astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

ANA SANCHO. FILOSOFOA

«Industrializazioan, hiriak guztiena izateari utzi zion, eta gizonena bihurtu zen»

Ane Eslava

«Industrializazioan, hiriak guztiena izateari utzi zion, eta gizonena bihurtu zen»

Ana Sancho (Bilbo, 1965) filosofian lizentziaduna da, eta Metropoli-30 Bilbo Metropolitarra Birbizteko Elkartean lan egiten du. Ciudades conciliadoras. Urbanismo y genero doktoretza tesia aurkeztu du NUPen, eta kalifikaziorik altuena lortu du. Emakumeentzako eta gizonentzako hiri inklusiboak diseinatzeko proposamenak egin ditu.

Hirien eboluzioa ikertu duzu. Zer aldaketa eragin zituen industrializazioak hirietan?

Industria Iraultzan, industriaurreko hiri artisauak hiri industrial bilakatu ziren, eta zenbait aldaketa izan zituzten. Esanguratsuenak giza jardueraren zatiketa, sakabanatzea eta segregazioa izan ziren; hau da, ordura arte lan produktiboa eta etxeko lana eremu berean egiten ziren, etxean, eta ordutik aurrera banatu ziren. Horrekin batera, mugikortasuna ugaritu zuen, bilbearen planifikazioa egin zen -zabalguneak, periferiaren hazkundea...-, eta populazioa landaguneetatik hirietara lekualdatu zen. Esan genezake garai horretan hiriak biztanle guztiena izateari utzi ziola, eta gizonena bihurtu zela soilik.

Hainbat hiritako hirigintza planek nazioarteko erakundeen aholkuak betetzen dituzten aztertu duzu. Zer ikusi duzu?

NBEren eta Europako Batzordearen gomendioen artean daude emakumeen parte hartzea bultzatzea, etxebizitza sarbidean berdintasuna bermatzea, mugikortasun eta segurtasun baldintzak aintzat hartzea, garraio publikoak hobetzea eta inplikatutako eragileei berdintasunaren inguruko formakuntza ematea. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kasuak aztertu ditut, eta ondorioztatu dut, orokorrean, ez dituztela gomendio horiek betetzen. Halere, Donostiakoa da inklusiboena, subjektu gisa hiritarrak jartzen dituelako, eta emakumeen parte hartzea bultzatzen duelako.

Emakumeek eta gizonek espazioa eta denbora ezberdin darabiltzatela diozu. Zergatik?

Espainiako Estatuan, emakumeek merkatuko ekoizpenaren %39 baino ez dute egiten, baina ordaindu gabeko produkzioaren %67 egiten dute. Bestalde, gizonezkoak garraio pribatuan mugitzen dira gehiagotan, eta modu linealean -etxetik lanera-; emakumeak, berriz, publikoan, eta modu zirkularrean.

Uste duzu hirigintzak azken urteetako gizarte aldaketetara egokitu behar duela?

Bai, guztiz. Emakumeak arlo publikora jauzi egin du, rol banaketa gertatu da, kontziliazioa... Eta urbanismoak bizitzeko egokiak diren hiriak egin behar ditu, espazioa eta denbora pertsonei begira antolatuz. Horretarako, hiri trinkoak eta mistoak sortu behar ditugu; hots, lana eta zaintza zerikusirik ez duten jardueratzat ez dituena, eta ez duena eremu publikoa erabileren arabera bereizten.

Garrantzitsua da emakumeek hirigintzan parte hartzea?

Emakumeen ekarpenak oso baliotsuak dira historikoki izan duten zaintzaile lana aintzat hartzeko. Hortaz, garrantzitsua da emakumeek lurralde plangintzaren inguruko heziketa jasotzea, eta prozesu guztietan haien parte hartzea sustatzea.

Azkenaldian, pausoak eman dira hirigintza inklusiborantz. Aldaketa garaian gaude?

Nire iritziz, jadanik aldaketa handiak gertatzen ari dira hirigintzan: hiri debekatuen mapak egin dituzte, mendekotasuna duten pertsonen zaintza lehenesten da, hirien diagnostikoetan genero ikuspegia txertatzen hasi dira... Gainera, instituzioak aldaketa horietaz jabetzen ari dira, eta, besteak beste, aurrekontuen bitartez babesten dituzte.

BERRIAn argitaratua (2018/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA