astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

Amantalak

Jose Mari Pastor

Amantalak Jose Mari Pastor

Amantalaren zapalkuntza zuri atsegin hautemanezina ikusgai izan genuen ostegunean. Martxoaren 8ko mobilizazioetan sukaldeko hormetatik irten zen amantala eta emakumeen aldarrikapenen sinboloa bihurtu zen. Etxeko lanak, gehienetan andrazkoek eginak, balio sozialik ez duela salatzeko modua izan zen.

Horren harira idatzi du Imma Monsók La Vanguardia egunkarian. Idazlearen ustez, emakumeek muturrera eraman balute osteguneko protesta, iraultza izango zen, «iraultza krudela», odoltsua, ondorio latzekin: «Hipogluzemiak jotako senarrak garaiz ez bazkaltzeagatik, emakume kolpatuak betiko tratu txar emaileari atsegin ez emateagatik, zaharrak gurpil-aulkian utzita, umeak galduta eskolatik irtetean, haurtxoak leihotik botata...». Zorionez, ez zen hala izan, baina horixe gertatuko zen deialdia «zehatzagoa» izan balitz eta «emakume guztiek» grebari segitu baliote. Iraultza tragikoa, baina etxeko lanari buruzko iritzia, balorazioa, bestelakoa izango zen biharamunean.

Etxe barruko zapalkuntza ikusezinaz ohartarazi du Octavio Salazar Zuzenbide irakasleak El hombre que (no) deberíamos serIzan beharko (ez) genukeen gizona— liburuan. Haren ustez, asko hitz egiten da aita berriei buruz, baina horren atzean badago nolabaiteko tranpa bat: «Gizonezkook lan atsegingarriez arduratzen gara, berriz ere, gizakiaren hazkuntzari eta garapenari dagozkienak. Semea parkera ateratzeak prestigioa ematen dizu. Ez du zerikusirik pertsona gaixo, mendeko eta zaharren zaintzarekin. Hori emakumeek egiten segitzen dute, gehienbat».

Ostegunean amantalak ikusi genituen gure kaleetako hainbat eraikin, oroitarri eta estatuatan. Iruñean entzierroaren monumentuko gizonezkoei jarri zieten janzkia, Ernest Hemingway idazlearen estatuari eta San Fermini (ene, ene!). Maskulinitate klasikoaren eskema zaharren ereduak direnak etxeko lanak egiteko arroparekin jantzita. Ikusgarria.

Bilbon ere agertu ziren amantalak. Horietako bat Ramon Rubialen omenez eraikitako estatuan ikusi genuen, Guggenheim museoaren ondoan. Buruzagi sozialista izan zen Rubial, Eusko Kontseilu Nagusiko lehen lehendakaria —diktaduraren ondorengo lehendabiziko erakunde autonomikoa—. Aro bateko gizonaren prototipoa. Eta horregatik, boterearen ikurra zelako, ez zuen lan askorik egingo etxean. Oker banago, zuzen nazazue, mesedez.

Ramon Rubialen figuratik oso urrun ez, Ertzilla kalean, bada beste estatua bat. Jose Antonio Agirre lehendakariarena da. Hari ere jantzarazi zioten amantala. Rubial eta Agirre, Agirre eta Rubial; biak ala biak gizonezkoak, biak ala biak boteretsuak. Inor ez dadila asaldatu, baina zer espero genuen? Haiek gizonezkoon botere hegemonikoaren itzal eta inertzietatik guztiz libre egotea?

Azken batean, nolakoa izan zen Rubialen eta Agirreren jarduna etxean, bizirik zeuden bitartean? Bilbon jarritako amantalen arabera, badirudi Rubialek ez zuela garbiketa lanik egiten, sukaldean «indabak erre zaizkizu berriro!» oihukatzeko baino ez zela sartzen, eta bilera klandestinoetatik itzultzen zenean oinak ur epeletan sartu, eta emazteari pedikura egiteko eskatzen ziola, habano ederra erretzen zuen bitartean. Ez, ez zen horrenbestekoa izango, baina pentsatzekoa da hurbilago ibiliko zela jarrera horretatik erabateko berdintasunaren praktikatik baino. Beste alde batetik, Agirre lehendakaria ez zen korrika joango etxera, iluntzean andreari afaria prestatzeko, edo arropak garbitzen laguntzeko. Jaio eta bizi izan ziren urteak kontuan izanda...

Garai berekoak ziren Agirre (Bilbo, 1904) eta Rubial (Erandio, 1906). Eta boterearen sinboloak. Egun bizirik baleude, emakumeen aldarrikapenekin bat egingo lukete, ez dut dudarik egiten, baina seguru nago euren denboran ez zutela oso desberdin jokatuko arlo horretan. Emakumezkoen aurkako zapalkuntza ez da gizarte, herri, aberri edo bandera jakin baten monopolioa. Horregatik, Rubial espainolari amantala jarri zioten osteguneko greban. Eta Agirre euskaldunari ere bai.

BERRIAn argitaratua (2018/03/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA