astekaria 2018/03/09
arrowItzuli

iritzia

Baloia, munduaren metafora biribil hori

Anjel Lertxundi

Baloia, munduaren metafora biribil hori Anjel Lertxundi

Ez naiz tontoa.

Mundua biribila da, futboleko baloia ere halaxe. Munduaren motorrak, kapitala, negozioa, jabetza; horiexek baloia jirarazten dutenak ere. Estatuetan banatua dago munduaren atlasa; klubetan, aldiz, futbolaren mapa, klubek gehienetan atxikimendu sentimental estuagoa lortzen dutelarik selekzio estatalek baino. Esku batez bultzatu eta beste eskuaz disimulatu, kapitalismoaren eskutik dator indarkeria, futbolak eragiten duena barne. Eta, jakina, mundua arra da, maskulinitatearen kontrolpean funtzionatzen du, arrak ditu ereduak, eta arrena da baloiaren inperioa ere: munduan handia bada soldaten aldea sexu batetik bestera, futbolean sekulakoa da zanga…

Artikulu honetarako nota batzuk hartzen harrapatu ninduten orain hamar bat egun San Mames inguruko liskarrek. Arrak ziren bertako tribalismoa eta indarkeria; maskulinitatearen baitakoak ziren liskarraren formak, oihuak, liturgia; ar usaina zerion hooliganen arteko talkari, arra zen poliziaren jazarra. Iñigo Martinezen fitxaketa-inguruko kontsiderazio batzuk taxutu nahian nenbilen ni, baina ez nituen berritu nahi fitxaketak harrotutako hautsak —diruaren munta eta distira, enegarren traizioak zaharberritutako probintzien arteko bekaitza, Martinezek erabili zuen euskara...—. Ikusiz Martinezi eskainitako dirutzaren kritikek zale askoren «ni ez naiz tontoa» efektua aktibatu zutela enegarren aldiz, zaleengan jarri nahi nuen arreta. Tontoa huke halako pagotxa bati uko egitea, esaten zuen zale askok sare sozialetan, aitortuz berek ere Martinezen lekuan... Leialtasunak, pertenentziak eta pertinentziak, duintasunak, lagunek, kirolari-karrerak, ordu arteko zaleen fideltasunak ez zuten tokirik diskurtsoan... «Ni ez naiz tontoa» efektuak abolitu egiten zuen dirua ez zen beste guztia, leialtasunak-eta ez zuten txintxinaren baliorik, diruaren aldeko musikan ez zen entzuten kopla zaharreko atsegina besterik: diruaren hotsak ematen du, maitea, bihotzean poza.

Ez, ez gara tontoak. Media Markt enpresak bazekien zertan ari zen eslogan famatua asmatu zuenean. Ez zaigu tonto gisa geratzea gustatzen, zer ez genuke egingo barregarri ez geratzeagatik, inork ez dezala babalore bat naizenik esan...

Eta ez, agian ez gara batere tontoak izango, baina futbolak, zaleen estresak eta letxe txarrak arintzeaz gainera, etengabe eramaten gaitu kapitalismo gordinenaren tranpara: hainbat jokalariri emandako pagotxak normaltzat jota, uste baino hurbilago gaude negozio-munduko mega-pagotxak justifikatzetik (ala, apika, kasualitate hutsa da negozio-jendea egotea klub gehien-gehienen erpinean eta VIPen tribunetan?).

Etekinaren izurritea.

Baina gaurko gizartean bada oraindik ere diruaren aberritik ihes egin eta bokazioari eusten dion maisu-maistra edo erizainik, balio sozialak diruaren gainetik jartzen dituenik, diruaren txintxin-hotsak eman ezin duen poz-klasea sentitzen duenik Txernobylgo haur sahariatar bat errezibituz uda oro, errefuxiatu bati etxeko atea zabalduz, edo, besterik gabe, autoa edo etxea edo obraren bat diru garbian —beza eta guzti!— ordainduz, nahiz jende askok tonto/tuntun usaina hartzen dion ondradu jokatzeari...

Eskuzabaltasuna, duintasuna, jakinmina, artea, kultura, herrigintza, diruarekin neurtzen ez diren balioak, diruaren logikarik gabeko gauza askoren utilitatea, ondo jokatu izanaren poza beste atseginik ematen ez duen aktibitate oro... Baina hitzak ederrak, bihotza faltsu: gaur —are gehiago krisiaren ostean— irizpide ekonomikoa da nagusi, etekin ekonomikoen arabera neurtzen dira —espektatiba sozial, kultural eta formatiboen guztiz gainetik— karrerak, telebista, museoak, iniziatiba kulturalak... Filosofia bezalako jarduera humanistak ia desagertu dira unibertsitatearen hezurduratik, ikasleen formazioan etorkizun ekonomikoaren ikuspegia da nagusi...

Zein digestiboa gure diskurtso kulturalaren flakia etekin ekonomikoen izurriarentzat!

2005. urtean gaude, Eibarreko Ipurua futbol zelaian. David Silva futbolaria atezainaren aurrean dago, bakarrik, baina ohartu da bera zaindu behar zuen defentsa lurrean dagoela, minez. Baloia kanpora jaurti eta kontrarioari laguntzera joan da Silva. Partida galduko dute. Aste batzuk geroago, Eibarrek hiru punturengatik ez du lehen maila lortuko.

Silvak monumentu bat merezi zuela esan zuen Mendilibarrek —orduan ere Eibar taldeko entrenatzailea zen—. Hamahiru urte pasatu dira ordutik, ez da denbora asko, baina gero eta garestiagoa ateratzen ari da duintasunari eustea. Zelaietan ikusten dugu.

Agian inoiz baino beharrezkoagoa zaigu ipuin tradizionaletara jotzea arimako zein habe usteltzen ari zaigun ulertzeko: urrea obratzen omen zuen asto bat saldu zioten aberats-ametsetan bizi zen astazain bati; astazainak oraindik astoaren popari begira behar du... Eta ahozko tradiziotik idatzizkora txango eginez, Tomas Mororen Utopia irlan jendeak orinalak egiteko baliatzen du urrea.

Txalorik ez, arren! Joan Mari Irigoien ikusi berri dugu prentsan futbolaren munduan ugari dituen lagunen omenaldia jasotzen. Oso jokalari ona omen zetorren, Sansen ikusten zuten zaleek gogotik jarduten dute oraindik ere haren korrikaldi biziez, filigrana hutsak omen ziren haren driblingak. Etorkizun oparoa zuen, teknikariek oniritzia emana zuten lehen mailara igo zedin. Irigoienek, ordea, gehiegikeria irizten zion zaleen hainbeste txalori. Ezin zuen ulertu —pentsatzen dut nik— nola jokaldi batek eragin zezakeen kar beroagoa poema eder batek baino, non?, eta loreei ernaltzen lagatzen ez dien belardi zaindu-zaindu baten erdian. Hartan, ordea, Irigoienek ez egoteko bere zain, Venezuelara zihoala, zeregin gehiago zeukala han-hemengo giza zelaietan futbolarenetan baino. Imajinazioaren eta sentimenduen zelaietan ikusten zuela bere etorkizuna. Kito. Aio kirol-etorkizun oparoa eta dirua eskaintzen zizkion bideari.

Irigoienenak ez ziren diruaren parametroak. Txintxinaren parametroetatik begiratuta, euskarak jai luke. Etekin ekonomikoengatik balitz, euskal profesionalek kazetariek, aktoreek, idazleek... jai lukete. Euskalgintzak berak ere jai luke. Eta irakurleak ez zukeen berripaper hau eskuetan izango Irigoienen-eta berri emanez.

BERRIAn argitaratua (2018/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA