astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

ekonomia

The North Faceren bihotza izoztu egin da

Jon Fernandez

The North Faceren bihotza izoztu egin da

Paradoxa erabatekoa izan da: hipotermia gogor baten ondorioz hil da Douglas Tompkins (Conneaut, AEB, 1943-Coyhaique, Txile, 2015) The North Face mendiko arropa multinazionalaren sortzailea. Txile hegoaldeko Patagonian, General Carrera lakuan, kayakean ibiltzera joan zen herenegun 72 urteko aberats eta ekologista estatubatuarra. Ekaitza zegoen, eta hiru metroko olatuek irauli egin zituzten Tompkins eta beste bost lagunen kayakak. Hiru igerian joan ziren ur hegalera, baina Tompkins eta beste bi uretan geratu ziren hainbat minutuz, helikoptero batek atera zituen arte. Ordurako hipotermiak jota zegoen Tompkins: 19 gradutan zeukan gorputza uretatik atera zutenean. Coyhaikeko ospitalera iritsi eta bost ordura hil zen. Beste bost kideak bizirik atera ziren. Medikuen esanetan, adina faktore eraba- kigarria izan da Tompkinsen heriotzan. Txileko armadaren esanetan, portu agintaritzari baimenik eskatu barik sartu ziren uretara sei abenturazaleak, ontzi txikientzako nabigaziorako eguraldi txarra egon arren.

Dirua, ingurugiroarekiko zaletasuna eta polemika motxila berean eraman izan ditu beti Tompkinsek. Gazte-gaztetatik izan zuen pasio mendia: eskalatzaile amorratua zen, eta eskalatzaile lagun batekin batera sortu zuen 1968an The North Face mendiko arropa marka. Bi urtera saldu zuen negozioaren bere partea, eta diru harekin Esprit kaleko eta etxeko arropa marka sortu zuen San Franciscon, Susie Tompkins bere lehen emaztearekin batera. Multinazional bihurtuko zen marka horri esker dirutza egin zuen bikoteak, baina hasiera xumea izan zen. Euren Volkswagen furgonetaren maletategian saldu zituzten lehen jantziak.

Abentura zalea izaki, eta poltsikoetan milioika dolarrekin, 1989an negozio gizonaren bizitza laga, Espriten jabetza saldu, eta Txilen lursail handiak erosteari ekin zion erreserba natural gisa mantentzeko asmoz. Kris Tumpking bigarren emaztearekin, Puamlin parkea sortu zuen Txileko bere lurretan: 2.900 metro koadroko baso, laku eta fiordo eremu naturala Andeetatik Pazifikora bitartean. Txilen bezala, Argentinan ere lursail handiak erosteari ekin zion, ez polemikarik barik. «Argentinako uren eta akuifero guaranien jabea» izatea leporatu zion 2006an Argentinako CTA sindikatuak, herrialdearen iparraldeko hezegune batzuetan Tompkinsek abiatutako Ibera kontserbazio proiektuagatik.

Salaketak eta borrokak

Tokian tokiko ekosistemak babesteko hainbat fundazio sortu zituen, baina oztopo handiak izan zituen beti. Liskar ugari izan zituen Tompkinsek tokiko agintariekin, eta sarri eskatu izan dute haren lurrak desjabetzeko. Lurra prezio merkeegian erosteagatik ere hainbat salaketa jarri zioten alkate zein gizarte erakundeek. «Ez dakite filantropia zer den», erantzun zien protestei estatubatuarrak Financial Times-en egindako elkarrizketa batean.

Argentinan CIAko agentea izatea ere egotzi izan zioten publikoki Tompkinsi, eta AEBek base militar bat ezarri nahi zutela bere bitartez Paraguain. Bai berak eta bai Washingtonek ukatu egin zuten informazioa. «Gauza onak egiten ahalegintzen naiz», defendatu izan du The North Faceren sortzaileak. «Baina ingurumenaren kontserbazioarena gudu zelai bat da. Daviden eta Goliaten arteko borroka bat da, eta ez da batere erraza».

BERRIAn argitaratua (2015/12/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA