astekaria 2018/03/09
arrowItzuli

ekonomia

«Beldurra Afrikan utzi genuen»

Xabier Martin

«Beldurra Afrikan utzi genuen»

Hau ez da immigrazioari buruzko istorio bat. Ez da nor bere bizitza hobetzeari buruzkoa ere. Lerro hauen funtsa lan borroka bat da, baina Afrikatik Euskal Herrira bizitza hobearen bila etortzearen arantzak ere jasotzen ditu; ezin zen bestela izan. Matienako (Abadiño, Bizkaia) Fundiciones Ur Artea enpresako langile talde bat greba mugagabean dago; hiru aste bete dituzte lanuztean, eta ez dira eskatzen ari enpresa itunak soldata igoera nabarmenak jasotzea, ezta 35 orduko lanaldia ere. Enpresako hitzarmen bat beharko lukete, hasteko, eta nahikoa izerdi eta malko isurarazi die hauteskunde sindikalak egin eta ordezkari bat izendatzeak.

Elhaddi Thior (Senegal, 1990), Haraba Konate (Mali, 1987) eta Idrassa Thior (Senegal, 1974) dira argazkikoak; beren lan eskubideen alde planto egin dutela dioen pankartari eusten diote egunero azken hiru asteotan. Afrikako etorkinak dira, eta ez dute beldu- rrik. «Hamar ordu egiten ditugu lan egunero, astelehenik ostiralera. Horrela agintzen digu nagusiak, eta ostiralean esaten digu larunbatean edo igandean edota bietan joan behar dugun beharrera», azaldu du Haraba Konatek.

Hura da ELA sindikatuan izena eman, eta sindikatuko aholkulariak enpresara eraman zituena, lankideei informazioa ematera. Lehenik eta behin hauteskunde sindikalak egin, eta langileei dagokien ordezkaria izendatzea izan zen: Konate bera izendatu zuten. Prozesuak ez zuen harrera ona izan Matienako galdategi txikiko nagusien artean. Bi behargin kaleratu zituzten hura guztia gertatzen ari zela. «Abisu argi bat izan da», esplikatu du Konatek; «bakarrik lan baldintzei buruz hitz egin nahi dugu, ordu estrak kobratu nahi ditugu, eta asteburuan jai edo lan egin behar dugun aldez aurretik jakin, gure bizitza antolatu ahal izateko».

Nortasun agiriak mahaira

Baina «ezin da» erantzun zieten, «besterik gabe», eta otsailaren 12an greba mugagabea abiarazi zuten. Afrikatik etorritako zazpi behargin zeuden lantaldean, urte hasieran; bi kaleratu dituzte, beste bik -aita-semeak nahiago izan dute grebari bizkarra eman. «Semeari debekatu egin dio aitak», dio Konate maliarrak. Eta erantsi du grebalariek ez dutela beldurrik, badakitela lanpostua jokoan dutela: «Beldurra atzean utzi dugu, Afrikan; familia jaioterrian utzi genuenean pasatu genuen beldur guztia, Europarako bidea hasi genuenean. Prest gaude datorrenari aurre egiteko».

Haraba Konate 2007an iritsi zen Bilbora Tunisiatik. Urteak egin zituen ikasten, eta «paper guztiak» lortu zituen. Iurretan bizi da egun, eta kontratu mugagabea dauka Fundiciones Ur Artean. Idrassa Thior arrantzontzi batean iritsi zen Euskal Herrira, Huelvatik (Espainia). Arrantzale gisa aritu zen senegaldarra han, baina Bilbon gelditzea erabaki zuen bere ontzia hona etorri zenean konponketa batzuk egitera, 2006an. Hark ere kontratu mugagabea dauka Matienako galdategian. Elhaddi Thior da gazteena; obra kontratuarekin dago. «Hori ere iruzurra da», dio Jon Iñaki Etxebarria ELAko sektoreko arduradunak. Thiorrek Marokorako bidea egin zuen gazterik Senegaldik, eta txalupan gurutzatu zuen Tarifara (Cadiz, Espainia); handik Bilbora joan zen, 2011n. Gaur egun Markinan bizi da.

Elkarrizketa hasi, eta izenak galdetu bezain laster Espainiako nortasuna agiria atera dute patrikatik, sarritan egindako koreografia baten moduan edo. «Enpresak irabaziak dauzka; azken urtean 40.000 euroren mozkinak izan dituela onartu du», dio Etxebarriak; «eta lan baldintzak hobetu ditzake lasai asko». Enpresa hitzarmen baten bila dabiltza horretarako beharginak, «gutxieneko batzuk ezar daitezen».

Baina negoziazioak ez doaz bide onetik; apenas batzartu diren aldeak. Eta ELAk salatu duenez, grebalariak ordezkatu dituzte bi langile kontratatuz. «Errumaniako bi behargin hartu dituzte orain, eta Lan Ikuskaritzan salatu dugu hori, legearen aurkakoa delako». ELAko kideak dio akordio bat nahiko luketela beste ezeren aurretik, «isunak edo zigorrak iritsi aurretik, alegia». «Guk akordioa nahi dugu», azpimarratu du Haraba Konatek; «kontua da enpresak ez duela gurekin elkartu nahi ere», jarraitu du maliarrak.

Erresistentzia kutxari esker

Enpresaren atea itxi egin da bat-batean kanpoaldean mugimendua dagoela sumatu dutenean. Ez, ez dago negoziazio girorik Matienako enpresan. Gaur bertan bilera bat egitekoak dira, baina eszeptiko samar dabil ELAko ordezkaria. Badaki luze jo dezakeela grebak, baina hiru grebalariak ELAko afiliatuak dira, eta erresistentzia kutxatik ordainketak jasotzen hasi dira. «Beste edozein lan gatazka bezala, honek ere ez luke luze joko ez balego atzean erresistentzia kutxa baten sostengua», onartu du Jon Iñaki Etxebarriak.

Eta gero harreman pertsonalen galera dago. Haietan ere badu eragina lan borroka honek. Planto egin ala betiko lan baldintzak jasaten jarraitu. Ez da hautu erraza, eta senegaldar bik beharrean jarraitzea erabaki dute. «Semea gurekin zegoen, ELAn izena emanda eta guzti, baina aitak behartu du posizioa aldatzera, aita nagusien gertukoa delako», dio Haraba Konatek. «Banan-banan negoziatzen dute gurekin, ez batera; ez dakigu ondoan aritzen denak zenbat jasotzen duen. Ez dutelako gurekin denekin batera negoziatu nahi izan gaude hemen, hain zuzen», dio Konatek.

ELAko ordezkariak hitz egiten du sarrien; beste biek baietz esaten dute buruarekin, ados daudela tinko eustearekin. «Prekaritatean oinarrituta lortzen ditu irabaziak jabeak; Afrikatik etorritakoak eta Errumaniakoak kontratatu ditu eredu hori are modu errazagoan gauzatzeko», dio Etxebarriak. «Arduragabe batzuk dira».

 

BERRIAn argitaratua (2018/03/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA