astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

iritzia

Amazonen manifestua

Jule Goikoetxea

Amazonen manifestua Jule Goikoetxea

Guk, zure Amazonek, somniferoen eta antidepresiboen mundutik, neskametzaren eta esklabotzaren lurraldetik atera zintugunok, mende jaioberri honetako borrokara gonbidatzen zaitugu, piztiekin eta anti-zibilizatutakoekin, deserriratuekin, feminaziekin eta barbaroekin.

Guk, hondamendi bakoitzeko jainkosa berriak sortzen ditugunok, bai arma berriak ere sutzen gaituzten sutzar bakoitzeko, dei egiten dizugu milurteko gudu honetara.

Ziklikoa eta betierekoa den aurtengo Martxoaren 8tik aurrera:

Zure mailakoen irudi eta irudiko egingo zara, lurreko bizkarroien gainetik, eta emakumeen errealitatearen kopia kaskarra den eta gizonek infernu esaten dioten horretatik haratago.

Ez zara makurtuko inoren aurrean, zeu ez besterik.

Ohoratuko duzu zeure burua gu ohoratzen gaituzun bezala, zure babesleak garelako, iraganik eta etorkizunik gabeak, egundoko orainaldi gainezkatu eta mugagabe batean.

Ohoratuko gaituzu, gure erasotzaileak baino hobeto erasotzen ikasi dugulako, gure ondarea lotsagabea delako, eta ez daudelako bat bi edo hiru belaunaldi, ezpada emakumeekiko gorroto amorratu eta endogamikoaren itzulera betierekoa.

Ohoratuko dituzu gure ilunabar guztiak, bide zuzenaren, jarrera egokiaren eta zintzotasun moralaren galera eragin dutelako, zintzotasuna hutsala delako, gaiztakeria baino askoz gehiago,

eta ahaztuko duzu irakatsitako morala, ez baita sekula zurea izan.

Ohoratuko duzu boterearen mikrofisika, hari esker erregutu gabe irauten duzulako bizirik.

Ohoratuko gaituzu zeure burua ohoratzen duzun pare, bankete gogoangarriak egiten baitizkiegu maite gaituztenei, pertseberantzia dutenei, hamarkadaz hamarkada, mendez mende gure haserrea Akilesenaren gainetik goresten eta abesten dutenei.

Baliabiderik gabe sortzen dugulako historia, eta gure erreferentziak ez dituelako estatuak subentzionatzen, ez eta komunitate onkoteak ere, hura baita geure torturen burutzaile nagusia; nazioarteko komunitaterik eta alde egiteko herririk ez dugulako, zeure egingo duzu Feminista izena, edozein tokitan, emakumeen duintasuna defendatzeko, bizitza periferikoena, gorputz zimeldu, baztertu, mutilatu eta mespretxatuena.

Beti lerrokatuko zara ahulenekin eta indartsuenekin, sentsibilitatea baino sendotasun handiagorik ez dagoelako.

Esklaboak direla ez dakitenak gidatuko dituzu, emantzipazioa amesten dutenak berretsiko.

Ezbeharrean hondoratuko dituzu errentaren, gure izerdiaren eta gure estimuaren doilorrak.

Birrinduko dituzu erosotasunaren zirkuitu normatiboak, konbentzioaren eta normalitatearen babesleek sustaturiko horiek.

Ez duzu utziko presorik, kanpaitxoen soro odoleztatuak besterik ez.

Ez dituzu inozentetzat hartuko azpikeriaz edo azpikeriarik gabe lapurtzen dutenak humanitatea ekoizten duten eskuetatik, mendeko subjektuaren eta kolektibitatearen ekoizleen eskuetatik. Ez zara fidatuko beren pribilegioak aitortzen ez dituztenez.

Deserriratua izango da gure historiatik zure gorputza arrobatu eta begirada, ura eta janaria osten dizuna.

Borroka eteteko gomendatzen dizunari, diskurtsoa anputatuko diogu, ezingo du adierazi, ezingo du sortu, ezingo du pentsatu.

Gure ilargi-hileroko odolarekin markatuko ditugu espezie arrotzak sostengatzen dituztenak, izan apaizak, bankariak edo eguneroko misoginiaren kudeatzaileak (ezkutatu, Apolo, eguzkiaren eta ordena patriarkalaren jainkoa, zure bila baikoaz).

Gogoratu larunbatak intoxikatzeko direla, eta asmoz elikatuko eta irainduko dituzun zure etsaien aurrean biluzik dantzatzeko.

Hiru egunez hausnartuko duzu, hiru gauez mintzatuko, eta zu zaindu eta errespetatzen zaituztenak plazerez asetzeko erabiliko duzu laugarren eguartea.

Gainontzekoa, gerra eta estrategia.

Baina zortzigarrena gerlariaren, amen eta puten atseden eguna da: gure jainkosek, koinatuak bahitu, eta ilerik eta plazerik gabeko bonobo bihurtuko dituzte. Gurekin egin moduan.

Amazonek zortzi egunetan egin baitzituzten itsasoak eta ilargiak, lurra, basoak, erratza eta lixiba.

Zortzigarren ilargian, hau da, hamargarren txandan atseden hartu eta hereje gisa esnatzean, libre eta neurribako, debekatuko duzu esplotazioa, zerroetan diseinatutako esklabotza,

sakrifikatuko dituzu seƱor pisutsuenak, eta tratu txarren egileentzako erreserbatuko duzu zerua, berorik gabe, oxigenorik gabe, grabitaterik gabe.

Desiratuko dituzu, gero kiskaltzeko, eliteen dirua, haien senar eta emazteak, haien oinordetza, zerbitzariak, ipurdiak eta nahi duzun gainontzeko guztia. Desiratuko dituzu, gero errausteko, haien jaki eko-biologikoak, haien kontu korronteak, finantzak, haien botere ekonomikoa eta konstituzioa, haien dibidenduak, iphoneak, historia, eta desiratuko duzu jaiotzean ostu zizuten guztia, emakume izatera behartu zintuztenean.

Desohoratuko dituzu aldi berean hertsatu, maitatu eta agintzen zaituztenak.

Desohoratuko dituzu beren burua salbatzeko ongizatea emateko prest daudenak, beren burua jasaten ez dutelako alde egiten uzten ez dizutenak.

Desohoratuko dituzu maitatzen ikasi ez dutenak.

Desohoratuko dituzu gorrotatzen ikasi ez dutenak.

Desohoratuko dituzu beren huts existentziala odoleko ondorengoekin eta maskotekin betetzen dutenak.

Desohoratuko dituzu beren ergeltasuna aitortu ez arren agintzen dutenak.

Desohoratuko dituzu gerra eta hauskortasuna identifikatu nahi ez dituztenak, konstantzia garaipena dela ukatzen dutenak, onartu nahi ez dutenak erresistentzia era bat dela maitatzeko, eta hiltzeko.

Zu baino boteretsuagoak direnen aurrean, konfesio faltsua egingo duzu beti.

Eta zure bizia loratu dadin Uruan, Amazonen lurraldean, lur suntsitutik urrun, otzan, oilar, zakur eta putreetatik urrun:

Akabatuko duzu, beti, eraginkorki.

Ez duzu egingo ezkontzarik.

Ez zara umiliatuko.

Eta ez duzu sekula etsiko.

BERRIAn argitaratua (2018/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA