iritzia
Bihar
Maddi Ane Txoperena Iribarren


Emakumeon* lana ikusarazteko horri uko egitea baino hoberik ez da. Galdetu aurreko adibideei bestela: Islandiako gizonek «ostiral luze» modura gogoratu omen zuten herrialdeko emakumeen %90ek 1975ean «jai» egin zutenekoa. Eta bihar ere nabarituko dute, seguru, gizonezko askok. Ez nahikoek, agian: greba egin ezinik geldituko baitira emakume* ugari; besteak beste, okerren daudenak. Eta ondoko andreek* greba eginda ere gizonezko batzuek hutsunea nabaritu beharrik ez badute, bejondeiela! Urtean zehar lanak partekatzen dituzten seinale...
Biharko greba dela eta, ordea, berriro ere aditu ditugu han eta hemen gizonen parte hartu ezinarengatik kexaka gizon-emakumeak. «Zergatik egin behar dute greba emakumeek bakarrik?» edota «Gizonezkoei elkartasunez greba egitea zergatik ukatzen zaie?» bezalako galderak nonahi, buruan kolpeka. Ana de Miguel filosofo eta feminista espainiarrak ederki aski azaltzen du emakumeak fisikoki banandu eta bere kasa antolatzearen garrantzia, bera bezala filosofo eta feminista den Marilyn Frye aipatuta: «Banantzearen esanahi erabakigarria gizonezkoei sarbide eskubidea ukatzean datza, zeina emakumeen boterearen oinarria baita». Eta kontua da, bestalde, kasu honetan gizonezkoek greba egitea ez dela elkartasunezko jarrera bat, ez bada oztopozkoa. Beste zapalkuntza bat gehiago da bigarren lerrora pasatu ezina, zer eta emakumeak* lehen lerroan jar daitezkeen egun bakarrean.