astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

EDURNE PUJANA

«Erosterakoan, erabaki politiko bat hartzen ari gara»

Ane Eslava

«Erosterakoan, erabaki politiko bat hartzen ari gara»

Arropa Garbia kanpainaren bitartez, ehungintzaren industriaren esplotazio sistema salatzea eta langileen eskubideak bermatzea dute xede Setem Hego Haizea-ko kideek. Horietako bat Edurne Pujana da (Bilbo, 1983). Sistema aldatzea kontsumitzaileen esku dagoela uste du, eta Martxoaren 8ko greba parada egokia iruditzen zaio horretarako.

Greban esplotazioaren bitartez sortutako produktuen kontsumoa geldituko da. Jantzigintzaren industria horietako bat da?

Bai. Emakumeok, arropa kontsumitzaile gisa, estereotipo asko ditugu, eta gu produktu gisa erabiltzen gaituzte. Eta katearen beste muturrean ere emakumeak daude: ehungintzaren sistemak emakume asko ditu bere menpe, soldata minimoekin eta baldintza txarretan lan egiten. Europan kontsumitzen ditugun marka gehienak Asiatik datoz, eta langileen %90, gutxienez, emakume gazteak dira.

Zein egoeratan lan egiten dute emakume horiek?

Lanorduak luzeak dira, eta soldatak, minimoak; gaixotasunak hartzen dituzte, amatasun baimenekin arazoak dituzte... Eta sindikatuetan antolatzen saiatzen direnean, kaleratuak izatearen beldurra erabiltzen dute haiekin. Gainera, baldintza duinen aldeko kanpainak egiten ditugunean, esaten digute emakume horiek lana egiten ez badute beste batzuek egingo dutela, edo enpresa beste herrialde batera joango dela. Izan ere, enpresek malgutasun handia dute: hemengo enpresek eta hango gobernuek ez dute ezer egiten hori eragozteko; eskuak garbitzen dituzte.

Zeintzuk dira Arropa Garbia kanpainaren eskakizunak?

Langileentzako gutxieneko baldintza batzuk betetzea eskatzen dugu; eta erakusten dugu, kontsumitzaile moduan, erantzukizuna eta boterea dugula markei gardentasuna eskatzeko. Gure webgunean sartuta, jendeak eskaera zuzenak egin diezazkieke esplotazioaren atzetik dauden marka eta enpresei, kode etikoari jarrai diezaiotela exijitzeko.

Zein da honek guztiak ingurumenarekin duen lotura?

Guk uste dugu kontsumoa murriztu behar dela, egungo eredua mantentzeko hamaika planeta beharko genituzkeelako. Modak esaten digulako astero joateko arropa merkea erostera, baina arropa hori azkar apurtuko da, eta zabor bihurtuko da. Alegia, zaborra saltzen eta beste herrialde batera eramaten ari gara.

Jendeak ba al daki zer dagoen arroparen prezioen atzean?

Jakin badakigu, baina agian ez gara jabetu hori aldatzeko dugun ahalmenaz. Hortik egingo nuke aldarrikapena. Kontsumitzeko aukera asko daude: bertako denda txikiak, bigarren eskukoak, trukea... Beste bide horietan jarri behar dugu arreta, gure esku dagoelako sistema aldatzea edo mantentzea. Gainera, aldarrikapenekin gauzak aldatzea posible da: nahiz eta oso marka handiak izan, jendea mugitzen denean, markek erantzuten dute.

Greba egunean erosteari uzten badiogu, zer lortuko dugu?

Egun batean kontsumoa eteteak hausnartzeko aukera emango digu: aisialdian zenbat denbora igarotzen dugun dendetan, zertarako, zergatik... Eta ikusteko hori al den, benetan, nahi eta behar dugun gauza bat, edo sistemak berak inposatzen diguna; erosten dugunean erabaki politiko bat hartzen ari garelako. Horrez gain, egun horretan denok erosteari uzten badiogu, asko nabarituko da.

BERRIAn argitaratua (2018/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA