astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

BEGOñA ZABALA

«Kalea behar dugu: hor daude eguneroko borrokak»

Jon Rejado

«Kalea behar dugu: hor daude eguneroko borrokak»

«Lan eskerga eginda, baina emozio sinestezina barruan». Horrela amaitu zuen Martxoaren 8a Begoña Zabalak (Santiago, Txile, 1950). Emakume Internazionalistak elkarteko kidea da Zabala. Urteak eman ditu mugimendu feministan, eta hainbat liburutan jaso du bere eskarmentua. Osteguneko mobilizazioari buruz, gogorarazi du jendetzak «gainezka» egin ziela. «Aniztasun handia zegoen parte hartzaileen artean, baina, batez ere, emakume gazte asko». Greba feministaren dimentsioa aztertu du, eta etorkizunerako zenbait giltza xehatu.

Zergatik erakarri zituen Martxoaren 8ak hainbeste emakume?

Azken urteetan, mugimendu feministaren ekinbideek jende asko erakarri dute: Iruñean abortuaren legearen aldaketaren aurkakoa, Feministok Prest!... Azken bultzada falta zen, eta oraingoa heldu da. Hedabideetan izandako oihartzunak eragin handia izan du. Bi aste eman ditugu hedabideetan gaiari buruz hitz egiten. Horrez gain, antolaketa handia egon da. Irailean hasi genituen greba feminista prestatzeko eztabaidak. Interesgarria izan da bidea: prozesu parte hartzailea, horizontala, deszentralizatua...

Aniztasun handia egon zela nabarmendu duzu. Nola lortu da mezua askotariko sektoreetara helaraztea?

Greba lau ardatzetan planteatu izanak eragin du: ikasketak, kontsumoa, zaintza eta lana. Batean edo bestean, gehiago edo gutxiago, emakume orok sentitu du haiei eragiten ziela. Horrez gain, efektu sinboliko handiko gertaerak izan dira, hemen eta nazioartean.

Zeintzuk?

Nazioartean, #Metoo salaketak, adibidez. Urrunekoak zaizkigu Hollywoodeko emakumeak, baina amorrazioa sentitzen duzu emakume izateagatik sexu jazarpena jasan dutela jakitean. Horrek gertuagoko kasuak azalarazi zituen: kazetariena, adibidez. Gertuago sentitzen duzu: ukitzen zaituela. Gurean, Nik sinesten dizut oso garrantzitsua izan zen. Garai eta esaldi sinboliko horiek jendearen gogoan geratu dira.

Aurretik mobilizatzen ez ziren emakumeak bildu zituen Martxoaren 8ak. Kapital berria da feminismoarentzat?

Bai, bada, batez ere gazteen kasuan. Gogo betez datoz, geratzeko asmoarekin. Eguneko ekintzetan ez ezik, batzarretan ere parte hartu dute. Ekarpen harrigarria da pankarta brotxarekin margotzen genuenontzat.

Zer ekarpen egiten dute?

Ez dute berdintasunaren diskurtso ofiziala onartzen, eta oso ekinbide onak proposatzen dituzte: freskoak, berritzaileak, apurtzaileak, eta oinarri teorikoarekin. Kalea behar dugu; hor daude eguneroko borrokak. Administrazioak ikusiko du zer egin, baina mugimendu feministak autonomia eta indarra behar du.

Administrazioak saiatuko al dira M8aren diskurtsoa bere egiten?

Administrazioak iraun behar du: jende asko dago bertan [barre egin du]. Joera izan dute diskurtsoak eta hitzak bereganatzeko: hartu, blokeatu, egituran sartu, eta eredua errepikatu. Adibidez, genero hitza: mundu akademikotik heldu zen, baina gaur egun ez du esanahirik. Emakume deitu beharrean genero esaten digute: generoa eta lankidetza, generoa eta ekonomia...

Zer egin beharko luke?

Administrazioak ezin du mugimendu feminista ordezkatu. Haren lana da zerbitzu publiko onak eskaintzea. Berdintasun teknikariak izan nahi dituzte? Ondo, baina izan daitezela zerbitzu publiko onak bermatzeko. Gero, kanpaina bat egin nahi dutela, emakumeek indarkeria matxista sala dezaten? Ondo, baina aurretik berma dezala justizia sistemak behar besteko babesa emango diola emakume horri.

Feminismoa hegemoniko bihurtzen ari da?

Ez dakit hegemoniko bihurtzen ari den, baina lehia dago zehazteko norena izango den feminismo hegemonikoa: administrazioarena eta elkarteek osatzen duten mugimenduarena. Administrazioak grebara batu ziren arriskuan ikusi zuelako beren diskurtsoa. Baina elkarteok izan behar dugu feminismoaren buru. Pausoak gure alde gertatzen ari dira.

Martxoaren 8a mugarritzat jo dute. Hemendik aurrera, zer?

Mugarri bat izan da aurrez ibiltzen ari ginen bidearen norabidean. Bide horretan jarraitu behar dugu. Feminismoaren lehia ez da hurrengo hauteskundeetara aurkeztea. Ministerio bat lortu bagenu ere, ezin izango genuke egoera errotik aldatu. Sistema kapitalista eta patriarkalaren sustraiak sakonagoak dira, eta hori amaitu nahi dugu. Nola? Borroka honetan aurrera eginez. Lan ildoa ondo zehaztuz, eta heltzen ari diren gazteengan konfiantza izanda.

BERRIAn argitaratua (2018/03/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA