astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

Munduak geldiarazi zituzten emakumeak

Samara Velte

Munduak geldiarazi zituzten emakumeak

Islandia.







%90ek «jai» egin zuten eguna

Orain arte ezagutu izan den emakumeen grebarik arrakastatsuena, Europan bederen, Islandian egin zuten 1975ean. Nazio Batuek Emakumeen Nazioarteko Urte izendatu zuten urte hura; Islandian, greba egun bat antolatzen hasi ziren, talde feminista txiki batek sustatuta, emakumeek lan merkatuan sufritzen zuten diskriminazioa salatzeko: batez beste, gizonen soldataren %60 baino gutxiago kobratzen zuten. Aldarrikapena, ordea, aurki zabaldu zen, eta etxekoandreek ere bat egin zuten deialdiarekin. Greba izena erabili ordez, «emakumeen jai eguna» deitu zioten, horrek lantokietan arazo gutxiago sortuko zituelakoan: nagusiek ezin izango zieten jai egunik ukatu andreei.

Antolaketak urtebete iraun zuen. «Grebaren atarian, bazirudien emakumeak leku guztietan bilduta zeudela, kafea hartzen, etenik gabe erretzen eta asaldatuta hizketan», ekarri zuen gogora Annadis Rudolfsdottir islandiarrak The Guardian egunkarian, 30 urte geroago. Deialdia arrakastatsua izan zen: 1975eko urriaren 24an, Islandiako emakumeen %90ek bertan behera utzi zituzten eguneko egiteko guztiak. Enplegatuak ez ziren lanera joan, eta etxean aritzen zirenek ez zuten zaintza edo sukaldeko lanik egin. Ondorioz, hainbat lantegik itxi behar izan zuten, eta telefono zerbitzua ere eten zen, langile gehienak emakumezkoak zirelako. Ikastetxeetan ere ez zegoen aski irakaslerik, eta gizonezko askok lantokira eraman behar izan zituzten seme-alaba txikiak, gozokiz, margoz eta jostailuz armatuta; eguerdirako, aldez aurretik prestatutako saltxitxak herrialde osoko dendetan agortu ziren. Rudolfsdottirrek gerora gogora ekarri zuenez, hainbat aita seme-alaba nagusiak «erosten» ahalegindu ziren, anai-arreba txikiak zain zitzaten. Ez da harritzekoa, hortaz, emakumeen jai egunak gizonen partetik jaso zuen beste izena: «Ostiral luzea».

Arratsaldean, 25.000 emakume -biztanleria osoaren %11- elkartu ziren Reykjavikeko erdigunean. Mugimendu feministako ordezkariek, parlamentariek, etxeko andreek eta ordain apaleneko ogibideetan ziharduten emakumeek hartu zuten hitza ekitaldian. «Gizonek gobernatu dute mundua oroimena dugunetik, eta nolakoa da mundu hori orain?», galdetu zuen haietako batek. Gerrez, ingurumenaren suntsipenaz eta pertsonen esplotazioaz hitz egin zuten elkarretaratze hartan, bizitza zaintzen ez zuen eredu hura salatzeko.

Handik urtebetera, Islandiako Parlamentuak gizon eta emakumeen berdintasun legea onartu zuen, nahiz eta haren printzipioak apurka baino ez diren indarrean sartu, batez ere enpleguan. Handik bost urtera, baina, lehenbiziko aldiz emakume batek -dibortziatutako ama batek, gainera- irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak: Vigdis Finnbogadottirrek hiru gizonezko lehiakide garaitu zituen, eta munduan demokratikoki aukeratutako lehenbiziko emakumezko estatuburua izan zen. Lau agintaldi egin zituen kargu horretan. 2010ean, lehenbiziko aldiz emakume bat -eta lesbiana dela publikoki esan izan duena- izendatu zuten Islandiako lehen ministro: Johanna Sigurdardottir.

Orain, 1975eko grebaren urteurrenetan, Islandiako emakumeak lehenago ateratzen dira lanetik, oraindik sufritzen dituzten desberdintasunak salatzeko eta urteotan egindako aurrerapausoak oso txikiak direla sinbolizatzeko.

Euskal Herriko industriak.







Fabriketan borrokan

Euskal Herrian ere egon dira emakumeak protagonista izan diren hainbat greba esanguratsu. Bilbon, esate baterako, ezagun egin zen Artiach gaileta fabrikako langileen gatazka 1917an: bost paketatzailek -guztiak emakumezkoak- abiatu zuten, soldata txikiengatik eta nagusiak emandako tratu txarrengatik protestan. Aurki jaso zuten lankide gehiagoren babesa, eta zuzendaritzak lantegia itxi behar izan zuen grebak iraun artean. Azkenean, greba hasi zuten neskak kaleratu zituzten. Nolanahi ere, protestak izan zuen eraginik inguruan: Bilboko bi zopa enpresak bat-batean soldatak igo zizkieten euren beharginei.





Antzera gertatu zitzaien Hernaniko (Gipuzkoa) Zikuñaga paper fabrikako emakumeei ere, 1967an. Manipulazio sailean aritzen ziren guztiak ziren emakumezkoak; denera, 30ek abiatu zuten greba. Guztiak kaleratu zituzten, baina babes handia jaso zuten inguruko paper fabriketatik, eta horrek ekoizpena %60 jaistera behartu zuen Zikuñagako zuzendaritza. 1977an, kaleratutako emakumeek amnistia jaso zuten, eta ordura arte Gizarte Segurantzan kotizatuko zuketen dirua jaso zuten kalte-ordain gisa.

Bilboko Euskalduna ontziolaren itxiera gatazkatsuan ere funtzio garrantzitsua izan zuten andrazkoek 1980ko hamarkadan: itxialdia egin zuten zuzendaritzaren bulegoetan, eta modu autonomoan antolatu ziren manifestazioetan eta batzordeetan.

'Ni una menos'.







Hilketen aurkako deiadarra

Azken urteotan, emakumeen «geldialdi nazionalak» egiteko ideia Hego Amerikan gorpuztu da nagusiki. Gizonek hil dituzten emakumeen kopuruarekin amorratuta eta nazkatuta, Argentinako mugimendu feministak milaka pertsona atera zituen kalera 2015eko ekainaren 3an, Ni una menos (Ezta bat gutxiago ere) lelopean. Hilabete bat lehenago, 14 urteko Chiara Paez neskatoa hil zuen bikotekideak, eta haserre handia zen herrialde osoan; deialdia Interneteko sare sozialetan zabaldu zen, eta manifestazio erraldoiak sortu ziren espontaneoki. 2016an errepikatu zuten deialdia, eta beste hainbat herrialdetan ere antzera egin zuten; besteak beste, Mexikon, Bolivian eta Guatemalan. Ondorioz, iaz nazioarteko lanuztera deitu zuten Martxoaren 8an, indarkeria matxista guztien aurka. Hilabete eta erdi lehenago, AEBetako emakumeek Emakumeen Martxa egin zuten Washingtonen, Donald Trump presidente izendatu berriaren jarrera matxisten aurka, eta mobilizazio handi hark ere hauspotu zuen Martxoaren 8ko nazioarteko geldialdia. Egun hartan, ordubeteko lanuztea egiteko eskatu zieten emakume guztiei, eguerdiko ordubatetik ordubietara, eta arratsaldean manifestazio jendetsu bat egin zuten hiriburu nagusietan. Argentinan ez ezik, Uruguain, Brasilen, Txilen, Hego Korean, Eskozian, Nikaraguan, Italian, Suedian eta Turkian ere antolatu zituzten antzeko mobilizazioak.









Polonia.







Ugalketa eskubideen 'astelehen beltza'

Legea eta Justizia eskuin muturreko alderdia Poloniako Gobernura iritsi zenetik (2015), emakumeen ugalketa eskubideak izan ditu jomugan; besteak beste, in vitro ugalketari laguntza publikoak kendu dizkio, eta nahitaezko errezeta ezarri du biharamuneko pilula eskuratzeko. Estatu horrek jada Europako lege zorrotzenetakoak ditu abortuari dagokionean: fetuaren edota haurdunaren bizitza arriskuan dagoenean edo haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorioz gertatu denean bakarrik da legezkoa. 2016an, legebiltzarreko alderdi eskuindarrek abortua erabat debekatzeko bidea abiatu zuten, 450.000 sinadurako herri ekinbide bati jarraiki. Lege berriarekin, haurdunaldia eteten zuten emakumeek eta sendagileek espetxe zigorra jaso zezaketen.

Erantzun gisa, Astelehen Beltza egin zuten emakumeek herrialde osoan: beltzez jantzita, enplegu, ikasketa eta zaintza greba egin zuten, Islandiako 1975eko mobilizazioak eredu hartuta. Lege haren tramitazioa bertan behera geratu zen, baina aurten berriz heldu da gaia legebiltzarrera: urtarrilaren 11n, Poloniako Parlamentuak uko egin zion abortu eskubidea malgutzeko proposamen bati -zortzi botoren aldearekin, oposizioko parlamentari ugari propio abstenitu zirelako-, eta, horren ordez, azterketa batzordera igorri zuen abortua erabat debekatu nahi duen beste lege proposamen bat.









Vaga de Totes.







Kataluniako feministen «plantoa»

Hurbilago, Herrialde Katalanetan ere bada greba feministaren esperientziarik. Vaga de totes (Emakume guztien greba) izenarekin bihurtu zen ezagun egitasmoa, nahiz eta, teknikoki, hasieran ez zuten grebarik egin. «Vaga de Totes abiatu genuenok M-15etik ateratako talde bat ginen», ekarri du gogora Carme Alemanyk. 2014a zen, eta Feministes Indignades deitzen zen talde hura: «feminista suminduak». «Katalunia Plazara joan ginen megafono eta afixekin, eta proiektua azaltzen hasi ginen». Lehenbiziko topaketa hartan 150 emakume inguru bildu ziren: «Guretzat, garrantzitsua zen emakume bakoitzak bere buruari galdetzea zergatik egin nahi zuen greba, eta antolatzea, baina independentzia eta sormen handiarekin».

Apurka, Vaga de Totes antolatzeko taldeak osatu ziren herri eta auzoetan: «Feminismoa sekula iritsi ez zen lekuetan ere sortu ziren». Prozesu hark bi urte inguru iraun zuen, baina 2016an grebaren ideia baztertzea erabaki zuten, Kataluniako sindikatu nagusiek -CCOOk eta UGTk- ez zutelako mistoa ez zen deialdirik babestu nahi. Iaz, ordea, sindikaturik gabe ere, mugimendu feministak lanuzte labur bat egiteko eskatu zuen, eta aurten sindikatuen babesa ere izango dute, ordu batzuetan bederen: CCOOk eta UGTk bi orduko lanuztera deitu dute; CNTk, CGTk eta IAC-k -Kataluniako Sindikatuen arteko Alternatibak-, berriz, 24 ordukora.







Bizkaiko zahar etxeak.







Zaintza duintzen

Joan den urriaren 27an festa lehertu zen Bizkaiko zahar etxeetako langileen artean: ia bi urteko lan gatazkaren ostean, hitzarmena lortu zuten sektoreko enpresa nagusiekin. Denbora horretan guztian soinean eramandako elastiko berdeak airera botaz ospatu zuten ituna: 35 orduko lanaldia eta hurrengo hiru urteetarako 140 euroko soldata igoera lortu zituzten, besteak beste. Gatazka luzea eta gogorra izan zen, ordea: langileek 270 egun baino gehiago iraun zuten greban, ELA sindikatuaren erresistentzia kutxari esker.

Sektore erabat feminizatua da zahar etxeetakoa. Bizkaian 147 daude, eta foru aldundiak finantzatzen ditu haietako lekuen hiru laurdenak, gutxi gorabehera, nahiz eta zerbitzua azpikontratatutako enpresek kudeatzen duten ia osorik. Sektoreko beharginek lan karga handiak eta soldata apalak dituztela salatu dute maiz. Gasteizko Ariznabarra egoitzan ere izan zuten antzeko gatazka bat: 2010ean sinatu zuten akordioa, 34 hilabete greban igaro ostean.





Iazko irailaren 21ean, manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, Zaintzaileak zainduz, bizitzak zainduz lelopean. Mugimendu feministak ere eman zien babesa zahar etxeetako langileei. «Hau ez da lan gatazka hutsa izan», adierazi zuen gero Soraya Garciak, haien bozeramaileetako batek: «Borroka sozial eta feminista bat ere izan da, aurrera egin baitugu zaintza lanak duintzeko bidean».





BERRIAn argitaratua (2018/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA