astekaria 2018/03/16
arrowItzuli

gizartea

Munstroarekin zer egin

Ion Orzaiz

Munstroarekin zer egin

Ezin zaio iskin egin. Hiriguneko ia edozein bazterretatik begiratuta, hantxe dago, gainontzeko eraikinen gainetik burua ateratzen, so. Frankismoaren itzal luzeak Iruñea osoa zelatatzen du, Erorien Monumentuaren talaiatik.

1936ko kolpe militarra goratzeko xedez eraikitako mausoleo erraldoiak zutik dirau, zabaldu zutenetik 76 urtera. Lehen aldiz, baina, udal gobernu batek konpromisoa hartua du faxismoaren arrasto oro kentzeko. Orban frankista erauzi, gertatutakoaren oroimena ezabatu gabe; horixe dute erronka.

Hainbat aukera daude mahai gainean: batetik, eraikina eraistea talde memorialista askoren aldarrikapen historikoa da, diktaduraren eta errepresioaren ikur enblematikoena den heinean; bestetik, egoitza dagoen bezala mantentzearen alde azaldu dira UPNko zenbait eledun eta erregionalismoaren esparru ideologikotik gertu dagoen arkitekto talde bat. Hirugarren bide batek, baina, indarra hartu du azken urteetan: eraikina goitik behera moldatzea, elementu frankista oro kenduta, baina erabat eraitsi gabe. Hartara, frankismoari gorazarre egiten dion monumentua memoria historikoaren erakusleiho izatera igaroko litzateke. Besteak beste, eraikina 1936ko gerraren eta diktaduraren interpretazio zentro bihurtzea izan da zenbait historialarik eta eragilek azkenaldian planteatu dituzten aukeretako bat.

Aukera horiek guztiak aintzat hartuta, Iruñeko Udalak nazioarteko arkitektura lehiaketa bat antolatu du, Erorien Monumentuarekin zer egin erabakitzeko. Apirilean abiatuko dute lehiaketa, eta, horren aurretik, udalak gogoetarako tarte bat zabaldu du, monumentuari buruzko jardunaldi batzuk eginez. Iragan astean zabaldu zuten eraikina: bisita gidatuak, Iruñeko artista gazteen grafiti erakusketa eta nazioarteko adituen arteko solasaldi bat antolatu zituzten, mausoleo frankistaren geroaz eztabaidatzeko. Besteak beste, historialarien, legelarien, arkitektoen eta artisten proposamenak jaso zituzten. Hilaren 15ean, gainera, oroimen historikoaz eta monumentuaren balio sinbolikoaz hitz eginen dute Nafse36, Memoriaren Autobusa, Bideko Mitxingorria eta Txinparta elkarte memorialistek. ZER kolektiboa ere gonbidatua zegoen, baina uko egin dio jardunaldietan parte hartzeari, saioak monumentuan bertan antolatu izana «aukeretako baten alde egitea dela» argudiatuta.

Erorien Monumentu azpian dagoen kripta da egunotan itxita egon den espazio bakarra. Izan ere, eraikinaren jabea udala den arren, kriptaren erabileraren gaineko ardura Iruñeko Artzapezpikutzarena da. Hartara, Mola, Sanjurjo eta gainontzeko militar kolpisten gorpuzkiak iaz atera zituzten arren, gotzainek ez dute hilobiaren ateak zabaltzeko baimenik eman.

Erabakiak ez du udalaren bide orria aldarazi, gune horren gainean urteetan pilatutako isiltasun geruza erauzteko garaia dela iritzita. «Beharrezkoa da auzia mahai gainean jartzea, eztabaidatzea eta prozesu garden bat abiatzea, orain arteko opakutasunetik aldenduta». Joxe Abaurreak, Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarri eta Etxebizitza saileko zinegotziak (EH Bildu), parte hartze prozesua bera «aberasgarritzat» jo du: «Gobernu itun programatikoaren puntuetako bat zen arkitektura lehiaketa publiko bat antolatzea, baina aintzat hartu behar dugu espazio horrek ezaugarri propioak dituela; horregatik erabaki dugu, lehiaketaz gain, gogoetarako jardunaldiak antolatzea eta auzia mahai gainean jartzea».

Hirigintzaren ikuspuntutik, monumentua bidegurutze batean dago: Iruñeko hegoaldea (Lezkairu, Arrosadia, Mendillorri...) erdiguneko auzoekin lotzen du, eta itxitura ematen dio Karlos III.aren etorbideari. Inguru hori berezi egiten duena, ordea, ez da kokapena, eraikinaren historia iluna baizik. «Ukaezina da 1936ko estatu kolpearen eta errepresio frankistaren ikur gisa duen garrantzia. Hortaz, planteatzen den irtenbide orok aintzat hartu beharko du Memoria Historikoaren Legea», gogorarazi du Abaurreak.

Monumentua eraitsi ala eraldatu? Hori da aditu eta eragile askok egunotan egin duten galdera. Etxebizitza zinegotziaren aburuz, udalak ez du horren gaineko erabakirik hartu, eta parte hartze prozesuaren emaitzen arabera eginen du alde batera ala bestera. «Eraikina bota ala ez bota... Oraingoz, gu ez gaude eztabaida horretan. Badakigu tokia eraldatu egin behar dugula, sinbologia frankista kendu eta oroimena gorde, ikuspuntu demokratiko batekin. Horrez gain, inguru osoa (plaza, parkea...) monumentuaren arabera egina dago, eta horri ere heldu nahi diogu, espazio publiko hori berreskuratze eta demokratizatze aldera. Helburu hori lortzeko modurik egokiena eraikina eraistea den ala beste aukera batzuk lehenetsi behar diren... Hori ez dakigu oraindik. Udalak ez du erabakia alde bakarrez hartuko. Hitz egin dezatela adituek, eta aurkez ditzatela proposamenak. Horren gainean eginen dugu zirt edo zart».

Hiru fase izanen ditu prozesuak: lehena, egunotan egiten ari diren jardunaldiak; bigarrena, nazioarteko ideia lehiaketa; eta azkena, parte hartze publikoa. «Lehen fasean ezarriko ditugu irizpide eta asmo orokorrak, eta horren arabera antolatuko dugu arkitektura lehiaketa; bigarren fasean zehaztuko da asmo horiek teknikoki nola gauzatu daitezkeen; azkenik, konkurtsora aurkeztutako proiektuen artetik bost aukeratuko ditugu, eta horien artean hautatuko dugu».

UPN, eraistearen kontra

Kolpe militarra goratzeko eraiki zuten Erorien Monumentua 1942. urtean, baina, ordutik, erabilera anitz izan ditu: eliza izan zen hainbat urtez, baita Mola, Sanjurjo eta beste zenbait militar kolpisten hilobia ere; eta Yolanda Barcinak erakusketa areto bihurtu zuen, alkate izandako garaian. 2007ko memoriaren legea betetzeko, ikonografia frankista oihalekin estali zuen, baina ez zuen ezer moldatu.

UPNk ikur frankistak ez ukitzearen alde egin du azken urteetan ere: 2016an, Rodezno Kondearen plazari izena aldatzearen aurka azaldu zen, eta, iaz, gogor kritikatu zuen Mola eta Sanjurjoren hilotzak hobitik atera izana. Orain, udalaren kontra egin du berriz ere, monumentua eraisteko aukera mahai gainean jartze hutsagatik. «Frankismo kutsuko paternalismoz jokatzen du UPNk; eraikina botatzeko aukera hor dago, eta ezin dugu baztertu», erantzun du Abaurreak.

BERRIAn argitaratua (2018/03/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA