gizartea
Bete-betean loratutako eguna
Arantxa Iraola

Greba bide luze baten emaitza dela uste du Saezek. «Ez da egun bateko lorea: lan handia egon da horra iristeko, usu nekea izan den lan bat», azaldu du. «Mugimendu feministak jarraitu behar du hau gidatzen, bideratzen. Aurrera jarraitu behar da». Bilgune Feministako ordezkari Amaia Zufia ere harrituta zegoen atzo, bezperako olatuaren tamainari begira, eta oso pozik. «Aurreikuspen guztiak gainditu dira. Masiboa espero genuen, baina tsunami bat izan zen». Azaltzen ere ez dela erraza uste du. «Zifrak eta hitzak falta dira gertatu zena adierazteko». Protestarako deiaren «aniztasuna» gako izan da Bilgune Feministarentzat ere, bai eta mobilizazioa taxutuz joateko bidea bera ere. «Grebaren antolaketak ekarri du hainbat subjektu politiko errekonozitzea, eta saretzea». Aliantza berriak eratu direla adierazi du Zufiak, eta ezinbestekoa iruditzen zaio lotura horiek lantzen jarraitzea. «Ikusi beharko dugu nola kudeatu».
Hiriburuetako mobilizazio indartsuak ohikoak izaten dira urtero Martxoaren 8aren bueltan, baina ostegunean auzo eta herri gehienetan ere antzeman zen aldarri morea. «Kalea pila bat mugitu zen». Baita etxe barruak ere, ohiko grebetan aintzat hartu ere egiten ez diren espazioak. Izan ere, zaintzaren arlora zuzendurikoa zen grebaren ardatzetako bat. «'Bizitzak nola zaintzen dira gaur egun?', galdera hori agerian utzi du mobilizazioak», azaldu du Zufiak. Ondorioz, orain arte usu protestatik at geratu diren andre askok beren burua ere ikusi zuten aldarrietan. «Eta andre askok eman diote balioa beren lanari». Isilaraziak eta bazterrean utziak izan diren horien eguna ere izan zen; estreinakoz askorentzat.
Gazteen indarra
Egunaren beste ezaugarrietako bat izan zen gazteen presentzia. Steilas sindikatuko ordezkari Ana Perezek atzo pozarren nabarmendu zuen bezperan kalez kale ikusi zituen andrazko gazteen «antolaketa eta prestasuna». Hunkitu egin zuten. «Ikusten da baditugula atzean txanda hartzeko prest daudenak. Zoragarria izan zen; eguneko argazkia izan zen». Eta ederra izan zen dozenaka urtez mugimendu feministak hauspo izan dituen emakume edadekoak ere ikustea emakume gazte horien ondoan. «Askok esaten zuten ez zutela espero horrelakorik ikustea», aitortu du Perezek. Greba deialdiak muinean zuen malgutasuna nabarmendu du, eta gazteak erakartzeko giltzarri izan dela pentsatzen du. «Gazteek eskertu egin dute askatasunez aritzea». Iruditzen zaio, halaber, mobilizazioak bidea ireki duela gaia eskola eremuetan jorratzeko. Bide oparoa. «Aztertu da zer den feminismoa, zer den greba honen helburua».
Steilasek berak ohitura du parekidetasunaren inguruko gaiekin material didaktikoak eskura jartzeko. Aurten unitate didaktiko bat eskaini dute propio emakumeen plantoaren inguruan, eta kontatu du handia izan dela baliabide horren gaineko informazio eskea. «Aurten inoiz baino arrakasta handiagoa izan du». Hezkuntzako eragile gisara, irizpideak ere eman dituzte gaia ikasle mutilekin nola landu esateko; egun horretan, adibidez, ikasgela askotan neskarik ez zela egongo jakinda, curriculumeko edukietan ez aurrera egiteko eskakizuna egin zuten, eta mutilekin ere mobilizazioaren inguruko gaiez aritzeko proposatu zuten.
Ohiko zifrarik ez
Zifra eta portzentajeen arteko demak ohikoak izaten dira greba ondorengo egunetan. Sindikatuen eta patronalaren arteko zifra dantzak ez daude oraingoan, ordea, lehen lerroan. Lan merkatutik aparteko lanak ere aintzat hartu dituen greba bat izateak horixe ekarri du. ELA eta LAB sindikatuetan ere poza ezkutatu ezinik zebiltzan atzo, hala ere. Eli Etxeberria mintzatu zen LABen izenean. «Ez daukat hitzik. Emozioz gainezka nago». Onartu zuen galderak eta dudak sortu dituela deialdiak. «Orain arte, definitu gabe zegoen zer zen greba feminista bat; asko ikasi dugu bidean». Zaintza lan ezkutukoak erdian jartzea; hori izan da, Etxeberriaren ustez, arrakastaren ardatzetako bat. «Emakume guztiak sentitu dira identifikatuta aldarrikapenarekin». ELA sindikatuaren izenean, antzera Jone Bengoetxea. Hunkituta, bereziki, normalean ikusten ez den horrekin. «Salto bat izan da kontuan hartzea lan mundua eta lan mundutik kanpokoak». Sukaldeetakoak, soroetakoak, hamaikatxo oheburutakoak. «Emakume asko eta asko gogoratu ginen gure emakume arbaso guztiekin».