astekaria 2018/03/09
arrowItzuli

bizigiro

Euskara, lehenengo aukera

Maialen Unanue Irureta

Euskara, lehenengo aukera

Haleema Sadia.

«Besteek euskaraz baldin badakite, euskaraz egiten diet»

Txikia nintzen etorri nintzenean, 8 urte nituen: oso pozik etorri ginen, hemen zeudelako osabak, eta bagenekien oso polita zela». 2010ean Azkoitian (Gipuzkoa) lur hartu zuen Haleema Sadiak (Chandela, Pakistan, 2001). Ordurako, bi hizkuntza hitz egiten zituen Sadiak: urdua eta punjabera. Biak dira Pakistango hizkuntzak: herri xeheak punjabera erabiltzen du, eta «hirietan eta pertsona ofizialekin», urdua eta ingelesa erabiltzen dira. Jakin bazekien hizkuntza berri bat ikasiko zuela, eta «oso pozik» zegoen horregatik.

LHko 4. mailan hasi zen ikastolan, «komunikatzeko zailtasunak» zituenez, HIPI gelan hasi zen. «Hasieran, bakarrik ikastolan hitz egiten nuen, etxetik ikastolara eta ikastolatik etxera egiten bainuen egunero». Pixkanaka ikasi zuen: «Hasi nintzen lagunekin jolas orduetan irteten, lanak egiten, aditzak ikasten, izendegia... Poliki-poliki, hitzak elkartzen hasi nintzen, eta ez dakit nola, baina ikasi dut».

Euskara ikastea «oso erraza» izan zela dio, eta zerikusi handia izan zuen inguruak: «Azkoitian jende guztiak egiten du euskaraz, eta ez dago euskaraz aritzeko zailtasunik». Aitaren lanbideagatik, Agurainera (Araba) joan ziren bizitzera, 2016an, eta gauzak bestelakoak izan dira hara joan zirenez geroztik: «Jendeak gaztelania erabiltzen du, eta zailtasunak ditut euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiteko». Adibidez, bere ikaskideek gaztelaniaz egiten dute beraien artean, eta Sadiarekin, berriz, euskaraz egiten dute.

Gaztelaniaz ondo moldatzen dela dio: ulertzen du, baina hitz egitea kostatzen zaio: «Zaila egiten zait gaztelaniaz hitz egitea: aditzak nahasi egiten ditut. Orain, ez hainbeste, ari naizelako poliki-poliki ikasten». Hori bai, parean duena euskalduna dela baldin badaki, ez du zalantzarik: «Beste pertsona bat ikusten dudanean, euskaraz baldin badaki, ezin dut gaztelaniaz hitz egin: euskaraz egin behar dut».

Azaldu duenez, jendea harrituta gelditzen da jakiten duenean euskaraz dakiela, eta gaztelaniaz, berriz, ez: «Esaten zidaten nik aldrebes egin nuela, kanpotik etortzen den jendeak normalean gaztelaniaz ikasten duela lehenengo». Asko harritzen dira, gainera, euskaraz hain ongi moldatzen dela ikusita. «Esaten diedanean lehenengo Azkoitian bizi izan nintzela, orduan ulertzen dute zergatik hitz egiten dudan hain ondo euskaraz».

Sadiak argi dauka: hizkuntzaren inguruan egin nahi ditu ikasketak, eta, beraz, baita lan ere. «Euskal filologia ikasi nahi dut, euskara irakasle izan nahi dudalako, eta ezin badut, itzultzaile izan nahiko nuke». Euskal Herrira etorri denez geroztik, euskaraz gain, gaztelania eta ingelesa ikasten ari da: beraz, bizitzaren gorabeherengatik, bost hizkuntza ezagutzeko bidean da. Eta, guztien artean, euskarak bidea egin du Sadiarengan: «Nire hirugarren hizkuntza da, eta asko maite dut euskara».

Thomas O'Callaghan.

«Gaztelania ikasi izan banu, ez nuen euskara ikasiko»

Arantza bat zuen barruan Thomas O'Callaghanek (Belfast, 1966) gaelikoarekin, eta ez zuenez gauza bera gertatzerik nahi Euskal Herrian, lehenengo euskara ikastea erabaki zuen. «Benetan sentitzen dut ondo egin nuela, gaztelania ikasi izan banu, ez nuen euskara ikasiko, gaztelaniaz mundu guztiarekin hitz egin ahal izango nuelako». Harro sentitzen da, beraz, askok esaten diotenean «meritua» duela. Irlandara oporretan joandako antzuolar batzuen bidez jakin zuen Euskal Herriaren berri; Ermukoa (Bizkaia) du bikotekidea, eta han bizi da gaur egun.

Euskalkiko hitzak tartekatzen ditu hitz egitean: «Igual ematen du sekulako maila dudala, baina mordo bat falta zait». Esanak esan, ongi asko moldatzen da O'Callaghan. Euskal Herrira iritsi, eta euskaltegira joan zen zuzenean: «Lau ordu eta erdi egunero, urtebetez: oso gustura egon nintzen. Ez zitzaidan erraza egin, baina oso zaila ere ez». Ez zaio ahaztu zein gogorra egin zitzaion bigarren hiruhilekoa, baina gainerakoan ondo moldatu zen; irakasleak ere «pila bat» lagundu ziola dio.

Horrelakoetan garrantzitsua izan ohi den legez, ingurukoak euskaldunak izateak bidea erraztu zion. «Nire bikotekideak lan egiten du unibertsitatean, ikus-entzunezkoetan, eta euskaraz hitz egiten du; bere bi lehengusina AEK-koak dira, eta familiako guzti-guztiek egiten dute euskaraz». Lanean, nagusiek ez dakite euskaraz, baina gainontzeko lankideek bai. «Nire arduraduna Eibarkoa da [Gipuzkoa], eta euskaraz hitz egiten dugu. Badago beste bat Berrizekoa [Bizkaia], haren familia baserrikoa da, eta oso zaila da hari ulertzea, bizkaiera oso itxia egiten du... Beste batek batuan hitz egiten dit, elkar ulertzen dugu eta ondo pasatzen dugu».

Egindako lagunek eta bikotekideak esanda, ezagutzen zuen euskarak bizi duen egoera. «Ulertu nuenez, gaelikoarekin gertatzen den antzeko zerbait pasatzen da. Hala ere, etorri aurretik banekien arren, gauza bat da pentsatzen duzuna, imajinatzen duzuna, eta beste bat gero sentitzen duzuna bertan zaudenean: pentsatu baino askoz gogorragoa egin zitzaidan». Azaldu duenez, Ermuan gune batzuetan hitz egin daiteke euskaraz, nahiz eta badakien egoera bestelakoa izan zitekeela: «Ermuan, noski, zailagoa da beste herrietan baino».

Gaztelania ere ikasi du, kalean. «Ikasi dut pila bat, eskolarik gabe. Euskararekin ere antzeko gertatu zait: urtebeteko ikastaro trinkoa egin nuen, baina gero kalean ikasi nuen hitz egiten benetan». Azaldu duenez, bere garaian ez zuen aukerarik izan gaelikoa ikasteko: «Hamar bat hitz dakizkit: lagun batzuek ikasi zuten ikasketen ostean, baina nik beti nuen ordutegi arraroa; ez nuen jarraitu, eta sekulako pena ematen dit, sekulakoa». Horregatik, Euskal Herrira etortzean, ez zuen zalantzarik izan: «Hizkuntza bat galdu nuen Irlandan, eta ez nuen nahi hemen gauza bera gertatzerik: euskara ikastea erabaki nuen derrigor». Gaur egun, bere semearen ama hizkuntza da euskara: «Amarekin euskaraz egiten du, nik ingelesez egiten diot, eta hark niri, euskaraz». Kalean egoera barregarriak gertatzen zaizkiela dio, jendea harrituta gelditzen baita elkarrekin hitz egiten entzuten dituztenean: «'Entzun duzu hori?', esaten dute».

Nicolas Bernier-Deslauriers.

«Euskara zaila dela dioen mito hori apurtu behar da»

Euskal Herrian bizi nahi du Nicolas Bernier-Deslauriersek ( Sainte Marcelline de Kildare, Quebec, 1980), baina ez da berak nahi bezain erraza izango: «Quebectarra naiz, baina nazionalitatez kanadarra, eta ez daukagu harremanik Espainiarekin: orain, Eusko Jaurlaritzaren programa baten bidez ari naiz lanean, frantses irakurle gisa». Maiatzaren amaieran bukatuko da programa hori, eta gero, ziurrenik, itzuli egin beharko du: «Beste zerbait bilatzen ari naiz, zeren oso gustura nago hemen».

Etenekin bada ere, urte batzuk daramatza Euskal Herrian Bernier-Deslauriersek. Montrealen unibertsitatean zegoela ezagututako bi euskaldunen bidez jakin zuen Euskal Herriaz: jakin-mina piztu zitzaion, eta huraxe izan zen guztiaren hasiera. «2004an, oporretan etorri nintzen: bi astez egon nintzen barnetegian, Zornotzan [Bizkaia], eta beste bi aste eman nituen lagunekin Euskal Herria ezagutzen». Barnetegiari esker, euskara ikastea «oso naturala» izan zela dio: «Ez duzu gramatika hutsa ikasten: lagunekin zaude, eta haiekin komunikatzen zara... Oso naturala izan zen, giroari esker».

Euskararekin maitemindu egin zela dio, eta bizitza «guztiz aldatu» diola. Euskaraz jakiteak harreman hurbilagoak egiten lagundu dio Bernier-Deslauriersi. «Jendea harritu egiten da, eta hori ere tresna bat da jendea ezagutzeko eta elkarrizketak edukitzeko: askotan esaten didate oso zaila dela euskara ikastea, eta ni neure ikuspuntua ematen saiatzen naiz: nire ustez, mito hori apurtu behar da». Lehengusina batekin Irlandara joan zeneko pasarte bat gogoratu du: «Tour bat egiten ari ginen autoz, eta herri txiki batera iritsi ginen: ostatu bat baino ez zegoen, eta ez zegoen inor; beste bikote bat, baina ez langilerik. Eta bikote hori euskalduna zen: entzun nituen euskaraz hitz egiten, eta haiengana hurbildu nintzen. Azkenean, joan ginen elkarrekin garagardo batzuk edatera, eta sortu zen halako hurbiltasun bat gure artean».

Lagun batek Facebooken jarritako bideo bat gogoratu du: «Tipo batek esaten zuen euskara behiei hitz egiteko zela, eta ez da egia: edozer egin dezakezu euskaraz». Bernier-Deslauriesi, esaterako, euskarak «beste mundu bat ezagutzen» lagundu dio: «Euskararekin batera beste literatura eta beste kultura berri bat ezagutu ditut, eta hori polita da: nire idazlerik gustukoenak euskaldunak dira». Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia aipatu ditu, eta uste du «pena» dela Euskal Herritik kanpo hain ezagunak ez izatea.

Euskara ikasi zuen gaztelania baino lehenago, eta, gaztelaniaren kasuan ere, nahiko erraz ikasi zuela dio, frantsesaren «nahiko antzekoa» delako: «Baina nik, ahal dela, euskara erabiltzen dut, edo nahasmen bat, hori gertatzen baita Gasteizen». Irakurle izateaz gainera, Hala Bedi-n dabil What the Basque saioan: «Hemengo kultura zabaltzea inportantea da niretzat».

BERRIAn argitaratua (2018/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA