astekaria 2018/03/11
arrowItzuli

gizartea

Kapitalismoak ere badu generoa

Samara Velte

Kapitalismoak ere badu generoa

Joan den mende amaieran, feminismoak bazuen lehentasun nagusi bat: emakumeak botere guneetara iristea, haiek ia osoki gizonen esku zeudelako. Helburu hori betetzen hasi ahala ohartu ziren, ordea, gauzak ez zirela askorik aldatu funtsean; berdintasuna ez zela botere kuotak okupatzea soilik: horrez gain, ezinbestekoa zela gizartearen oinarrian dauden logika sozial, ekonomiko eta politikoak aldatzea.

Egungo sistemari begiratzeko modu holistiko hori du oinarri ekonomia feministak: «Jasaten ditugun krisi ekologikoa, ekonomikoa, bizitzaren iraunkortasunarena, zaintzena eta migrazioarena tipula beraren geruzak dira: kapitalismoarenak», azaldu du Josefina Roco Txefi-k, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ekonomia Feministako Eskolen koordinatzaileak. «Sistema ekonomikoa, oinarrian, sistema sozioekonomiko bat da, ideiak eta ohiturak ere badituena». Bat dator Uzuri Aboitiz, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologia Ekonomikoko ikerlaria eta Emagineko kidea: «Ekonomia ez da kalkulu arrazional batzuk egitea; pertsona edo taldeok bizimodua ateratzeko ditugun moduak dira ekonomia, ingurune sozial eta ekologikoaren menpe gaudela jakinik».

Ikuspegi feministatik, garrantzitsua da ekonomiaren alderdi ideologiko eta sozial hori nabarmentzea. «Guri bizitzea egokitu zaigun kapitalismoa bazen, nolabait, sedukzioarekin jokatzen zuen sistema ekonomiko bat. Esaten ziguten posible zela berdintasuna eta ongizatea lortzea gizarte kapitalista baten barruan», azaldu du Aboitizek: «Aurrerabidearen parametro horietan eraiki zuten askok euren bizi proiektua, eta gainerako herrialdeei gure bizi mailara heltzeko garapen programak inposatu genizkien».

Etengabeko hazkunde horrek, ordea, mugak ditu, eta hortik etorri dira kapitalismoaren krisiak: espazioa eta natur baliabideak ez ezik, giza baliabideak ere geroz eta urrunago bilatu behar ditu; horren adibide dira mundu mailako merkataritza itunak. «Hedapena lortzeko, kapitalismoa autoritarioagoa, kontserbadoreagoa eta arrazistagoa bihurtu da». Sistema horri eusteko, gainera, beharrezkoa da lan asko itzalpean geratzea. Hala gertatu zaie nagusiki emakumeek egin dituztenei. «Kapitalismoak bizibideak antolatzeko era konkretu bat sortzen du», azaldu du Aboitizek: «Alde batetik, produkzioaren esfera sortzen du, gizonezkoena: beraiek egiten dituzten lanak enplegu bihurtzen ditu, balioetsi eta eremu publikoan kokatzen ditu». Emakumeek egin ohi dituzten lanekin kontrakoa gertatzen da: «Laguntzatzat jotzen dira, debaluatu eta ikusezin bihurtzeko». Esfera publikoan sortzen dira, halaber, ahalduntze kolektiborako espazio eta tresna nagusiak; adibidez, sindikatuak. «Emakumeon kontrako indarkeriaren oinarri garrantzitsuenetako bat da espazio publiko-pribatuaren arteko bereizketa hori». Familiaren ulerkera tradizionala ere hor txertatzen da: izan ere, naturalizatutako rol banaketa horretan emakumeez espero da hainbat lan maitasunagatik —eta, ondorioz, doan— egitea.

«Ekonomiaren helburua gizarte osoaren beharrak asetzea izan behar da, eta ez kapitala metatzea. Horrek eskatzen digu produkzioa aldatzea, eta zaintza sistema bidegabea amaitzea», uste du Aboitizek: «Ekonomiaren definizio hegemonikoan, esfera publiko-produktibo hori baino ez zaigu agertzen. Ez badugu ikusarazten dimentsio erreproduktiboak eta lanen feminizazioak duten rol ekonomikoa, ezin dugu ulertu nola erreproduzitzen den kapitalismoa».

Definizio berriak

Hain zuzen ere, termino eta bereizketak berrasmatzeko proposamena dakar ekonomia feministak. «Sistemak sinetsarazi digu lana dela dirua sortzen duen hura: enplegua eta lana nahasten ditugu», argitu du Rocok: «Bestalde, buruaskiak garela sinetsarazi digute, eta, ondorioz, zaintzarako eskubidea eta ardura ez dira aitortu. Areago: sinetsarazi digute hauskor agertzen diren pertsonak arazo bat direla gizartearentzat, gastu bat... Egiaz, denok elkarren menpekoak garen arren». Ondorioz, norbanakoaren edo familia bakoitzaren erosahalmenaren gain geratu da zaintza: ahal dutenek, gatazka ebatziko dute norbait kontratatuz —emakume bat, gehienetan—; eta ezin dutenek euren bizitza berrantolatuko dute gatazka hori ebazteko. «Estatuek eta merkatuek uko egin diote ardura horri, eta zaintza negozio bihurtu dute. Oraintxe, zaintzarako eskubidea eta ardura klase sozialaren araberakoa da».

Horregatik, ekonomiaren beraren kontzeptua bezalaxe, beste hainbat ideia birdefinitzeko beharra ikusten dute ekonomialari feministek. Esate baterako, zaintza: «Zaintza ez da kapitalismotik kanpo dagoen eremua, haren barruan sortu den jarduera multzo feminizatu, ikusezin eta pribatua baizik», argitu du Aboitizek: «Soldatapeko lana eta ordaindu gabekoa txanpon beraren alde biak dira. Arazoa da enpleguak herritartasunerako sarbidea ematen dizula, baliabideetara, eskubideetara eta nortasunera». Berdin ongizate kontzeptuarekin: «Ongizatea ez da bakarrik soldata bat edo kontsumo maila bat edukitzea. Ongizateak afektuarekin du zerikusia, desioarekin, denborarekin, harremanekin, estatusarekin, autonomiarekin». Gogor kritikatu du Ongizate Estatuaren ideia: «Ongizate Estatua sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen da: familia bihurtzen du eskubideen subjektu; soldatapeko lana, eskubideetarako sarbide nagusi; eta estatuak uko egiten dio izugarrizko lan kopuruari, eta emakumeen gain uzten du».

BERRIAn argitaratua (2018/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA