astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

Gazteak prest dira aldaketa hasteko

Asier Arrate Iruskieta

Gazteak prest dira aldaketa hasteko

Ikasketa prozesuan genero ikuspuntua albo batera utzi da, eta emakumeak ezerezean geratu dira hezkuntzan». Irati Mujika zarauztarra unibertsitatean ikasten ari da, eta herenegungo greba feministan parte hartu zuen, beste milaka emakume gaztek bezala. Institutuko zein unibertsitateko ikasle izan, toki nabarmena izan zuten emakume gazteek Euskal Herrian egindako mobilizazioetan. Salatu zuten botere harremanak oso presente daudela hezkuntzan, eta beren presentziarekin mezu argi bat ere bidali zuten: gazteak ez daude lo, itzarrik daude, eta prest daude berdintasunerako borroka ikasgeletatik abiatzeko.

«Hainbat arrazoi genituen kalera ateratzeko, baina grebarekin salatu nahi izan dugu emakumeok ez daukagula aitortzarik hezkuntza sisteman», adierazi du Mujikak. Ikasleei irakasten zaizkien ereduak jarri zituen adibide: «Gizonezkoak dira liburuetan ageri diren zientzialariak, historialariak eta pertsonaia historiko guztiak».

Mujikak «emozioarekin», baina aldi berean «urduritasun puntu batekin» ere heldu zion greba egunari: «Goizetik aritu ginen dena prestatzen, eta ez genekien nor etorriko zen edo zenbat etorriko ziren». Pozik dago erantzunarekin, batez ere emakume gazteen artean lortutakoarekin. «Harritu nintzen ikusi nuenean zenbat emakume gazte zeuden greba eguneko mobilizazioetan».

Eraldaketarako giltza

Aitziber Romero gasteiztarraren ustetan, «zaila» da gazteen presentzia ziurtatzea Martxoaren 8aren gisako «belaunaldien arteko esparru batean». Zailtasunak zailtasun, adierazi du fruitua eman dutela aurreko asteetan egindako lanketak eta egunean bertan egindako prestaketek: «Ez dut hitzik azaltzeko: aurreikuspen guztiak gainditu genituen, pertsonalak zein kolektiboak». Azpimarratu du mobilizazioetan agerian geratu zela emakume guztien arteko babesa, elkartasuna, konplizitatea.

Mobilizazioetan parte hartu zuten emakume gazte guztiek erakutsi zuten, Romeroren aburuz, gazteak direla «eraldaketarako giltza». Salatu du hezkuntza sistemak «pasibotasuna eta kritikotasunik eza» sustatzea duela helburu, baina greba feministari esker lortu dutela «Euskal Herri feminista eraikitzeko prozesuaren protagonista» izatea.

Irati Agorria gernikarrak ere sentsazio onarekin bukatu zuen eguna: lanak «merezi» izan zuen sentipenarekin. Kontatu du kostatu egin zaiola bizi izandakoa bere egitea, baina adierazi du gurako lukeela «gertakari bakan bat baino gehiago» izatea: «Ahaldundu egin behar dugu, baina, horretarako, gure arazoak egunero sozializatzen ohitu behar dugu, hausnartzen eta lantzen». Horregatik uste du gazteek «sarriago» hartu beharko luketela mobilizatzeko «ardura». Bide beretik jo du Ane Rodriguez bilbotarrak ere, eta erantsi du borroka feministak «emakume guztien batasuna» behar duela: «Ikasleok hezkuntza feminista, laikoa eta publikoa nahi dugu, lan mundura heltzean aukera berberak izan ditzagun».

Gazte batzuek lehen aldiz parte hartu dute Martxoaren 8ko mobilizazioen antolakuntzan. Baionako Bernat Etxepare lizeoan, adibidez, aurten sortu dute talde bat ikasleen artean «ikuspegi feminista» pizteko asmoz, eta estreinakoz atera dira kalera. Amaia Egiguren kidea oso pozik azaldu da ikasleen artean lortutako erantzunarekin: «Ez da erraza izan, lehen aldia zelako, baina jendea gogotsu zegoen, eta azkenean espero baino erantzun handiagoa lortu dugu». Azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian gazteen kontzientzia politikoa «motelagoa» da, eta nabarmentzekoa da lortutako emaitza.

Lehena izatea ez da beti erraza, eta, sarritan, esfortzu handiagoa egitea eskatzen du. Egigurenek azaldu du lan handia egin dutela, bereziki hedapenari dagokionez: «Ikasleei azaldu genien zer egin nahi genuen, eta zergatik egin nahi genuen». Informazio kanpainari esker, ikasleak pixkanaka hurbiltzen hasi zirela aipatu du.

Naiale Marinentzat ere lehen aldia zen mobilizazio handi bat antolatzen zuela. Iruñerrian aritu da egitaraua prestatzen. Hainbat ikastetxetako ikasleak bildu ziren Martxoaren 8ko egitaraua osatzeko. Marinen institutuan, hainbat ekintza egin zituzten goizean, gainontzeko ikasleekin, eta gero ikaskideekin, irakasleekin eta auzokoekin egin zuen bidea Sarasate pasealekuan egindako elkarretaratzera. Marinek ikasleen erantzuna goraipatu du, baina salatu du ikastetxe batzuetan eragozpenak izan dituztela greba feministara jotzeko: «Zuzendaritzak oztopoak jarri zizkigun, baina, zenbait irakasleren laguntzari esker, lortu genuen greba egitea». Martxoaren 8an bizi izandakotik, Marinek ikasleen «erantzun indartsu eta bizia» nabarmendu du: «Mugimendu feministaren garaipena izan da».

Lanean segitzeko deia

Guztiek nabarmendu dute mugimendu feministak orain arte zer lortu duen, baina uste dute oraindik «asko» dagoela egiteko. Mujikaren iritziz, «hasiera soilik» da orain artekoa, eta oso baikorra da mugimendu feministaren ibilbideaz: «Lortutako guztia izugarria da, eta ez dut uste atzerapausorik egongo denik; gehiagora egingo dugu». Egigurenek argi du gazteen kontzientzia pizteko lana ez zela Martxoaren 8an hasi eta bukatu: «Hurrengo urteetan lizeora datozenek guk abiatutako lana jarrai dezaten, ekimenak antolatzen segituko dugu, eta ikasleak aktibatzen». Alegia, Martxoaren 8ko mobilizazioek emakume gazteek hasitako bidea erakutsi zutela, baina hori ez dela amaiera. Hasiera da, belaunaldi berriei bide emateko pauso bat.

BERRIAn argitaratua (2018/03/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA