astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

iritzia

M-9

Jakes Goikoetxea

M-9 Jakes Goikoetxea

Eta martxoaren 9tik aurrera zer? Lortutakoaz harro egon behar da, lortutakoa gozatu behar da. Ez ostegunean bizitakoaz, ikusitakoaz eta ikusarazitakoaz bakarrik. Baita ostegunera iristeko egindako lanaz, abiatutako prozesuez eta sortutako konplizitateez ere. Etxe, herri edo lantoki bereko emakume askok lehen aldiz egin dute gogoeta feminismoaz, partekatzen dituzten arazoez, mobilizatzeko premiaz... Gazteak zaharragoekin elkartu dira, bertakoak bertakotuekin. Kolektibo sentitu dira, talde, ahizpa. Kalea, plaza, hartu dute. Aldarrikatzen bai, baina festa giroan. Aldarrikapena kalera bakarrik ez, etxeetara eta lantokietara ere iritsi da. Gazteak inplikatuta daudela ikusi da. Inor gutxi ausartu da deialdia argi eta garbi kritikatzera, ezta patronalak ere. Gehienek bat egin dute tantaz tanta osatutako eta bultzatutako korrontearekin. Feministak histerikotzat zituztenek ere orain historikotzat jo dute gertatutakoa. Komunikabideen jarraipena ikusi besterik ez dago. Bada konturatzerako korronteak harrapatu duenik ere, gorbata edo xingola more soil batekin edo ikusle gisa, eragile izan behar badu ere. Epel, beste behin.

Herenegungoa mugarria izan da. Ezer ez dela berdin izango esan da. Mugimendu feministak, indartuta, korrontea baliatzen jakin eta asmatu behar luke. Erakundeek korrontea aintzat hartu eta bat egin, hitzekin baino gehiago, ekintzekin. Eta gizonok, salbuespena ohiko bihurtu.

BERRIAn argitaratua (2018/03/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA