astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

iritzia

Nik, planto

Goizalde Landabaso

Nik, planto Goizalde Landabaso

Gaurko egunez, 1980an, Marguerite Yourcenar idazlea hilezkor bihurtu zen. Hilezkor esaten diete Frantziako Hizkuntza Akademiako kideei. 345 urteren ostean, Yourcenar izan zen akademian sartu zen lehen emakumea. Ez zen erraza izan, eta akademian zeuden gizonen artean eztabaida (eta irain jaurtiketa) sutsua egon ei zen; hala ere, bozketa atzeratu ostean, Jean d'Ormessanek egindako proposamena onartua izan zen. Marguerite Yourcenarren sasoikoa da Georgia O'Keeffee margolaria. Ezagunak dira oso bere lora ezin ederragoak. Begirada eta denbora harrapatu egiten dituzten margoak dira. «Hiriko jende guztia bizkor bizian dabil, eta ezin da lore bat begiratzen geratu, nik nahi dudana da, nahi eta nahi ez, ikus ditzaten». Orain handia iruditzen zaigu Georgia O'Keeffee, baina garai latzak bizi izan zituen emakume bezala, eta kostatu egin zitzaion Alfred Stieglitz argazkilaria zuen senarraren itzaltzarra astintzea. Gaurko egunez hil zen, 1986an. Urte bete geroago hil zen Marguerite Yourcenar. Emakume pribilegiatu bi izan ziren Marguerite Yourcenar eta Georgia O'Keeffe, eta, hala ere, gorriak eta zuriak pasatu zituzten emakume izateagatik. Egunotan, Karl Marxen 2. mendeurrenaren karira hitzaldiak antolatu dituzte Bilbon. Berak esandako esaldi bat gogorarazi dit lagun batek: historia apur bat dakien edozeinek ondo daki emakumerik gabe aurrerabidea ezinezkoa zatekeela. Antza, historiaz ez dakien asko dago oraindik gure artean.

Datorren ostegunean Munduko Mugimendu Feministak emakume guztiak deitu ditu grebara. Nik eman diezazkizuket hamaika arrazoi planto egiteko, grebarekin bat egiteko; ezagutzen ditudan emakume guztiek eman diezazkizukete arrazoi eta erdi. Historiak eman diezazkizuke askoz gehiago. Alegia, zaku bete arrazoi daukadala greba egiteko. Nik, beraz, planto. Gogoan izan ezazu Anne Sextonek zioena: isiltasuna heriotza da.

BERRIAn argitaratua (2018/03/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA