gizartea
Eguneko 19 salaketa jartzen dituzte genero indarkeriagatik Hegoaldean
Aitor Biain

Genero indarkeriari buruzko datuak atzo eman zituen argitara CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Barruan daude Hego Euskal Herriko lau herrialdeei dagozkienak.DELITUAK ETA FALTAK
Gehienak, tratu txarrak
Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako 7.491 kasu heldu ziren iaz Hegoaldeko auzitegietara. Azken bost urteetan gertatu bezala, 2017an ere gora egin zuen delituen eta falten kopuruak. 2012an 6.055 kasu jaso zituzten, eta 2016an, 6.974. Urtebetean, 2016tik 2017ra, %7 igo da horrelako delitu eta falten kopurua. Aurreko urteetan bezala, lesioekin eta tratu txarrekin lotuta daude gehienak: hamarretik zazpi.
Nabarmena da, halaber, ezarritako aginduak urratzeagatik irekitako prozeduren kopurua ere. Lesioen eta tratu txarren ondoren, arau-hauste horiek dira ohikoenak: iaz 1.182 kasu ireki zituzten epaitegien aginduak ez betetzeagatik —ezarritako urruntze aginduak haustea dago tartean—.
Atzerago daude beste delitu eta falta batzuk. Irainekin eta umiliazioekin lotutako 190 salaketa izan zituzten epaitegiek. Sexu askatasunarekin lotutako salaketak 83 izan dira, 2016an baino gutxiago —97 izan ziren urte hartan—. Kontuan izatekoa da, nolanahi ere, 2017ko datuak urrun daudela atzeragoko urteetakoekin alderatuta; adibidez, 2014an 54 eraso salatu zituzten, eta 2015ean, 56.SALAKETAK
Uko egiteak, gora
Genero indarkeriarekin lotutako arau-hauste gehiago salatu zituzten Hego Euskal Herriko auzitegietan iaz: 7.028. CGPJk datuak biltzen dituenetik izandako salaketa kopururik handiena da hori. Azken bost urteetan gora egin du salaketen kopuruak. Izatez, 2016an eta 2017an nabaritu dute gorakadarik handiena. 2015etik 2016ra %16 handitu zen salaketa kopurua: 840 salaketa gehiago urtebetean. Azken urte tartean, 2016tik 2017ra, %12koa izan da igoera: 760 salaketa gehiago. Argia izan da azken urteetako bilakaera: 2015ean, batez beste, egunean genero indarkeriarekin lotutako hamabost salaketa iritsi ziren Hego Euskal Herriko auzitegietara; 2016an, hamazazpi salaketa; eta, 2017an, hemeretzi.
Erasoak jasan dituzten emakumeek eurek jarri dituzte salaketak kasu gehienetan: biktimek jarri dituzte 4.795 salaketa, hots, guztien bi heren pasatxo (%68,2). Atzerago daude senideek jarritako salaketak, mediku txostenen bidez epaitegira iritsitakoak eta Poliziaren ekimenez hasitakoak.
Salaketa guztiek ez dute aurrera egiten. Hamar kasutik batean baino gehiagotan, emakumeek uko egin diote auzibidean jarraitzeari. 2017ko datuei dagokienez, salaketen %12 atzera bota zituzten emakumeek eurek. Uko egin diotenen portzentajea handiagoa da 2016an baino —orduan %10 izan ziren—, baina kontuan izatekoa da atzera egiteen portzentajea nabarmen handiagoa zela orain urte gutxi. 2012an bertan, esate baterako, ia bost kasutik batean egin zuten emakumeek atzera (%19,9).
Behin auzibidean aurrera eginda, deklaratzeari uko egin diezaiokete emakumeek. Igo egin da eskubide horri heldu dioten emakumeek kopurua: 859 andrazkok ez zuten iaz epaiketan deklaraziorik eman nahi izan; 2016an baino %23 handiagoa da kopuru hori.EMAKUMEEN BABESA
470 kasutan, entzungor
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratutako datuetan ageri da beste aldagai bat ere: zenbat emakumek eskatu dituzten erasotzaileengandik babesteko neurriak, eta zenbatetan hartu duen epaileak gisa horretako neurriren bat. 2017ko zenbakiei dagokienez, datuek diote bost babes eskaritik ia bi ez dituztela onartu epaitegiek: 1.237 babes eskari aurkeztu zituzten genero indarkeria salatu duten emakumeek, eta haietatik %37,8 atzera bota zituzten epaileek: 406 babes eskari dira.
Babesa eskatu duten emakumeen kopurua handitu egin da 2016tik 2017ra, %9,6. Eta atzera botatakoen portzentajea ere bai: %36 izan ziren 2016an. Babes eskarien kopuruak ez du zuzeneko loturarik, nolanahi ere, aurkeztutako salaketen kopuruarekin. Esate baterako, 2008arekin alderatzen baldin badira 2017ko datuak, hau da aldea: salaketak 1.800 gehiago dira (%34 gehiago), baina babes eskariak, 240 gutxiago (%16 gutxiago). Halere, proportzioan gehiago dira epaileek atzera botatakoak: eskarien %34 ez zituzten onartu 2008an Hegoaldean, eta %38 2017an.