli

bizigiro

Korrikaren kume geldiezinak

Edu Lartzanguren

Korrikaren kume geldiezinak

Oraintxe bertan, zoro zoragarri batzuk korrika ari dira hizkuntzaren alde, egunez, gauez, eguzkitan edo euripean. Oraingoan ez da Euskal Herrian, eta ez da euskara ahoz aho daramatena. Belfasten (Ipar Irlanda) abiatu zuten igandean Rith lasterketa. Rith hitzak korrika egin esan nahi du gaelikoz. Larunbatera arte, gaelikoaren alde korrika ibiliko dira uhartean: 1.500 kilometro egingo dituzte, eta antolatzaileek 25.000 korrikalari espero dituzte.

«Rithen, umeengan jartzen dugu arreta», esan du Darren O Rodaighek, Rith 2018ko koordinatzaile buruak. Umeekiko arretak lotura zuzena du Irlandako hezkuntza sisteman gaelikoak duen lekuarekin: ikasleek ikasgai gisa jasotzen dute, eta ez da beste edukirik ematen gaelikoz. «Horregatik, Rithek sekulako aukera ematen du hizkuntza eskolan eta eskolaz kanpo lantzeko». Horrez gain, antolatzaileentzat oso garrantzitsua da hedabideetan lortzen duen oihartzuna. «Sekulako balioa dute irrati eta telebistako trafiko albistegietan egiten dituzten ohartarazpenek bakarrik».

Gaelikoaren Aldeko Asteko (Seachtain na Gaeilge) ekitaldi nagusietakoa da lasterketa. Historia luzea du jaialdiak, 1903. urtean hasi baitziren, Croí na Teanga It's You! lelopean egiten (Hizkuntzaren bihotza - zeu zara!). Baina lasterketa askoz gazteagoa da: 2010. urtean hasi ziren egiten, Korrikaren eredua hartuta. 20.000 lasterkari bildu zituzten lehen urte hartan. Euskal Herrian legez, ekitaldi berria tradizio bihurtu da, lehen unetik.

Korrikan, 2.300 kilometro inguru egiten dira; Rith motzagoa da. Gainera, aurtengo lasterketa iazkoa baino laburragoa izango da. 2016ko Rith korrikak 11 egun iraun zuen, eta korrikalariek 2.600 kilometro egin zituzten. «Gehiegitxo izan zen: oso gogorra da halako lasterketa luzea antolatu eta gauzatzea», esan du O Rodaighek. Uharteak populazio dentsitate txikia izateak zaildu egiten du kilometro guztiak egiteko jendea topatzea. «Hiri handietatik pasatzen saiatzen gara, eta ezin dugu inoiz Dublin pasatu gabe utzi, noski».

Belfastetik abiatu zen, igandean, eta azken hilabeteetan Irlandako hizkuntza propioaren inguruko eztabaida sutsuaren erdian daude uhartearen iparraldean. Alderdi nazionalistak hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzen dute, baina unionistek gogor egiten diote uko eskaerari. Rithen antolatzaileek nahiago dute lasterketari kutsu politikoa kendu, O Rodaighek azaldu duenez: «Edonola ere, Rithek beti babestuko du irlandar guztiek irlanderaz jakiteko eta egiteko duten eskubidea».

Erakundeen onarpen handia du lasterketak, Irlandako Errepublikan behintzat. Aurtengo lekukoak barruan daraman mezua Irlandako presidenteak idatzi du, Michael D. Higginsek.

Antolakuntzak funts bat osatzen du Rithen bildutako diruarekin, eta, gero, elkarteek egitasmoak aurkez ditzakete diru laguntzak eskatzeko.

Lasterketak amaiera arranditsua izango du larunbatean, Irlandaren egun nazionalean. «Zer gertatzen da euria egiten badu?», galdetzen diete antolatzaileei askotan. Honela erantzuten dute: «Korrika jarraitzen dugu; hau Irlanda da, azken batean».

BERRIAn argitaratua (2018/03/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA